‘Kultura plazara’ ekimenak musikaz eta dantzaz jantziko ditu herriko auzo eta plazak irailean zehar

Tolosako Udala
2023/08/23 | Kultura, Gazteria, Jaiak

Uztailean Zumarditxikian ospatutako hitzordu nagusiaren ondotik, irailean bueltan izango da Kultura Plazara egitasmoa, oraingoan herriko auzo eta plazak musikaz eta dantzaz jazteko. 

Irailaren 2an hasita 23a bitarte, 5 emanaldi desberdin eskainiko dira: Allur dantza taldea eta Belar Hostoak irailaren 2an, Oinkari taldea irailaren 9an eta Sonakay hilaren 23an. 

Esan bezala, musika eta dantza uztartuko ditu emanaldi ziklo honek eta horiek herriko auzo eta plaza desberdinetan egingo dira, esate baterako Aldaban, Urkizun, Berazubin eta Plaza Berrian. 

Autobus zerbitzu berezia landa guneetako kontzertu eta ikuskizunetara joateko

Irailaren 2an Aldaban eta 23an Urkizun eskainiko diren emanaldiak ‘Kultura Plazara: beste plazak’ ekimenaren barruan kokatzen dira eta uztailean egin bezala, horietara joan etorria egiteko autobus zerbitzu berezia eskainiko da. 

Irailaren 2an bi emanaldi eskainiko dira, 17:30ean lehena eta 19:00etan bigarrena. Horri jarraiki, autobusa 17:00etan irtengo da San Frantzisko elizaren pareko geldiunetik eta itzulera ekitaldia amaitu ostean egingo du, leku berera. Irailaren 23an, halaber, autobus zerbitzua ere eskainiko da eta ordutegia aurrerago zehaztuko da.  

Edozein kasutan, interesdunek aurrez eserlekua erreserbatu beharko dute IRAILAREN 20A BAINO LEHEN, kultura@tolosa.eus helbidera idatziz eta izen-abizenak, eserleku kopurua eta harremanetarako telefono bat zehaztuz. Zerbitzua doakoa izango da. 

 

Kultura Plazara 2023 | Iraileko egitaraua

ALLUR DANTZA TALDEA – LUBERRI IKUSKIZUNA – Irailak 2 | 17:30 | Aldaba

Elkartasunean dago talde baten indarra eta ahalmena. Haien gazte izaera eta desadostasuna aldarrikatzen, mundua jarriko dute dantzan. “Elkartzeko, nahasteko, ospatzeko eta ezagutzeko. Nahiz eta noizbehinka hanka sartu, bidean ikasteko. Umorearekin, ametsekin, minarekin eta saminarekin. Baina beti irrifartsu eta festarako egarritsu”.

https://www.youtube.com/watch?v=7z4uffyOzf8

BELAR HOSTOAK – Irailak 2 | 19:00 | Aldaba

2022ko martxoan, LORALDIA Festibaletik jasotako proposamen bati erantzunez, Txomin Artolak 1978an Walt Whitmanen testuekin argitaratutako BELAR HOSTOAK (Leaves of Grass) diskoa berrinterpretatu zuen lagun talde batek Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean. Jon Gurrutxaga izan zen artista hondarribiarraren abestiei ahotsa jarri ziena emanaldi hartan, eta Antxon Sarasuak, Andoni Etxebestek, Dani Venegasek eta Urbil Artolak osatu zituzten taula gainera igo zen boskotea. Luze gabe, eta moldaketa berriak eginak zeudela gisan, estudioan murgildu eta kantuak grabatzea erabaki zuen taldeak. Emaitza "Belar Hostoak II" dugu, Elkar argitaletxearen eskutik kaleratua. Jendearen bertsio berrian zein zuzeneko proposamenean, Artolaren kantuek kutsu modernoagoa eta gaurkotuagoa hartzen dute, pop eta folk estiloak bluesari eta rockari egindako keinuekin nahastuz.

https://kulturaplazara.eus/wp-content/uploads/2023/07/Belar-Hostoak-txiki-bideoa-defi.mp4

MIKEL ARTIEDA & ZAZPIKETERS – Irailak 8 | 20:00 | Berazubi  [Atzeratu egin da, ezbehar baten ondorioz]

"Erromeriak hamaika plazatan, Tapia eta Leturia Band, 50 disko baino gehiago Euskadin eta ez dakit zenbat bira Erentxun eta Duncan Dhurekin...; azkenean, horren guziaren ondotik, bizitzak Jerezera ekarri nau, eta hemen daramatzadan bi urteetan buleriaren konpasa izango dut lagun siesta tenorean. Herri honek du dohain hori konprenitu nahi bainuen, hainbertze saiatzen nintzen unean bertan zentratzen konpasaren muina ulertzeko, non lo gelditzen nintzen esku- jotze eta zalaparta haren erdian.

Lan honen aitzinetik, badut bertze bat ere bakarka atera nuena 2000. urtean. Hari "M. Artieda" paratu nion izenburua. AbDbGbCb tesituran, baxu elektrikoaren recording-ekin grabaturiko ideiak ziren, bihotzetik berez sortzen joan zirenak. Bidai ere gisa berean sortu da, euskal musikarien artean ditudan "betiko" lagun batzuk libreki gehitu dutenarekin; alde horretatik, opari bat da niretzat hainbertze esperientziaren ondotik. Nire lagun musikarientzat, "M." baino gehiago Mikel naiz."

https://www.youtube.com/watch?v=6a905KT84b0 

OINKARI: GAZTE IKUSKIZUNA – Irailak 9 | 18:30 | Plaza Berria

HIKA Teatroaren ekoizpena da, Oinkari Dantza Taldearekin elkarlanean sortutakoa. “Gazte” kaleko ikuskizuna da, gazteek sortutakoa, eta publiko guztiari zuzendua. Euskal Dantza Tradizionaletik abiatuta, dantza garaikidearen eta bestelako dantza modernoen munduraino zabaltzen da ikusikizuna, ahotsari eta testuari lekua emateaz gain. Musikaren aldetik, elektronikaren eskutik dator berrikuntza, batez ere, hip hop-aren kulturan oinarrituta.

https://www.youtube.com/watch?v=dhYqxvDTu3U

SONAKAY – Irailak 23 | 19:00 | Urkizu

2015ean Donostian sortutako flamenko-taldea da Sonakay. Taldea osatzen duten 12 kideek eskarmentu handia dute musikan, eta besteak beste horrexegatik, ijitoen eta euskaldunen arteko musika-kulturaren fusioan aditutzat hartzen dira donostiarrak.

https://www.youtube.com/watch?v=UEkqxn3lzhA&list=RDEMCW7CawTBdG2-Y7wFyFmLDA&start_radio=1