Inauterietan parte hartzeko eta dirulaguntzak eskatzeko epeak zabaldu dira karrozentzat eta konpartsentzat

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/01/15 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Mozorro eta ikuskizunen mailari bultzada bat eman nahian, aldaketa izango da dirulaguntzen banaketaren irizpideetan: kopuru finko bat jasoko dute irteeragatik, eta ikuskizunaren mailaren araberako beste kopuru aldakor bat.

  • Konpartsentzako diru-ekarpena igoko da, gehienez 860 eurora.

  • Urtarrilaren 31n amaituko da izena emateko epea; dirulaguntzak eskatzeko azken eguna, berriz, otsailaren 10a izango da.

 

Inauterietako karroza eta konpartsentzat parte hartzeko eta dirulaguntzak eskatzeko epeak zabaldu ditu Tolosako Udalak. Dirulaguntzen alorrean, banaketaren irizpideetan aldaketak txertatu dira irudimena eta ikuskizunen maila indartzeko eta parte hartze aktiboa sustatzeko.

Dirulaguntzak esleitzeko balorazioetan aldaketak

Egitura-eskakizunei dagokienean karrozek 2,5 m zabal eta 6 m luze izan beharko dute gutxienez. Konpartsen kasuan, berriz, plataformak gehienez 2 m zabal eta 3 m luze izan behar du. Plataformarik gabeko konpartsak ere izan daitezke.

Dirulaguntza jasotzeko balorazio-irizpideak aldatu ditu udalak eta, ekarpen finkoaz gain, ekarpen erlatiboak ere jasoko dituzte taldeek, zortzi irizpideren arabera.

Ohiko moduan, karrozek zein konpartsek, antzezpen eszeniko bat (narrazio, antzerki, clown edo mimo ikuskizuna, adibidez), zuzeneko musika emanaldia edota koreografia edo dantza bat eskaini beharko dituzte parte hartu ahal izateko. Aurrerantzean, antzezpen eszenikoak eta zuzeneko musika egiten dutenak gehiago sarituko dira, ekarpen erlatiboen bidez.

Karrozen kasuan, irteera-egunen kopuruaren araberakoa izango da kopuru finkoa: 1.300 eurokoa bi eguneko irteeren kasuan; 1.000 eurokoa egun bakarrerako. Konpartsek, berriz, irteera-egun bakoitzeko 200 euroko ekarpena jasoko dute, mozorro edo gai bakoitzeko. Bi kasuetan, lehenik eta behin ekarpen finko hauek banatuko dira, eta ondoren erlatiboak.

Kopuru erlatiboei dagokienean, irizpide ezberdinak hartuko dira kontuan, eta puntuazioaren araberako diru-ekarpen proportzionala jasoko dute taldeek. Honakoak dira irizpideak:
 

 

Landutako gaia
(gehienez 50 €)

Gaurkotasuna duen garaia bada: 20 puntu (50 €)

Gaia berria bada edo ez bada lehenago garatu: 10 p. (25 €)

Ohiko gaia bada, errepikatzen dena: 0 puntu (0 €).

 

Ikuskizun eszenikoa
(gehienez 150 €)

Originala, landua eta berritzailea: 10 puntu (150 €)

Errepresentazio arrunta: 5 puntu (75 €)

Ez badago errepresentaziorik: 0 puntu (0 €)

Musika zuzenean
(gehienez 150 €)

Instrumentu guztiek zuzenean jotzea, 5 perts.: 10 p. (150 €)

Zuzeneko musikarik ez: 0 puntu (0 €)

Koreografia
(gehienez 60 €)

Koreografia bai: 10 puntu (60 €)

Koreografia ez: 0 puntu (0 €)

 

Mozorroak
(gehienez 50 €)

Originalak, bitxiak eta landuak (birziklatua ere izan daiteke) 10 puntu (50 €)

Gaiarekin lotura izatea: 5 puntu (25 €)

Ohiko mozorroak: 0 puntu (0 €)

Karroza, plataforma eta konpartsen elementuen diseinua
(gehienez 50 €)

Dekorazio landua eta irudimentsua: 5 puntu (50 €)

Gaiarekin lotura izatea: 3 puntu (25 €)

Dekoraziorik ez: 0 puntu (0 €)



 

Euskararen erabilera
(gehienez 100 €)

Irudikapen eszenikoa edo zuzeneko musika, eta koreografiarako musika euskara hutsean: 20 puntu (100 €).

Irudikapen eszenikoa edo zuzeneko musika euskara hutsean, eta koreografiarako musika eleanitza: 15 puntu (75 €). 

Koreografiarako musika euskara hutsean: 10 puntu (50 €). 

Koreografiarako musika ele bietan: 5 puntu. (25 €).

Irudikapen eszenikoa edo zuzeneko musika, edo koreografiarako musika gaztelania hutsean: 0 puntu (0 €). 

 

Berdintasuna
(gehienez 50 €)

Ez da estereotipo matxistarik erabili, eta emakumeen ahalduntzea sustatu da: 15 puntu (50 €). 

Ez da estereotipo matxistarik erabili: 10 puntu (25 €).

Gizon-emakumeen parte-hartze parekidea: 5 puntu (12,5 €).

Gizon-emakumeen parte-hartzea ez da parekidea: 0 p. (0 €). 

Modu horretara, irizpideak kontuan hartuta, karroza batek jaso lezakeen gehieneko kopurua 1.960 eurokoa izango da; konpartsen kasuan, aldiz, 860 euro. Aurreko urteetan gehienez 550 euro lor zitzaketen konpartsek, baldin eta plataforma bazuten. Aldaketarekin, gisa honetako taldeak gehiago saritu nahi ditu udalak.

Dirulaguntzen eskabideak otsailaren 10era bitartean aurkeztu ahal izango dira, aurrez aurre UDATEn edota telematikoki egoitza elektronikoan. Eskaera-orriaz gain, taldeko kide guztien zerrenda helarazi beharko da, NAN zenbakiaekin. Eskaerra-orriak eta dirulaguntza deialdiaren oinarri guztiak, hemen daude ikusgai.

Karrozentzako parte hartzeko izen ematea

Parte hartu ahal izateko karrozek beharrezko izango dute irteera baimena eskuratzea, alde batetik, ibilgailu batekin bide publikoaren erabilera egiten dutelako eta, bestetik, elektrifikazioa antolatu behar delako. Horretarako, izen emate epea ere zabalik da, urtarrilaren 31ra arte. 

Eskaera orria eskuragarri dago udaleko webgunean, eta Udaten aurrez aurre edo egoitza elektroniko bidez aurkeztu ahal izango da. Horrez gain, Segurtasun Zibilaren Asegurua dutela egiaztatzen duen agiriaren kopia ere entregatu beharko dute geroago. 

Hemen daude ikusgai gainerako baldintza eta arauak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA