15 eta 18 urte bitarteko nerabeentzako auzolandegi itxien plaza kopurua handituko da

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/05/12 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • 8 eguneko egonaldia egingo dute Gorlizen, eta auzolanarekin eta aisiarekin lotutako ekintzak uztartuko dituzte.

  • Dagoeneko zabalik dago aurretiaz izena emateko epea, eta hilaren 22ra arte izango da horretarako aukera.
     

Iazko arrakasta ikusita, bigarren urtez antolatuko ditu Tolosako Udalak 15 eta 18 urte bitarteko nerabeentzako udako auzolandegiak. Aurtengoan, baina, plaza kopurua handituko da, baita egonaldiaren iraupena ere. Kokalekua ere ezberdina izango da.

Zortzi eguneko egonaldia egingo dute Gorlizen, ekainaren 29tik uztailaren 6ra. Izaera itxikoak dira; hau da, bertan igaroko dituzte gauak, zazpi guztira. Gorlizko kanpinean hartuko dute ostatu, eta bertan egingo dituzte otorduak.

Auzolana eta aisia uztartuko dituzte, eta elkartasuna, konpromisoa eta ingurumenaren zaintza bezalako balioak jorratuko dituzte. Goizetan egingo dute auzolana, hainbat eratara: muralen margoketa lanak, baratzeko landaketa eta zainketa lanak, edota Plentziako badiako zaborraren garbiketa, kayaketan. Bestelako ekintzak ere egingo dituzte: Gorliz eta Plentziako hondartzetan jolasak, Itsas museora bisita, Surf ikastaroa, edota Bilbo eta Armintzara irteerak. Iluntzeetan, berriz, jolasak, txapelketak edota karaokea egingo dituzte.

Izen-ematea, maiatzaren 22ra arte

Udalekuekin egin moduan, bi urratsetan egingo da izen-ematea. Aurretiko izen-emate sinplea maiatzaren 12tik 22ra bitarte egin ahal izango da, izenematea.tolosa.eus webgunearen bidez, inolako dokumentaziorik aurkeztu behar izan gabe. 

Plaza kopurua baino izen-emate eskaera gehiago baleude, zozketa bidez esleituko dira hilaren 23an. Leku guztien esleipena eginda, plaza lortu duten horiek bakarrik egin beharko dute behin-betiko izen-ematea UDATEn edo egoitza elektronikoan maiatzaren 26tik 30era; eta, orduan bai, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Egonaldiaren prezio publikoa 120 eurokoa da pertsonako.

Zalantzak argitzeko, edo izen emate prozesuan laguntzeko, Gazteria Sailarekin harremanetan jarri beharko da, 688 740 164 telefono zenbakira deituta edo gazteria@tolosa.eus helbidera idatzita. Izena ematen duten gazteen gurasoekin bilera informatiboa egingo da aurrerago.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA