14 eta 18 urte bitarteko gazteen Inauterietako jai eredua aztertuko du aurten Nerabeen Foroak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/11/18 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Inauterietako egitarauan nerabeentzako eskaintza indartzeko proposamen eta ideiak jasotzea da prozesuaren helburu nagusienetako bat.
  • Hiru ikastetxeetako DBH 3. mailatik batxilergoko 2. mailara arteko 652 ikaslek galdetegi bat erantzun eta proposamenak egiteko aukera izan dute; zozketa zibikoz aukeratutako 40 ikaslek landuko dituzte orain ideia horiek.

 

Gazteen parte hartzea sustatzen jarraituko du Tolosako Udalak aurten ere. Nerabeen Foroa osatuko duten gazteak aukeratzeko prozesua abian da, eta azaroa amaitzerako izendatuko dira parte hartzaileak. Landuko duten gaia ere definitu dute udalak eta ikastetxeek: iaz herriko aisialdi aukera izan zuten hizpide; aurten inauterietako jai ereduaz hausnartuko dute.

Inauterietan nerabeei zuzendutako ekintza eta programa gabeziari soluzioak planteatzea da prozesuaren erronka eta helburu nagusienetako bat: jai ereduari dagozkion nerabeen nahiak nerabeengaandik asetzea, alegia. Inauterien iazko balorazio bileran eta online zabaldutako inkestan ondorioztatu zen behar hori, hain justu.

«Adin tarte horretako gazte askorentzat aukera nagusiena plataforma batekin konpartsa bat osatzea izaten da. Azken urteotan, ordea, eredu horren inguruko kezka hedatu da guraso, ikastetxe baita udal barnean ere. Gai benetan arantzatsua da, nerabeek ere beren lekua behar dutelako festan; nolakotasunean dago gakoa. Gazteei zuzendutako ekitaldiak antolatu izan dira udaletik azken urteotan, eta bide horretan sakondu nahi dugu gazteekin batera», azaldu dute Goiuri Ezeiza eta Aitzol Gartzia zinegotziek.

Lanketa abiatu da jada: Orixe Institutuko, Herrikide Ikastetxeko eta Laskorain Ikastolako 14 eta 18 urte bitarteko 652 ikaslek –DBH 3 eta 4, Batxilergoa 1 eta 2– galdetegi bat erantzun dute asteotan, Inauterien bueltan dituzten behar eta nahiak zeintzuk diren ezagutzeko. Aurrera begirako proposamenak egiteko aukera ere izan dute. 

Galdetegia erantzuterakoan 113 gaztek azaldu dute proposamenak lantzeko taldean aritzeko borondatea. Horien artean zozketa zibiko bat egingo da orain, 40 laguneko talde bat osatu eta proposamen horien lanketa sakonagoa egiteko. Lau saio izango ditu prozesuak eta, besteak beste, ideazio dinamikekin ideiak gehiago garatuko dituzte. Abenduan hasiko da deliberazio fase hori.

Urtea amaitzerako aurkeztuko dizkio proposamen landuak Nerabeen Foroak udalari. Guztia koordinazio mahaian aztertuko da gero, aurtengo jaiei begira batzuk pixkanaka txertatzen hasteko: «Helburua, Inauterietako Nerabeen Jai Programa osatzea da. Epe luzeko begirada behar duen lanketa da, ez da dena egun batetik bestera lortuko. Baina honakoa abiapuntua izatea nahiko genuke», gehitu dute udal ordezkariek.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA