-
Tolosa Kantarik botako du txupinazoa, kantu herrikoiak bizirik mantentzeko eta musikaren bidez herritarrak batzeko egiten duten ahaleginagatik.
-
Kuadrilla Eguneko txupinazoa Zerkausian izango da aurten, baltsa-jaitsiera egingo baitute kuadrillek Oria Ibaian.

Ate-joka ditugu sanjoanak. Txupinazorako 15 egun baino falta ez direnean, Udalak eta jaietan parte hartuko duten eragileetako batzuek gaur aurkeztu dute aurtengo egitaraua. Hain zuzen, datorren astetik aurrera hasiko dira egitarauaren etxez etxeko banaketarekin.
Sanjoanak ekainaren 20tik 24ra ospatuko dira, nahiz eta hurrengo asteburuan, hilaren 14 eta 15ean, jai giroko ekitaldi ugari izango diren jada. Jarraian, aurtengo nobedade nagusiak.
Tolosa Kantarik botako du txupinazoa
Angel Ligero artistaren ‘Tradizioak’ lanak iragarriko ditu aurtengo sanjoanak. Kartel lehiaketara aurkeztu diren lanen artean, epaimahaiaren balorazio onena jaso du bere obrak. Eskopeta batetik ateratzen diren krabelin zuri eta gorriak dira karteleko protagonistak.
Jaiei hasiera emango dien txupinazoan, berriz, protagonismoa Tolosa Kantarik izango du, suziria botatzeko hautatu baitute taldea, kantu herrikoiak bizirik mantentzeko eta musikaren bidez herritarrak batzeko egiten duten ahaleginagatik.
Aurten tolosarrei hautagaitza-proposamenak egiteko aukera zabaldu zaie. Goiuri Ezeiza zinegotziak azaldu duenez, «proposamen aproposak jaso dira; askok mereziko lukete aitortza. Ezbairik gabe, datorren urteetarako bada nondik tira». Tolosa Kantariri buruz duen «izaera bateratzailea» nabarmendu du Ezeizak: «inklusiboa eta lagunkoia da, edonork baitu parte hartzeko aukera. Musika eta kantua komunitate izaera sendotzeko tresna dira».
Lehen asteburua
Kirolak, haurrentzako jarduerak, sagardo txapelketa eta musika izango dira nagusi datorren asteburuan. Urtero lez, TAKE saskibaloi taldeak antolatzen duen 3x3 txapelketak hartuko ditu Alondegi plaza eta San Frantzisko pasealekua. Aurten txapelketaren 25. urteurrena da eta modu berezian ospatuko dute. Gainera, iaz zendu zen Ugaitz Sainz taldekideren izena jarri diote txapelketari. Txapelketa medio, trafikoan aldaketak izango dira arratsaldean.
Usabal kiroldegian eta Berazubi estadioan ere kirolaz gozatzeko aukera izango da: Urtzi Gurrutxagaren omenezko futbol txapelketa, padela eta gimnasia erritmikoa. Igandean T2T eta T3T mendi lasterketa arrakastatsuak egingo dira.
Igandean, berriz, haurren plaza izango da Zumardiaundia, Haurren Hiria egitasmoa hartuko baitu. Goizetik iluntzera jolasak izango dira, eta, arratsaldean, haurrentzako bi ikuskizun ere bai. Musika ere ez da faltako: klasiko bihurtu diren bi emanaldi izango dira: Buru Bihotzez elkarteak antolatzen duen Orkestrina band Jazpanarena, eta Puro Relajorena.
Aldaketa nagusia, Kuadrilla Egunean
Oro har, jai egunetako ekitaldiek urteroko eskema jarraituko dute. Kuadrilla Egunean egongo da berrikuntza nagusiena. Jolasak egin ordez, baltsa jaitsiera antolatu dute aurtengo kuadrilla antolatzaileek. 11:00etan izango da, Oria ibaian. Enbarkaderoan amaituko dute eta, hain zuzen, Zerkausian botako da Kuadrillen txupinazoa, Plaza Berrian beharrean.
Iaz nobedade izan ziren hiru ekitaldiei ere eutsiko zaie. Kuadrilla Eguneko haurrei bideratutako ikuskizuna mantenduko da, baita zezen suzkoa ere. Aurten, ordea, txupinazo egunean izango da, ekainaren 20an, 22:30ean. Igandean Infantil eta kadeteen mailako estropadak egingo dira Oria ibaian, TAKek antolatuta, eta jarraian EuskoTren Ligan lehiatuko den Tolosaldea traineruaren aurkezpena egingo da.
Musika eskaintza
Musika ikuskizunei dagokienean, herriko musika-talde eta txarangen urteroko ikuskizunez gain, Lukiek, Mirua, DJ Fresa Morango, The Hastelens, Oxabi, DJ Fulana, Maren, La otra oreja (tributua), Dupla eta Muxutruk entzuteko aukera izango da. «Publiko oso ezberdinak hartuko ditugu kontuan, eta saiatu gara aniztasun hori bermatzen egitarauan», azaldu du Aitzol Gartzia jaietako zinegotziak. Aurten 25. Urteurrena beteko duen Mulambo perkusio taldea ere gogoan izan du Gartziak.
Udal Txistulari Bandak antolatuta, berriz, Arnas Berriz izeneko txistulari kontzertu berezia izango da hilaren 22an. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako txistularien laguntza ez ezik, Gozategi eta Pirritx eta Porrotxen laguntza izango du oholtzan herriko txistulari bandak.
Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa, taberna gehiagotan
Jai berdinzaleen aldeko pausoak ere izango dira aurten. Inauterietan ostalaritzari begirako protokolo bat landu zuen Berdintasun Sailak Jai Berdinzaleen Behatokiarekin lerrokatuta, eta lehen esperientzia horretan hiru establezimenduk parte hartu zuten. Bada, beste hiru atxiki dira oraingoan: Koinobori, The Nest eta Baserri.
Jaietan ohikoa den moduan, Gune Morea, indarkeria matxistarik gabeko gunea, ere kokatuko da, informazio eta arretarako. Emakumeen plazan egongo da, Andragoraren parean. Gune hau ekainaren 21, 23 eta 24an izango da zabalik, 19:00etatik 03:00etara. Ordutegi horretan, 747 420 488 telefonora deitu ahal izango da laguntza eskatzeko. Udaltzaingoak ere 24 orduz emango du arreta, 943 675 858 telefonoan.
Informazio gehiago eta egitarau osoa, hemen