
Inauterietan zezen-plazara sartzeko sarrerak otsailaren 5ean jarriko dira salgai, 16:00etatik aurrera. Urtero lez, sarrera gehienak internet bidez salduko dira, www.bibe.me webgunean.
Eskaria askoz ere handiagoa da, eskaintza baino, eta une berean jende asko egon ohi da konektatuta. Horretarako, itxaron gela birtuala izango da, ikuskizunetako sarreren salmenta plataforma gehienek funtzionatzen duten bezala. Erosketa egin ondoren, eta ordainketa ondo gauzatu dela konprobatuta, posta elektronikoan jasoko dira sarrerak.
Inauterietako egunetako bakoitzean ere, sarrera batzuk salduko dira zezen-plazako leihatilan, egun horri dagozkionak bakarrik —Ostegun Gizena, Ostiral Mehea, Zaldunita, Astelenita eta Asteartita—. Egun horietan, 10:30ean zabalduko da leihatila, sarrerak agortu arte.
Pertsonako gehienez 5 sarrera erosi ahal izango dira egun bakoitzeko. Harmailetako sarreren salneurria 3 eurokoa (+ komisioa) da, Ostiral Mehe egunekoena izan ezik. Egun horretakoak doakoak izango dira, urtero moduan, nahiz eta internet bidez sarrerak berdin-berdin eskuratu beharko diren. Palkoak osorik erosi beharko dira (17 lagun), 65 euroko prezioan (+ komisioa). Palkoak erosten dituztenei, sarrerak nola jaso behar dituzten azalduko zaie, email bidez.
Sarreren zozketa herriko saltokietan
Iaz egin bezala, egun bakoitzeko ikuskizunetarako sarrera batzuk zozketa bidez esleituko dira, Tolosa&Co merkatarien elkartearekin elkarlanean. 49 saltokik eman dute izena (zerrenda hemen), eta horietakoren batean otsailaren 3tik 7ra bitarte 15 eurotik gorako erosketa egiten dutenek parte hartu ahal izango dute zozketan: erosketa egitean txartel bana banatuko zaie.
Zozketa hilaren 9an egingo da, astelehenean: egun bakoitzeko lau irabazle izango dira, eta bakoitzak launa sarrera jasoko ditu. Irabazleei telefono bidez jakinaraziko zaie emaitza, eta Tolosa&Co-ko sare sozialetan ere argitaratuko da irabazleen zerrenda.
Txarangekin sartzeko gonbidapenak
Txarangekin saltoka sartzeko gonbidapenen zozketa ere egin da, eta aurki bidaliko zaie parte hartzaileei emaitza, posta elektroniko bidez. Egun bakoitzeko 300 gonbidapen banatuko dira.
Gonbidapena jasotzera joandakoan emango zaizkie zezen-plazara sartzeko jarraibideak onuradunei. Hauek txarangekin batera sartu ahal izango dute plazara, baina saltoka buelta eman ondoren, atera egin beharko dute, ezingo da barruan geratu. Arau hori errespetatzea eskatzen du Udalak, ikuskizuna bertan behera uzteko arriskuan egon ez dadin.
Gonbidapena egokitu edo erositako sarrera eskuratu, baina gero aprobetxatuko ez denik balego, beste edonori uzteko dei egiten du Udalak, ahalik eta herritar gehien izan daitezen aukera hori izango dutenak.
Zezenetan parte hartu nahi dutenentzako ate-irekiera
Plazako hondargunean zezenen aurrean egon nahi dutenek ordutegi zehatza izango dute sartzeko: gehienez, eta aforoaren neurriak kontuan hartuta, 300 pertsona. Ostegun Gizenean, Ostiral Mehean, Astelenitan eta Asteartitan, 15:30etik 16:00etara zabalduko dira ateak, Zalditegiaren aldetik. Igandean, berriz, 15:00etatik 15:30era, jende gehiago izaten baita.
Banan-banan egingo da sarrera eta behin kopurua gaindituta, ez zaio beste inori sartzen utziko. Neurriaren helburua da txarangak iristen direnerako pilaketak ekiditea, edo murriztea, ordutik aurrera soilik musikariek edota atzetik saltoka sartzeko gonbidapena dutenek soilik sartu ahal izango dutelako. Ez da aterik zabalduko muga gaindituta.
16 urtetik gorakoek bakarrik izango dute hondargunera sartzeko aukera, hala jasotzen baitu Joko eta Ikuskizunen Legeak. Ateak irekitakoan, NANak egiaztatuko dira, hortaz, agiriak eskura izatea eskatzen da. Alkoholaren edo bestelako sustantzien eraginpean daudenei, berriz, ez zaie sartzeko baimenik emango.
Urtero bezala, segurtasun perimetroa jarriko da zezen-plazaren kanpoaldean sortzen diren pilaketak ekiditeko. Oria kaleak eta Gudari kaleak bat egiten duten puntuan itxiko da sarbidea, eta soilik txarangek, gonbidapena dutenek edo harmailaren zati horietan sarrera dutenek pasa ahal izango dute.
Zezen-plazan eta inguruan seinalizazioa hobetzeko lanak egingo dira inauterietan, herritarren joan-etorria ahalik eta gehien errazteko.