‘Kultura Plazara’, zinea Leidorren eta haurrentzako ekintzak, besteak beste, udan kulturaz gozatzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/06/27 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • ‘Kultura Plazara’ jaialdia Zumardiaundian izango da aurten, irailaren 27tik 29ra bitartean, eta kontzertuez gain, eskualdeko sortzaileen azoka ere hartuko du.
  • Uda honetan zinea izango da Leidor Aretoan; horrez gain, haurrentzat ekintzak antolatu dira herriko hiru ludotekekin elkarlanean. 

 

 

Udako eskaintza aurkeztu du Tolosako Udalak. Uztailaren 5etik irailaren 29ra bitarte musika, antzerkia, dantza, literatura, zinea edota haurrentzako ekintzak uztartuko ditu egitarauak, hitzordu gehienak kalean. Hori baita helburu nagusienetako bat: kulturaz plazan gozatzea. 

Hiru dira aurtengo eskaintzaren nobedade nagusiak. Alde batetik, Kultura Plazara jaialdiaren data eta lekua aldatuko dira: irailaren amaieran ospatuko da aurten, Zumardiaundian. Zinea ere izango da aurten Leidor Aretoan, zinezaleen eskaerari erantzunez. Ia astero proiekzio bana eskainiko da igande eta astelehenetan. Horrez gain, haurrentzako ekintzak antolatu dira, herriko hiru ludotekekin elkarlanean.

‘Kultura Plazara’ eta beste plazak

Udari itxiera emango dio aurten Kultura Plazara jaialdi nagusiak. Uztailean beharrean, iraila amaieran ospatuko da, 27tik 29ra. Lekua ere ezberdina izango da: Zumardiatxikiaren ordez, Zumardiaundian izango da. 

Hiruna emanaldi izango dira lehen bi egunetan: ostiralean, Amaia Elizaran tolosarraren dantza ikuskizuna eta Janus Lester eta Belako taldeen kontzertuak; larunbatean, berriz, Alurr dantza taldeak ‘Zamaltzain’ ikuskizuna eskainiko du eta iluntzean, Mikel Urdangarin eta Mugan arituko dira. Igandean, Tolosaldeko sortzaileen azokak itxiko du jaialdia. 

Azokan artea, arropak, serigrafia, pinturak, bitxiak edota bestelako lanak sortzen dituzten ekoizleek parte hartu ahal izango dute. Parte hartzeko deialdia zabalik da, eta interesatuek mezua bidali beharko dute kultura@tolosa.eus helbidera, honako datuak adieraziz: izen-abizenak, ekoizten duenaren inguruko xehetasunak, harremanetarako telefono zenbaki eta helbide elektronikoa, sare sozialak eta sortzen dituen lanen argazki pare bat. Uztailaren 15a izango da izena emateko azken eguna.

Horrez gain, eta ohikoa den moduan, ‘Beste plazak’ lelopean, auzo batzuetara zabalduko da udako kultur eskaintza. Landa auzoetako emanaldietarako autobus zerbitzua eskainiko da. Emanaldia hasi baino ordubete lehenago irtengo da autobusa San Frantzisko pasealekuko geltokitik. Izena ematea beharrezkoa izango da, kultura@tolosa.eus helbidera idatzita.

Udan Leidor Aretoa zabalik

Aurtengo uztaila eta abuztuan zinea eskainiko da Leidor Aretoan, azken urteetan zinezaleek egindako eskariari erantzunez. Filmak igande (19:00) eta astelehen arratsaldetan (19:30) eskainiko dira, uztailaren 7tik aurrera. Astelehenetakoa ikuslearen eguna izango da. Udako zine bono propioa sortu beharrean, udazkeneko zine bonoa erosteko aukera aurreratu egingo da, eta uztailaren 1etik aurrera erosteko aukera izango da. Hortaz, udako eta udazkeneko zine emanaldiak bono bera erabiliz ikusi ahal izango dira, beti ere erositako bonoaren araberako kopuruaren barruan.

Haurrentzako ekintzak, ludotekekin elkarlanean

Parte hartze bidezko aurrekontuen aldaketak tarteko, aurreratu moduan, herriko gazteentzat ekintza puntualak antolatzera bideratu da aurrekontuaren zati bat. Ekintza horiek herriko hiru ikastetxeetako ludotekekin elkarlanean antolatu dira, guztiak batu daitezen.

Uztailaren 12an San Fermin txiki eguna ospatuko da, Plaza Zaharrean. Txupinazoa, Erraldoi eta Buruhandien konpartsako zezentxoekin entzierroa eta dultzaineroak izango dira. Ondoren, hamaiketakoa egingo da Plaza Zaharrean. 

Uztailaren 19an, berriz, ur-parkea jarriko da Larramendin. Goizean, 11:30etik 13:30era, ludoteketan izena eman duten haurrentzat izango da; arratsaldean, 16:30etik 19:00etara, berriz, irekia, nahi duen ororentzat.

Ludotekek behar bereziak dituzten haurrei arreta eman ahal izateko, formazio zehatza duten begiraleak ere kontratatuko ditu udalak. 

Horrez gain, datorren astean abiatuko dira udalak antolatutako gazte auzolandegiak; ia leku guztiak agortuta, bost talde osatu dira aurten: ingurumen auzolandegietako bi, auzolandegi artisitikorako beste bi; eta Irulegi eta Murillo de Gallegoko auzolandegi itxietarako talde bat. Lehen bi taldeetako gaztetxoek Iurreamendiko baratze parkean egingo dute auzolana, bide batez, baratzegintza ere gertutik ezagutu dezaten.

Literaturaz gozatzeko hiru aukera

Udal liburutegiek ere udako eskaintza prestatu dute. Alde batetik, udal liburutegiko terraza zabalduko da uztaila eta abuztuan, bertan irakurri ahal izateko. Haur liburutegian ere Biblioporrak egitasmoa abian da: 0-16 urte bitarteko haurrentzat liburu proposamenak daude eskuragarri haur liburutegiko ganbaran, adinaren eta hizkuntzaren arabera sailkatuta.

Usabal kiroldegiko igerilekuan ere izango da liteaturaz gozatzeko aukera. Etxola jarriko da, astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 19:00etara, liburuak bertan hartu eta irakurtzeko. Etxera maileguan emateko eskaera ere egin ahal izango da bertan: bai etxolan dauden liburuekin, baita liburutegian daudenekin ere. Azken aukera horren kasuan, hurrengo egunerako ekartzen dira liburu horiek.

Udako eskaintza | Egitaraua


Uztailak 5, ostirala. 19:30, Berazubi.
Antzerkia: ‘Dale Ramón!, Trapu Zaharra taldearekin. Sergio Arrospide eta Santi Ugalde.

Uztailak 7, igandea (19:00) eta uztailak 8, astelehena (19:30) Leidor Aretoa.

Zinea: Del Revés 2 (Inside Out 2)

Uztailak 12, ostirala.

  • Plaza Zaharra. San Fermin Txiki eguna. Txupinazoa, haurren entzierroa, dultzaineroak eta hamaiketakoa.
  • 22:30, Plaza Zaharra. Kontzertua: Sara Azurza. Iker Lauroba, Haritz Lauroba eta Julen Barandiaranek lagunduta.

Uztailak 14, igandea (19:00) eta uztailak 15, astelehena (19:30) Leidor Aretoa.

Zinea: Horizon: An American Saga. 1. kapitulua. Astelehenan, Jatorrizko bertsioan.

Uztailak 19, ostirala.

  • Ur-parkea Larramendin. 11:30etik 13:30era ludoteketako haurrentzat; 16:30etik 19:00etara, irekia, nahi duen ororentzat.

  • 20:00, Lopez-Mendizabal pasealekua. Kontzertua: Tolosako Udal Musika Banda.

Uztailak 21, igandea (19:00) eta uztailak 22, astelehena (19:30) Leidor Aretoa.

Zinea: Gru 4. Mi Villano favorito. 

Uztailak 25, osteguna. 22:00, San Esteban.

Ikuskizuna: Burbuila magikoak. Xaboi burbuilak musikaren erritmora aireratzen ditu.

Abuztuak 11, igandea (19:00) eta abuztuak 12, astelehena (19:30) Leidor Aretoa.

Zinea: Padre no hay más que uno 4: campanas de boda

Abuztuak 12, astelehena. 20:00, Andre Maria parrokia.

Organo kontzertua: Matías Sagreras.
 

Abuztuak 18, igandea (19:00) eta abuztuak 19, astelehena (19:30) Leidor Aretoa.

Zinea: Vidas perfectas

Abuztuak 23, ostirala. 19:30, Larramendi.

Antzerkia, publiko guztientzat: Welcome & Sorry

Abuztuak 25, igandea (19:00) eta abuztuak 26, astelehena (19:30) Leidor Aretoa.

Zinea: Odio el verano

Abuztuak 30, ostirala. 20:00, San Frantzisko pasealekua - Txurreria.
Kontzertua: The Donkey Riders. Jon Aira, Martí Elías eta Iker Piris.

Irailak 1, igandea. 18:00, Aldaba.

Bakarrizketa: Ztandap, binakako elkarrizketak. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai.

Irailak 7, larunbata. 18:00, Bedaio.

Ikuskizun familiarra: ‘Grimm Anaien Parkea’, Erre Produkzioak taldearen eskutik. Maria Martinez, Gorka Mínguez eta Alfonso Díez. 

Irailak 14, larunbata. 18:00, Urkizu.

Kontzertua: Kalakan.

Irailak 27-29. Zumardiaundia.

‘Kultura Plazara’ jaialdia.

  • Irailak 27, ostirala.

    • 19:30. Dantza ikuskizuna: Amaia Elizaran eta Neønymus musikaria.

    • 20:00. Kontzertua: Janus Lester

    • 22:30. Kontzertua: Belako

  • Irailak 28, larunbata.

    • 13:00. Dantza: Alurr. 

    • 20:00. Kontzertua: Mikel Urdangarin

    • 22:30. Kontzertua: Mugan

  • Irailak 29, igandea.

    • 11:00etatik aurrera. Tolosaldeko sortzaileen azoka. Produktuak: artea, arropa, serigrafia, pintura, bitxiak… Izen ematea uztailaren 15era arte, kultura@tolosa.eus helbidera idatzita.

Informazio guztia: https://kulturaplazara.eus/

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA