20 kultur emanaldi, urtarriletik ekainera bitarte

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/12/04 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Eszena bonuen salmentak lehentasuna izango du abenduaren 4tik 9ra bitarte; abenduaren 10etik aurrera erosi ahal izango dira sarrerak bakarka.

  • Bonuak 7 ikuskizunetarako sarrera bana eskuratzeko aukera emango du, 30 euroren truke.

 

Urtarriletik ekainera bitarteko kultur eskaintzaren berri eman du Tolosako Udalak. Diziplina anitzeko 20 emanaldi biltzen ditu egitarauak, haur, gazte edota helduentzat. Ziklo berria urtarrilaren 10ean hasiko da eta ekainaren 7an amaitu. 

Sarreren salmentan bada nobedade esanguratsu bat, epeei dagokionean: Eszena Bonuek lehentasuna izango dute. Hau da, abenduaren 9a bitarte bonua erosi dutenek soilik izango dute ikuskizun horietarako sarrerak eskuratzeko aukera. Hilaren 10ean aktibatuko da sarrerak bakarka erosteko aukera, 12:00etatik aurrera. 

Leidor Aretoko sarrerak https://leidorantzokia.janto.es/ webgunean izango dira salgai; Topic aretoko ikuskizunetarako sarrerak, berriz, https://topic.eus/ atarian. Bi aretoetako leihatiletan ere eskuratu ahal izango dira, beren ohiko ordutegietan.

7 ikuskizuneko Eszena bonua: nola erosi eta nola erabili

Zazpi ikuskizunetarako sarrera bana eskuratzeko aukera emango du Eszena Bonuak, 30 euroren truke (horietako bakoitzerako sarrerak banaka hartuta, 65 euro ordainduko lirateke). Hauek dira emanaldiak: Miñan antzezlana, Sol Band talde palestinarraren kontzertua, Amak antzezlana, Haatik Dantza Konpainiaren OTS ikuskizuna, Kamikaz Kolektiboaren Renata, Musikeneko Big Band-aren kontzertua, eta Osa-Mujikaren Lana ikuskizuna.

Gogoan izan, behin bonua eskuratuta, ikuskizun horietako bakoitzarentzako sarrera hartu beharko dela banan-bana, ikuskizun eta pertsonako bana. Ez da, ordea, ordainketa egin beharko. Bonuak berak dakarren kodea sartu beharko da. Hau egitea nahitaezkoa da, sarrerarik gabe bonuak bere horretan ez baitu baliorik. Prozesu hori bonua erosi eta segidan egitea gomendatzen da, eserlekuak aukeratzerako garaian lehentasuna izateko. Leidorreko leihatilan ere hartu ahal izango dira sarrera horiek. 

Zine proiekzioetarako 2025eko bonuak ere salgai daude jada. Hiru aukera daude: 10 saio, 20 saio edo 30 saiotarako sarrerak eskaintzen dituztenak. Kasu honetan, pelikula bakoitzeko bi sarrera erretiratu ahal izango dira bonuarekin. Urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arteko balioa izango dute. Bide batez, gogorarazten da 2024ko bonuak urtea amaitu baino lehen erabili beharko direla. Hau da, ez dute baliorik izango urtarrilaren 1etik aurrerako saioetarako.

 

Egitaraua


Almacenados - Txalo Produkzioak | Antzerkia
Urtarrilak 10 | 20:00 | Leidor | Gaztelera

David Desola kataluniarraren obrak lanaren eta kapitalismoaren inguruan hausnartzen du. Jatorrizko lanak 2003an Machado Anaiak Saria jaso zuen. Iker Galartza tolosarrak eta Zuhaitz Gurrutxagak interpretatuko dute. Biltegi batean topo egiten duen talde bateko kideen arteko interakzioak ditu oinarrian: harremanei, gatazka interpertsonalei eta elkarrekin lan egitean sortzen diren emozio konplexuei buruzko azterketa egiten du.


Goazen | Musikala
Urtarrilak 11 | 12:00 eta 16:00 | Leidor | Euskara

‘Goazen’ gazteentzako euskarazko musika-ikuskizuna da. Ikasle-talde baten historia kontatzen du, egonaldi batean zehar gazteek dituzten erronka eta abenturetatik abiatuta. Musikalak laguntasuna, maitasuna, oztopoak gainditzeko desira eta garapen pertsonala bezalako gaiak jorratzen ditu.

 

Oscarra Oscarrentzat - Ein produkzioak | Antzerkia

Urtarrilak 17 | 20:00 | Leidor | Euskara

Motel batean garatzen den komedia bat da. Óscar Manzano, Oscar sarietarako izendatutako zuzendari gazteak, gau ikaragarri bat bizi du. Elkarren artean ezin ikusia duten bi ministro eta escort misteriotsu batekin batera, zeremoniaren aurretik eta ondoren bizitakoak islatzen ditu obrak. Ametsak eta haiek betetzeko atzean utzi beharrekoen inguruko hausnarketa egiten du. Mario Hernandezek idatzi eta zuzendutako lana da, eta Mikel Laskurain, Jon Plazaola, Oihana Maritorena eta Ane Gabarain dira aktoreak.

 

Ataria bertso jaialdia | Bertsolaritza
Urtarrilak 18 | 18:00 | Leidor | Euskara

Tolosaldeko Ataria komunikabideak urtero antolatzen duen bertsolaritza jaialdia. Sei bertsolarik parte hartuko dute. Aurrerago emango dira ikuskizunaren inguruko xehetasun guztiak.

 

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa: Eduardo Mocoroa | Musika
Urtarrilak 31 | 20:00 | Leidor

Arakil Fundazioak Eduardo Mocoroa musikari tolosarra omenduko du Euskadiko Orkestrarekin batera antolatutako kontzertuan. Euskal ondarearen altxor handienetako bat omentzeko kontzertu berezia izango da. Mocoroa konpositore eta musika maisuaren errepertorioa lehen aldiz moldatuko baitu orkestrak. 

 

Ni Ni Ni - Antton Telleria | Bakarrizketa
Otsailak 7 | 19:00 | Leidor | Euskara

Antton Telleriaren bigarren komedia ikuskizuna da, umorea eta zintzotasuna uztartzen dituen bidaia bat. Egolatriari eginiko oda bat da, Anttonek bere buruaz hitz egingo baitu etengabe, baina baita zintzotasun ariketa bat ere: Ikuskizun honetan Antton biluztu egingo da. Metaforikoki eta metaforikoki soilik, denon hobebeharrez. Hitz egingo digu bere buruarekin duen harremanaz, bere izenaz, bere bikotekideaz, komikoa izateaz eta bertsolaria ez izateaz.

 

Miñan - Artedrama | Antzerkia

Otsailak 14 | 20:00 | Leidor | Euskara

Ibrahima Balderen kronika emotiboa da, Guineako gazteak bere anaia txikiaren bila Europan barrena egiten duen bidaia arriskutsuaren ingurukoa. Bide horretan, basamortuari, poliziari, bahitzaileei eta muturreko miseriari egin beharko die aurre. Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek berak sortutako istorioa da, Artedramak antzerkirako egokitutakoa. Ander Lipus, Sambou Diaby, Eihara Fernández de Larrea eta Mikel Kaye dira aktoreak.

 

Sold Band | Musika
Martxoak 7 | 20:00 | Leidor

2012an Gazan sortutako taldea da. Itxaropen eta erresistentzia mezua zabaltzeko palestinar folk eta pop garaikidea uztartzen ditu. Nazioarteko jaialdietan parte hartu izan dute. 2023ko urrian izan ziren erasoen ondoren, bonbardaketa bete-betean, grabaketekin jarraitu zuten.  2024an Gazatik irten eta, urtarriletik aurrera, nazioarteko bira bat abiatu dute, Palestinako egoera ikusgarri egin eta bertako kultura hedatzeko helburuarekin.

 

Ura gara-bidean - Sagel taldea | Musika eta dantza
Martxoak 14 | 20:00 | Leidor

Tradizioa gara ala tradizioak definitzen gaitu? SAGELek bere lehen ikuskizuna aurkezten du. Ura metafora bezala erabiliz, Sakabi, Gelatxo eta Elgeta trikitilariei omenaldi bat da ikuskizuna, euren kantu eta piezak gaurko musika moldeetara ekartzen dituena. Izaro Markotegi abeslaria, Andoitz Antzizar trikitilaria eta Iñaki Letamendia perkusio jole tolosarra izango dira oholtzan.

 

Amak - Ein produkzioak | Antzerkia
Martxoak 21 | 20:00 | Leidor | Euskara

Amak komedia, ikastola bateko itxaron gelan atera ezinik gelditzen diren 4 emakumeren arteko istorio desesperagarria da. Egoera larri honek, mugarik gabeko ezusteko terapia batera eramango ditu, bertan amatasunaren alde on eta txarrak ateratzen joango dira. Iraitz Lizarraga, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Intza Alkain izango dira interpreteak.

 

OTS - Haatik Dantza Konpainia | Dantza
Martxoak 28 | 20:00 | Leidor

‘Herri Gogoa’ Euskal Herriko lehen zigilu diskografikoaren mugimendu kultural abangoardista berrinterpretatzeko bultzada gisa sortzen da. Zentsura zela eta, zigilu hori inoiz ofizialki existitu ez bazen ere, 200 diskotik gora argitaratzea lortu zuen. Jone San Martin nazioarteko ospea duen dantzari eta sortzaile donostiarrak sortutako koreografia garaikideek, mugimendu hark herri-kontzientzia bultzatzeko izan zuen garrantzia islatzea du helburu. 

 

Ostirala iritsi da! - Pirritx, Porrotx eta Marimotots | Haur-ikuskizuna
Martxoak 29 | 11:30 eta 16:00 | Leidor | Euskara

Katxiporretako pailazoen ikuskizun berria da, ‘Txapasen kaxa magikoa’ liburu eta diskoan oinarrituta. Txapas eta Imanol Urbietaren abestiekin, obra honek dibertsioa eta magia miresten ditu, familiei barre, jolas eta sorpresaz betetako abenturak bizitzera gonbidatuz.

 

Renata - Kamikaz Taldea | Antzerkia
Apirilak 4 | 20:00 | Leidor | Euskara

Renataren istorioa kontatzen du, behin eta berriz hil eta berpizten den emakumearen kasua. Bizitzaren eta heriotzaren ziklo batean harrapatuta, misio bizigarrri bat bete nahian dabil: sistemaren aurkako borroka bat abiatzen du, nola bizi ahaztu duen gizarte bat esnatu nahian. 

 

Tolosako Udal Musika Banda | Musika
Apirilak 11 | Ordua zehazteke | Topic

Emanaldi berezia eskaintzen du Udal Musika Bandak data hauen bueltan. Azken urteotan, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin edota eskualdeko zenbait abeslarirekin kolaborazio berezi batzuk egin izan dituzte, baita soinu banda klasikoenen bildumak eskaini ere. Aurtengoaren xehetasunak aurrerago jakinaraziko ditu bandak.

 

Luis Zahera | Bakarrizketa
Apirilak 30 | 20:30 | Leidor | Gaztelera

Chungo izeneko emanaldiarekin Luis Zaherak Luis Zahera bera barregarri utziko du. Bere bizitza pertsonal zein profesionaleko pasadizo ugari azaleratzen ditu bakarrizketan zehar, eta guztia umorez eta farandularen mundu zorotik. Zahera aktore ibilbideagatik da ezaguna, besteak beste, Celda 211, As bestas edo El Reino filmetan, edota El hijo de Caín, Vivir sin permiso, Mareas Vivas edo Entrevías telesailetan pertsonaia ilunak interpretatzeko izan duen gaitasun eta arrakastagatik.

 

Musikene Big Band | Musika
Maiatzak 9 | 20:00 | Leidor

Musikene goi mailako musika zentroko ikasleek osatutako musika taldea da, jazz estiloko ikasleek osatutakoa. Ikasturte amaierako emanaldia eskainiko dute.

 

Arizona - Txalo produkzioak | Antzerkia
Maiatzak 16 | 20:00 | Leidor | Euskara

Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak interpretatutako obra da. Argudio sinple batekin, AEBk Mexikorekin duen mugara doazen bi gringo, Arizonako estatuan, bere aberria balizko arrotzengandik defendatzeko eta «mugei buruz hausnartzeko», egileak hutsunezko mundu bat asmatzen du, herrialdeen eta gizakien arteko inkomunikaziozkoa, egunero aduana intelektualekin asmatzen dugun absurduaren frisoa.

 

Lana - Osa Mujika | Dantza
Maiatzak 23 | 20:00 | Leidor

LANA ikuskizunak lanean aritzeko kulturaren obsesiboa aztertzen du, zergatik jarraitzen dugun astean 40 ordu baino gehiago lan egiten galdetuz. Gizartea lan-tranpa batean harrapatuta dagola islatzen du, haurtzarotik hasi, eta nekatu arte.

 

Don Inorrez | Musika
Maiatzak 30 | 20:00 | Topic

2025eko urtarrilean plazaratuko den Aztia lan berriaren aurkezpena. Kontzertu dramatizatua izango da lan berria, eta horretarako, Imanol Ubedak eta Karlos Arancegui tolosarrek ahots, gitarra eta perkusioak zutikako formatura eramango dituzte. Oier Guillanek dramatizatuko du antzerki bakarrizketa ahotsez, eta proiektura butoh dantza ekarriko duen aktorea batuko zaie,

Ainhoa Alberdi, besteek kantatutakoa gorpuzteko asmoz.

 

Dantza tailerreko taldeen jaialdia | Dantza
Ekainak 7 | Ordua zehazteke | Leidor

Udaleko dantza-tailerreko ikasleek ikasturtearen amaierako ekitaldia egingo dute.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA