Abenduaren 9tik aurrera aurkeztu ahal izango dira Tolosako Inauterietako kartel lehiaketarako lanak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/11/27 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Abenduaren 9tik 27ra bitartean aurkeztu ahal izango dira lanak eta pertsonako gehienez hiru proposamen onartuko dira. 
  • Irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du.

 

Abenduaren 9an, astelehena, irekiko da 2025eko Tolosako Inauterietako kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea. Ohiko moduan, lehiaketa irekia izango da eta nahi duen orok har dezake parte; parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu.

Hala, proposamenak aurkezteko epea zabalik egongo da abenduaren 27a bitarte eta kartelak fitxategi digital batean aurkeztu beharko dira Tolosako Udalaren webgunean horretarako prestatutako aplikazioaren bitartez. Aplikazio horretan kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio eta zenbaki hori izango da epaimahairentzat kartelaren identifikatzailea. 

Lanen ezaugarriak

Kartelek formatu bertikala izan beharko dute, 50 x 70 zentimetroko neurriekin eta gutxienez 300 ppp-ko erresoluzioa eta gehienez 5MBkoa. Kolorea eta teknika aukerakoak izango dira, baina ezinbestekoa da kartelek ondorengo testua jasotzea: Inauteriak 2025, otsailak 27 - martxoak 4 / TOLOSA

Generoen irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinez.

Fitxategiaren izenean leloa jarri behar da eta proposamen orok, noski, originala eta aurrez argitaratu gabea izan beharko du. Ezingo da adimen artifiziala erabili.

1.500 euroko saria

Kartel irabazlea 2025eko urtarrilean jakinaraziko da, eta bere egileak 1.500 euroko saria jasoko du, dagozkion atxikipenekin. Epaimahaia Kultura, Festak eta Gazteria Sailak izendatuko du, eta genero-berdintasuna bermatuko du bere osaeran. 

GAOn argitaratzen diren unetik aurrera, lehiaketaren inguruko oinarriak ikusgai izango dira Tolosako Udalaren webgunean. Era berean, informazio gehiago nahi duenak 943 67 03 83 telefono-zenbakira deitu edo festak@tolosa.eus helbide elektronikora idatzi dezake. Horrez gain, nahi duenak kultur etxera jo dezake arreta-ordutegian.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA