-
Ekitaldia urtarrilaren 31n izango da, Tolosako Leidor Aretoan. Sarrerak eskuragai daude Tolosako Udalaren webgunean eta aretoko leihatilan bertan.
-
Orkestrak lehen aldiz joko du konpositore tolosarraren errepertorioa, Mocoroaren obra ezezagunenetako batzuk interpretatuz ezusteko parte-hartzaile zein programazioa izango dituen emanaldian.
Arakil Fundazioak Eduardo Mocoroa musikari tolosarra omenduko du Euskadiko Orkestrarekin batera antolatutako kontzertuan urtarrilaren 31n, 19:30ean, Leidor Aretoan. Emanaldiaren aurkezpena egiteko elkartu dira aretoan bertan Goiuri Eceiza Tolosako Udaleko kultura zinegotzia; Nerea Letamendia Arakil Fundazioko lehendakaria; Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia; eta Luis Orduña ikerlaria.
Euskal musikaren ondarearen altxor handienetako bat omentzeko kontzertu berezia izango da, Mocoroa konpositore eta musika maisuaren errepertorioa lehen aldiz interpretatuko baitu Euskadiko Orkestrak. Obrak orkestrarako originalak dira, eta Ángel Brizek berrikusi eta berrargitaratu ditu. Gainera, kontzertua baino lehen, urtarrilaren 28an (asteartea) Eduardo Mocoroaren figura sakonago aztertzeko ‘Eduardo Mocoroa (1867-1959): Pasado, presente y futuro de la música en Tolosa’ hitzaldia egingo da Tolosako udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Nerea Letamendia Arakil Fundazioko lehendakariak ekitaldiaren nondik norako orokorrak azaldu ditu, eta fundazioaren lana nabarmendu du: "Arakil Fundazioa Tolosako eta Euskal Herriko musika ondarea babestu eta zabaltzeko sortu zen. Helburua ez da bakarrik gure iragana aitortzea, baizik eta belaunaldi berriek ondare hori ezagutu eta harekin goza dezaten bermatzea. Zentzu horretan, berebiziko garrantzia du entzule berrietara heltzeak, gure doinu eta musikak entzuteak".
Euskadiko Orkestrak Mocoroaren obra ezezagunenetako batzuk interpretatuko ditu, Angel Brizek orkestrarako moldatutakoak, hala nola euskal musika tradizionala eta garaikidea uztartzen dituzten piezak, gure kultura musikalaren funtsa eta aberastasuna publikoari hurbilduz. 2006. urtean izan zen Euskadiko Orkestra azken aldiz Tolosan. Guztira, 10 aldiz izan dira bertan, urtarrileko emanaldia barne.
Tolosarrentzat zein Mocoroaren musikaren zale ororentzat parada paregabea izango da, udalerriko soinu bandaren parte baitira haren lanak, eta Euskadiko Orkestrak lehen aldiz interpretatuko baitu Eduardo Mocoroaren errepertorioa. Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak, emanaldiko programaren xehetasunak azaldu ditu: "Mocoroaren obra ezagunenetako batzuk interpretatuko ditugu, hala nola 'Ordizia. Euskal obertura' eta 'Iruko. Leidor euskal operaren hiru pasarte sinfoniko'”. Aurreratu du, gainera, “sorpresaz beteriko gaua” izango dela, ezusteko parte-hartze eta emanaldiekin. “Mocoroaren musika taularatzea ohorea da guretzat, euskal kulturaren altxor handietako bati omenaldia egiteko aukera".
Goiuri Eceiza Tolosako Udaleko kultura zinegotziak, bere aldetik, bertaratzera gonbidatu ditu tolosarrak, ekitaldi honek Tolosarentzako zein tolosarrentzako duen garrantzia nabarmenduz. "Horrelako ekitaldiek gure historia balioan jartzeko aukera eskaintzen digute. Mocoroaren lanak taulara ekarriz, gure ondareaz gozatzeko aukera izango dugu. Aukera honek ez du parekorik", azaldu du.
Hitzaldia ere bai
Eduardo Mocoroaren figura sakonago aztertzeko, kontzertua baino lehen, urtarrilaren 28an, ‘Eduardo Mocoroa (1867-1959): Pasado, presente y futuro de la música en Tolosa’ hitzaldia egingo da Tolosako udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 19:30ean.
Hitzaldi honetan Eduardo Mocoroa konpositore tolosarraren figura aztertuko du Luis Orduña ikerlariak (Barañain, Nafarroa, 1980). Hitzaldian Mocoroaren musika eta bere garaiko tradizioen arteko loturak aztertuko ditu, baita Tolosako eta Euskal Herriko ondare kulturalarekin duen harreman sakona ere.
Mocoroaren obrak bandarako musika, orkestra, errepertorio sakroa eta korala biltzen ditu, baita opera bat ere, ‘Leidor’ izenekoa. Hain zuzen, bere konposizio batzuen entzunaldietan oinarrituko da saioa bere ondarera hurbiltzeko; Mocoroaren musikak bere garaiko tradizioekin nola hitz egiten duen eta nola Tolosako ondare kulturalaren parte izaten jarraitzen duen aztertuko da. Hurbilketa honek euskal musikari egin dion ekarpena eta bere garaitik haratago izan duen eragina baloratzeko aukera emango du.
Luis Orduñak soziologiako ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, tubako karrera Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan eta Kataluniako Goi Mailako Eskolan (ESMUC) eta orkestra-zuzendaritza Euskadiko Goi Mailako Kontserbatorioan - MUSIKENE. Egun, doktoretza amaitzen ari da Madrilgo Complutense Unibertsitatean, Eduardo Mocoroaren figura eta obrari buruzko tesi batekin. Gasteizko Udal Musika Banda eta Tolosako Santa Maria Musika Kapera ere zuzentzen ditu, besteak beste.