Mariano Arsuaga margolariaren atzera begirako erakusketa ikusgai dago Aranburu Jauregian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/04/20 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Apirilaren 23tik ekainaren 6ra izango da ikusgai erakusketa. Gainera, bisita gidatuak eskainiko ditu Arsuagak berak, erakusketaren xehetasunak aletzeko.

  • ‘Hari ezkutua’ izenburupean, artistaren ibilbide osoa zeharkatzen du erakusketak, eta hala, hamarkadetan sortutako lanen bidez, ezagutzera ematen du bere bilakaera artistikoa eta pertsonala.
     

 

Tolosako Udalak Mariano Arsuaga margolariaren atzera begirako erakusketa aurkeztuko du Aranburu Jauregian. ‘Hari ezkutua’ izenburupean, artistaren ibilbide osoa zeharkatzen duen erakusketa izango da, eta aukera emango du, hamarkadetan sortutako lanen bidez, bere bilakaera artistikoa eta pertsonala ezagutzeko. Erakusketa apirilaren 23an zabalduko da, eta ekainaren 6a bitarte ikusi ahalko da. Bisita gidatuak ere egingo ditu Arsuagak berak. Guztira, 85 elementu biltzen ditu, margolan eta dokumentuen artean.

Arsuagaren obra zabala gertutik ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek; baita margolanen bidez bere unibertso piktorikoa eta sorkuntza-prozesua arakatzeko ere. Kolorea, abstrakzioa eta emozioa uztartzen dituzte. Arsuagak dio margolana dela «ezagutza, edertasun eta espiritualtasunerako bidea irekitzen duen ateetako bat».  

Erakusketak, gainera, Aranburu Jauregiarekin artistak duen lotura estua azpimarratzen du; izan ere, lehenago ere bere lanak Aranburun erakutsitakoa da Arsuaga, eta espazioak berak ere eman dio forma erakusketari. 

 

Bisita gidatuak

Erakusketaren xehetasunetan barneratzeko, bisita gidatu bereziak antolatu dira, eta Mariano Arsuagak berak gidatuko ditu. Bisitek aukera emango dute artistaren lanaren inguruko azalpenak zuzenean jasotzeko, eta haren ikuspegia eta sorkuntza-prozesua bertatik bertara ezagutzeko.

Maiatzaren 14an eta 30ean izango dira bisitak, eta parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik, Tolosako Udalaren web orrian eskuragarri dagoen formularioa  beteta. Plazak mugatuak izango dira. Bestalde, erakusketaren xehetasun guztiak biltzen dituen katalogo bat ere eska daiteke, eta eskatuz gero, Aranburu Jauregian jasoko da gero.

 

Pintura, bizitzarako jarrera

Mariano Arsuaga (Irun, 1954) margolaria da, eta pintura bizitzarako jarrera gisa ulertzen du. Iruñean arkitektura ikasketak egin ondoren, pinturari heltzea erabaki zuen, eta ordutik, etengabeko bilaketa artistikoan dihardu. Bere lanetan emozioen adierazpen abstraktua lantzen du kolorearen bidez, eta urteetan zehar serie ugari garatu ditu; besteak beste, serigrafan estanpatutako edizioak: Las Cuatro Estaciones eta Cuatro veces nieve, Bernardo Atxaga idazlearekin eginak. Arkitekturan ere egin ditu esku-hartzeak, espazioak  itxuraldatzeko  kolorea  erabiliz, eta aritu da kultur  kudeaketan  ere, koordinatzaile aritu baita Donostiako Arteleku arte zentrotik abian jarritako Okupgrafen hiru biurtekoetan (1999-2003). 

Urteetan zehar, hainbat erakusketa aurkeztu ditu. Denera, hogeita hamar erakusketa indibidual baino gehiago egin ditu, eta bilduma publiko eta pribatu ugaritan dago bere obra; besteak beste, museo, erakunde eta administrazioetan: San Telmo Museoa (Donostia), Sancho el Sabio Fundazioa (Vital-Kutxa), Kutxabank, Artium Museoa (Gasteiz), Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Iruñea, Ordizia, Tolosa eta Berastegi, Koldo Mitxelena liburutegia (Donostia), Bizkaiko Foru  Aldundiaren liburutegia (Bilbo). 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA