Kultur tailerretako ikasturte amaiera: dantza- eta antzerki-emanaldiak, eta 200 inguru ikasleren lanak ikusgai

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/06/12 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Ekainaren 18tik aurrera Aranburu jauregian ikusgai egongo dira tailerretan egin dituzten lanak: argazkigintza, zeramika, pintura eta ehoziri-lanak, besteak beste.
  • Dantza-tailerreko ikasleek hilaren 13an egingo dute emanaldia, eta antzerkiko ikasleek, 19an.

Ikasturte honetan Tolosako Udalaren kultur tailerretan parte hartu duten ikasleek beren lanak erakutsiko dituzte datozen egunetan. Aranburu jauregian jarriko dituzte lanak ikusgai, jauregiaren bi solairutan; guztira, 200 inguru ikasleren lanak. Ekainaren 18an zabalduko dute erakusketa, 19:00etan, eta uztailaren 4ra arte egongo da zabalik.

Diziplina artistiko ugaritako lanak izango dira erakusketan, hala nola argazkigintza, zeramika, pintura eta brodatuak.

Ohiko bisita-ordutegia izango du: asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era. Jaiegunetan itxita egoten da jauregia, eta, beraz, San Joan egunean ezingo da erakusketa bisitatu.

Dantza- eta antzerki-emanaldiak

Ikasturte bukaerarekin batera,  Gure Vintage Zirkua emanaldia egingo dute dantza-tailerreko ikasleek. Jaialdia ekainaren 13an izango da, bi saiotan: 12:00etan, kultur etxean aritzen diren taldeen ikuskizuna izango da, eta 18:00etan, Gorosabelen aritzen diren taldeena.

Datorren ostiralean, hilaren 19an, antzerki-tailerreko ikasleen emanaldia izango da Leidorren, 20:00etan. Lehen aldiz, Amaia Ruiz de Galarretaren gidaritzapean egin dute tailerra ikasleek, eta A&J lana eskainiko dute. 

Sarrerak salgai daude Interneten eta Leidorreko leihatilan.

Datorren ikasturteko tailerretan izena emateko epea uztailean zabalduko da, eta sanjoanen ostean emango ditu Udalak horri buruzko xehetasunak.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA