Folk elektronikoak hartuko du indarra apirilaren 9tik 12ra ospatuko den VI. Tolofolk jaialdian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/03/24 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Doako sei emanaldi izango dira guztira, horietako hiru Berdura plazan.
     

Apirilaren 9tik 12ra ospatuko da Tolofolk, folk musikako musikari eta taldeak biltzen dituen musika-jaialdiaren seigarren edizioa. Kultura herrikoiari oihartzuna emateko asmoz, sei emanaldi antolatu ditu JeaJeaka Kultur Elkarteak aurtengo egitarauaren barruan, eta orain artekoekin alderatuta, ediziorik elektronikoena izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

Ohitura legez, Berdura plaza izango da jaialdiaren epizentro nagusia, bertan egingo baitira hiru emanaldi, guztiak 19:00etan. Hilaren 9an, Neønymus (Silberius de Ura) artisak eta Amaia Elizaran dantzari tolosarrak inauguratuko dute aurtengo jaialdia; hurrengo egunean, Harribitxi taldeak txistuaren erabilera berrietan sakonduko du. 

Apirilaren 12an, Antton Valverderen kontzertuak itxiko du aurtengo edizioa. Isats-piano eta guzti igoko da oholtzara Valverde, eta musikari laukote baten laguntza izango du: Joxan Goikoetxea akordeoiarekin, Txema Garces kontrabaxuarekin, Francisco Herrero biolinarekin eta Ivan Carmona biolontxeloarekin.

Horrez gain, larunbatean, apirilak 11, Mercedes Peon, Galiziako ahots garrantzitsuenetako bat, Plaza Berrian izango da, 20:00etan. Goizean ere ez da kalepoza faltako, eta kalez kale ibiliko dira herriko zein kanpoko hainbat musika talde. 

Urtero bezala, Andia arropa-markak jaialdirako propio sortutako kamiseta ere aurkeztu dute goizean, herriko artisten arteko sinergien erakusgarri. Musika elektronikoari keinu eginez, eta soinu-mahai bat irudikatuz, panderoak eta biniloak ere uztartzen ditu irudiak. 

 

Egitaraua

 

Apirilak 9. 19:00, Berdura plaza.

Neønymus (Silberius de Ura) eta Amaia Elizaran

Neønymusen musikaren originaltasuna ahotsaren erabileran datza. Zuzenean sortutako ahots-lerroak, akordeak edo kontrapuntuko esaldi txikiak osatu, eta teknologiarekin (loopak), musika-tresna txikiekin eta ezohiko tresnekin (hezurrak, hodiak, harriak, orraziak, kanpaiak...) uztartzen ditu. Historiaurretik gaur egunera arteko bidaia emozionala planteatzen du. Amaia Elizaran dantzari tolosarrak lagunduta izango da Berdura plazako oholtzan. 

 

Apirilak 10. 19:00, Berdura plaza.

Harribitxi

Iker Alvarez eta Aitor Urquizak osatutako bikoteak txistuaren eta musika tradizionalaren izaera bizia aldarrikatzen du. Txistuaren erabilera berriak bilatzen ditu, danbolin, bonbete, ttun-ttun, pandero, shruti box indiar, glockenspiel, gitarra, mandolina eta ezohikoak diren instrumentu gehiagorekin uztartuta. Maria Ereña kantari bizkaitarraren ahotsa ere izango da taula gainean.

 

22:30, Fronton.

DJ Makala

Munduko askotariko musika-generoekin osatutako emanaldia eskainiko du Mikel Unzurrunzaga Schmitz disko-jartzaile eta musika-ekoizle zarauztarrak.

 

Apirilak 11. 12:00, kalez kale.

Kalepoza

Herriko nahiz kanpoko hainbat musika talde ibiliko dira kaleak alaitzen: Lasko Txaranga, txistulariak, Uharteko Jota Eskolako kideak...

 

20:00, Plaza berria.

Mercedes Peon

Galiziako ahozkotasunaren eta folk musikaren ikurretako bat da. Bere ikerketa eta proiektu musikalen bitartez, musika tradizionalaren eta ohituren transmisioan jartzen du azpimarra, beti ere, ukitu garaikideekin uztartuta. 2025eko Goya sarietan musika original onenaren sarirako hautagaietako bat izan zen; 2008an Musikaren Sari Nazionala ere jasotakoa da.

 

Apirilak 12. 19:00, Berdura plaza.

Antton Valverde

Euskal Herriko erreferenteetako bat da. Urte luzez olerki eta bertso zahar asko musikatu ditu Valverdek, batik bat, pianoarekin lagunduta. Adarra Saria ere jaso zuen iaz, bere ibilbidearen aitortza gisa. Besteak beste, herri-kantak eta bertso zaharrak berreskuratzeko eta euskal poeta klasikoen eta emakumezko egileen obrak zabaltzeko egindako lana aitortu zion epaimahaiak. Boskote formatuko kontzertua eskainiko du Valverdek Tolosan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA