20 musika-talde batuko ditu Musikherriak, kaleko musikaren festak, maiatzaren 31n

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/05/15 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Bazkari herrikoirako txartelak salgai jarriko dira larunbatetik aurrera, Orbela eta Xirimiri tabernetan, eta bildutako dirua Zutani elkarteari emango zaio

  • Demode Quartet eta Kilimak taldeen kontzertuak izango dira gauean.
     

Maiatzaren 31n ospatuko da Musikherria, Tolosako kaleko musikaren eguna. Musika herriko gune askotara eraman ohi duen eguna da, baita herriko musika talde gehienak jai-giroan biltzen dituen festa-eguna ere. 11. edizioa izango du aurten, eta beste behin, berrehundik gora musikari batuko ditu, hogei musika-taldetan banatuta.

Goizetik dultzaina, txistu edo txaranga doinuak entzun ahal izango dira, dianak egingo baitituzte Amarotz, Izaskun, San Esteban, Iurramendi, Iurre, Berazubi eta Arramelen. Eguerditik aurrera, erdigunerantz egingo dute. Alde Zaharrean, berriz, Eduardo Mokoroa eta Isidro Larrañaga musika-eskoletako ikasleak, Udaberri Fanfarrea, Konponezinak txaranga, Uztaritzeko Herri Soinua Elkarteko musikariak eta Tolosa Kantari arituko dira.

Beste bi gunetan, geldikako kontzertuak entzuteko aukera izango da 12:00etatik aurrera: Plaza Berrian eta Lopez-Mendizabal pasealekuan. Lehen kokalekuan, abesbatzak, klarinete-taldea eta akordeoi-orkestra; bigarrenean, berriz, estilo ezberdinetako lau musika-talde.

Urtero bezala, parte hartzaile guztien arteko bazkaria egingo da Zerkausian, baina edonork izango du bertaratzeko aukera, txartela erosita. Xirimiri eta Orbela tabernetan jarriko dira salgai larunbatetik aurrera, 15 euroko salneurrian –haurren txartelek 10 euro–. Irabaziak Zutani elkarteari emango zaizkio.

Arratsaldea Jarauta 69 txaranga iruindar ezagunak girotuko du. Eta gauean, berriz, bi kontzertu izango dira, Plaza Berrian. Lehenengo, Demode Quartet, a capella abesten duen laukotea arituko da. Ahotsaren bitartez, musika-estilo ugari uztartzen dituzte, umorea ere erabilita. Ondoren, Kilimak taldea igoko da oholtzara; runba musika egiten du, euskaraz.

 

MUSIKHERRIA 2025 – EGITARAUA

10:00 | Arramele, Amarotz, Izaskun, San Esteban, Iurramendi, Iurre eta Berazubi.

Tolosako Dultzaineroak, Giro Arte dultzainero-taldea eta Incansables txaranga.

11:00 | Alde Zaharra
 Eduardo Mokoroa musika-eskolako ikasleak, Udaberri Fanfarrea, Konponezinak txaranga, Isidro Larrañaga musika-eskolako ikasleak, Uztaritzeko Herri Soinua Elkartea, Tolosako Txistulari Taldea.

12:00

  • Alde Zaharra: Tolosa Kantari.

  • Lopez-Mendizabal pasealekua: Garigabeak, The Konbix, Garena, Diversity.

  • Plaza Berria: Hodeiertz abesbatza, Lask abesbatza, Eduardo Mokoroa udal musika-eskolako klarinete-taldea, Isidro Larrañaga akordeoi-orkestra.

14:30 | Zerkausia
 Bazkaria, Laskorain Ikastolak prestatuta. Irabaziak, Tolosako Zutani elkartera bideratuko dira. Txartelak Xirimiri eta Orbela tabernetan. Prezioak: 15 euro (helduak) eta 10 euro (14 urtez azpikoak). Bazkalostea musika-taldeek girotuko dute.

18:00 | Alde Zaharra
 Jarauta 69 txaranga.

22:30 | Plaza Berria
 Demode Quartet eta Kilimak

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA