Taldearen eta bakarlarien arteko elkarlana izango du ardatz Tolosako Udal Musika Bandaren ostiraleko kontzertuak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/04/07 | Kultura, Festak eta Gazteria

 

  • Bakarkakoek garrantzi berezia izango dute programan, eta solo ugari entzun ahal izango dira, hala nola tuba, flauta, saxofoi, perkusio eta ahotsarenak.
  • Ostiralean, apirilaren 11n, izango da emanaldia, 19:30ean Topic-en, Idoia Balza Garmendia zuzendari-lanetan dela.

 Tolosako Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du, ostiralean, hilak 11, Topic-eko areto nagusian (19:30). Ohiko errepertoriotik zertxobait aldenduta, bakarlarien lanari garrantzi berezia emango dio bandak oraingoan. 

Taldearen eta bakarlarien arteko elkarlanaren balioa nabarmentzea izango da helburua, Idoia Balza zuzendariaren esanetan: «Banda batean, talde-lana funtsezkoa da, baina baita bakarkakoa ere. Bakarka aritzean, emozio eta sentimendu ugari azaleratzen dira; pertsona bakoitzaren izaera ikusten da. Hori ikusgarri egin nahi dugu, norbere barne-istorioarekin lotzen baita. Era berean, ikus-entzuleei erakutsi nahi diegu zer nolako potentziala daukagun gure herrian. Maila altuko musikariak ditugu, eta hori ere ikusarazi egin nahi dugu. Oso lan ona egin dute denek», dio.

Instrumentu askok izango dute bakarkako lana kontzertuan: esaterako, rol hori izatera ohituago dauden perkusio, saxofoi eta flautak, eta hain ohikoak ez diren beste batzuek ere bai, hala nola tubak. Ahotsa ere entzungo da, Zuhara Etxabe Nazabal abeslari legorretarraren laguntza izango baitu bandak. 

Egitaraua

  1. Fanfare for the Common Man – A.Copland

  2. The Story of Anne Frank – Otto M. Schwarz

  3. Goizeko eguzki argiak – J. Guridi
     ‘Mirentxu’. Mold.: Alain Ayerdi
     Abeslaria: Zuhara Etxabe Nazabal

  4. Sketches for flute – A. Waignein
     Bakarlaria: Amaia Arostegi Eguzkitza

  5. Benny Goodman Memories – Mold.: Naohiro Iwai

  6. Persuasion – Sammy Nestico
     Bakarlaria: Josune Balza Garmendia

  7. Latin Tuba – Mario Burki
     Beñat Etxeberria Iturbe

  8. Happy Mallets for xylophone and band – Harm Evers
     Bakarlaria: Manex Gorostegi Arostegi

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA