Pintxana txarangak botako du Ostegun Gizeneko txupinazoa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/01/24 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Maialen Rodriguez Azpiroz tolosarraren ‘Guztiok gara inauteri’ kartelak iragarriko ditu aurtengo inauteriak.

Bi aste eskas falta dira kaldereroen zartagin hotsek Tolosara gerturatu dezaten inauteri giroa. Bada, giro horretan murgiltzen hasteko, eguerdian aurkeztu dira aurtengo Kabi Alai Kuttuna —Ostegun Gizeneko txupinazoa botatzeko ardura izango duena— eta jaiak iragarriko dituen kartel irabazlea, Kabi Alai elkarteko txarangaren doinuek lagunduta. 

Pintxana txarangak botako du aurtengo txupinazoa. Izendapen honekin, «herriko txarangen artean, izaera herrikoiena duena» aitortuko du Kabi Alai elkarteak. «Bere izaera irekiari esker, inauterizale eta musikazale askoren harrobi da. Gutxi izango dira Pintxanarekin parte hartu ez duten musikari tolosarrak», azaldu dute Kabi Alai elkarteko ordezkariek.

Tolosako harakin talde batek sortu zuen, 1940. urtean. Ostegun Gizenean, Rondilla kaleko Etxe Haundi sagardotegian elkartzen ziren: Periko eta Antxon de Pedro, Ceferino Rico, Miguel Martínez, Joxe Mari Arostegi, Simón Martínez… Gaur egun, urtero aldatzen da zuzendaria, urteetan atera diren kideak omentzeko, eta 150 pertsona inguruko taldea elkartzen dira.

Ostegun Gizenean, txupinazoaren aurretik jasoko dute Kabi Alai elkartearen eskutik Kuttuna saria, eta segidan, inauterien hasiera iragartzeko suziria jaurtiko dute. 

‘Guztiok gara inauteri’ kartelak iragarriko ditu jaiak

Ekitaldi berean aurkeztu du Udalak 2026ko inauteriak iragarriko dituen kartela. 60 kartel aurkeztu dira lehiaketara, eta Maialen Rodriguez Azpiroz tolosarraren ‘Guztiok gara inauteri’ lana izan da irabazlea.

Tolosako inauterietan presentzia duten pertsonaia ugari irudikatzen ditu: On Ostegun Gizen; Katalina eta Bordon erraldoiak; Popeye, Juanito Lope eta Akerra buruhandiak; Kaldereroetako hartza; Ero Etxe eta Arco Iris txarangetako musikariak; danborradako musikari eta kosakoak; kale garbitzaileak; Galtzaundi, eta beste hainbat inauterizale. «Oso tolosarra da; Tolosarako bakarrik balio du. Eta herriko inauteriek duten kutsu herrikoi hori ederki islatzen du. Bikain islatzen du inauteria dena: guztiok egiten baitugu», ebatzi du epaimahaiak.

Bertaratu diren herritarrek kartel bana eraman ahal izan dute etxera. Saltoki eta tabernek, berriz, datorren astetik aurrera jasoko dituzte kartelak. Soberan baleude, herritarren esku jarriko dira kultur etxean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA