Hasi da festa: «gora Tolosa, gora Inauteriak!»

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/02/27 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • «Eskertuta, eta aldi berean hunkituta, pozik eta urduri» jaso dute aitortza Kabi Alai Kuttunek: ‘Artxiboko neskak - Las txikas del artxibo’ konpartsak.

  • Izaskun Auzoko Leire Aguirrezabala Ayerzak irabazi du Tolosa Turismoak eta Tolosa&Cok antolatutako balkoi lehiaketa.


Abiatu dira Tolosako Inauteriak. Urtero bezala, jendez bete da Plaza Zaharra. txupinazorako, eta Kabi Alai txarangak Sasikoipatsu abestia jotzearekin batera dantzan hasi da plaza osoa.

Artxiboko neskak - Las txikas del artxibo’ konpartsak bota du aurtengo suziria, Kabi Alai elkartearen ‘Kuttun’ izendapena jaso baitu. «Eskertuta, eta aldi berean hunkituta, pozik eta urduri» jaso dute aitortza, txupinazoa baino ordu laurden bat lehenago, udaletxeko pleno aretoan. 

Andu Martinez de Rituerto alkateak aurtengo kuttunen inauteri eredua txalotu du ekitaldian: «Lana, sinpletasuna, sormena, umorea… gauza asko konbinatu dituzue. Gaur egun gehiago kostatzen da halakoak ikustea, eta zuena bada hurrengo belaunaldiei erakutsi beharreko adibideetako bat». Horrekin batera, jaiak ondo gozatzeko eta arduraz bizitzeko dei egin du.

Kabi Alai elkartearen udalbatzaren konpartsak ere utzi du eguneko beste nobedadeetako bat: aurten, lehenengoz, emakume batek hartu du alkatearen aginte makila. Urte luzez Patxi Amiano izan da paper hori egin duena eta pregoilari lanak egin dituena. Bada, aurten, Itsaso Urdapilleta izan da alkate. 


Leire Aguirrezabala Ayerza, balkoi lehiaketako garaile

Tolosa Turismoak eta Tolosa&Co merkatarien elkarteak antolatutako balkoi lehiaketak ere badu garailea. Aurten aurrez izena emateko aukera izan da, eta 76 balkoik eman dute izena lehiaketan. Horiek guztiak ez ezik, herri osoan zehar ibilaldia egiterako garaian ikusitakoak baloratu ditu epaimahaiak. Izaskun auzoko Andre Mariaren plazan bizi den Leire Aguirrezabala Ayerzari eman diote saria, eta herriko komertzio txikian erabiltzeko 300 euroko saria izango du.

 

 

Hemendik aurrera, izan daitezela nagusi festa, umore ona, sormena eta alaitasuna, beti ere arduratik. Ondo pasa eta gozatu. Gora Tolosako Inauteriak!

Inauterien inguruko informazio praktiko guztia, orrialde honetan ikusgai: egitaraua, garraioa, zerbitzuak… tolosa.eus/inauteriak

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA