-
Bizikidetzaren inguruko elkarrizketa zabala eta zintzoa sustatzeko ekintza egitarau zabala antolatu da datozen hilabeteetarako, lehen bi ekitaldiak urrian izango dira: “viaje al fin de la noche” antzezlana urriaren 16an eta “Zubiak” dokumentala urriaren 28an, biak Leidor aretoan.
Urtero bezala, udazkenean bizikidetzarekin lotura estua duten bi zita izango ditugu, bizikidetzaz hitz egiteko bi abagune. Alde batetik, azaroaren 10a, biktima guztien memoria gurera ekartzeko baliatu izan dugun data, eta bestetik, abenduaren 10a Nazioarteko Giza Eskubideen eguna, hauen errespetua eta aitortza aldarrikatzeko eguna. Aurten eta aurreko urteetan hasitako bideari segida emanik, Tolosako Udalak, bertan ordezkaritza politikoa duten alderdi guztien adostasunarekin, data hauek baliatu nahi ditu bizikidetzan urratsak egiten jarraitzeko.
Oraingo honetan, bi egun horietara mugatu beharrean datozen hiru hilabeteetan zehar banatutako ekitaldi egitaraua eskaini nahi zaie Tolosako herritar guztiei. Bizikidetza, Memoria, Egia, Erreparazioa eta Giza Eskubideak muinean dituzten ekitaldiak izango dira. Bizikidetzaren inguruko elkarrizketa zabala eta zintzoa sustatzeko, norberak bere bizipenak azaleratzeko eta besteenak entzun eta onartzeko aukera emateko topagune ezberdinak sortu nahi izan dira.
Egitaraua osatzeko hiru helburu eta zenbait hausnarketa izan dira abiapuntu:
“Gure herrian, sufrimendu egoera asko eta oso desberdinak direla jabetzen gara, batzuk ezagunagoak, nabarmenagoak, baina badira ere isilean egunerokotasunari txertatuak eta gure ingurune hurbilean gordeta diren bizipen eta egoera isilagoak ere. Horiek azalera ekarri nahi ditugu”.
“Biktimen duintasuna berreskuratze horretan ere, guk Udal ordezkari bezala badugu ardurarik, izandako giza eskubide urraketa guztien inguruko ikerketa zorrotz eta zehatza ahalbidetuz, bai eta biktima guztien erreparaziorako eskubidea bermatzeko gure esku dagoen guztia eginez. Zeregin horretan abiatutako bideari jarraipena eman nahi diogu urrats berriekin”.
“Bizi izandako indarkeria eta giza eskubideen urraketek -eta egun ere urratzen direnak- eragin eta eragiten duten mina ezagutzeak, errepikatu nahi ez dugun bidea aurrez-aurre erakusten digu, eta bizikidetza justu eta osasuntsuaren alde lanean jarraitzeko indarra ematen digu. Berriz ere errepikatu ez dadin, giza eskubide guztiekiko errespetua aldarrikatu, indarkeria guztiak arbuiatu eta gainditzeko bideak ireki eta gure gizartearen aniztasuna errespetatu behar dugu guztiok”.
Udazkenean egitarau honen baitan antolatuko diren ekitaldiek formatu desberdinak izango dituzte: antzerkia, filmak, dokumentalak, mahai inguruak eta bestelako ekitaldiak. Hona hemen urrirako antolaturiko bi ekitaldiak:
Urriak 16, ostirala Leidor antzokian. “Viaje al fin de la noche”
Antzezlan hau, Proyecto 43-2 antzerki taldeak Euskal Herriak pairaturiko indarkeriaren eta bizi duen bake prozesuaren harira sorturiko trilogiaren azken lana da. Lan hauen bitartez, antzerkia gatazka eraldatzeko tresna bezala erabiltzea eta antzerkia “Bestearekin” topagune bilakatzea lortu nahi da.
Herritarrei zuzenduriko emanaldia, 20:30ean izango da, segurtasun neurri guztiak kontutan harturik.
Goizean zehar Tolosako zenbait ikastetxeetako bigarren batxilergoko ikasleekin saio pedagogikoak egingo dituzte Proyecto 43-2 taldeko kideek. Formatu txikiago batean eta eskolara egokitua, antzerkia lanabes bezala erabiliko da gatazken eraldaketan eta bizikidetzan gazteak trebatzeko. Covid egoera dela eta parte hartuko duten ikastetxeak lotzen ari gara, egungo testuinguruan hainbat gazte Leidor antzokian elkartu ordez, saioak ikastetxeetan bertan egitea egokiagoa delako.
Urriak 28, asteazkena, 20,00etan Leidor antzokian. “Zubiak”
Zuzendaritza: Jon Sistiaga, Alfonso Cortés-Cavanillas
Movistar + eta La Caña Brothers “ETA el final del silencio” izenburupean ekoiztutako 7 dokumentaletako lehena da. Hautsitako eta berreraiki daitezkeen zubien metafora erdigunean, bertan, ETAk 2000. urtean erail zuen Juan Mari Jauregiren historia jasotzen da, nagusiki Maixabel Lasa eta erailketan parte-hartu zuen Ibon Etxezarretaren arteko elkarrizketaren bitartez.
Ondorengo hilabeteetan antolatuko diren ekitaldi eta ekimenen berri ere emango da. Bizikidetza elkarrekin jorratu beharreko bidea den neurrian Udaletik, ordezkari politikoek beren arduren eremuan dagoena egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, bai eta bizikidetza esparru guztietatik bultzatzeko baliabideak jartzeko konpromisoa ere.