12 herrialde desberdinetako 19 taldek hartuko dute parte 53. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan

Tolosako Udala
2022/10/20 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Urriaren 28an hasi eta azaroaren 1ean amaituko da eta lehiaketako emanaldiak Leidor aretoan eskainiko dira. Horrez gain, kontzertu bereziak ere egingo dira Santa Klara eta San Frantzisko elizan.
  • Aurtengoan, berrikuntza gisa, haurren abesbatza lehiaketa berreskuratu da eta 7 haur abesbatzek hartuko dute parte

 

Datorren urriaren 28tik azaroaren 1era bitartean, 53. Tolosako Nazioarteko Abesbatzen lehiaketa ospatuko da. Guztira 12 herrialde desberdinetako 19 abesbatzek hartuko dute parte jaialdian; hain zuzen Letonia, Mexiko, Ukraina, Polonia, Suedia, Estatu Batuak, Eslovenia, Estonia, Irlanda, Txekia, Alemania eta Espainiakoak.

Olatz Peon, Tolosako alkatea: “Tolosako Abesbatza lehiaketa garrantzia bereziko lehiaketa da. Europako beteroenetakoa da eta urteen poderioz erreferente bilakatu da, bai herrian, baita herritik kanpo ere, Tolosa mundura begira jartzen duen lehiaketa delako, baina, aldi berean, baita nazioartea gurera begira jartzen duena ere. Lehiaketa honek gure kultura ezagutzera eman eta euskal kultura nazioartekotzen laguntzen du eta hori guztia posible da Tolosak eta bereziki tolosarrok kulturaren alde egiten duen apustuari esker”.

Horrez gain, alkateak esker mezua helarazi die Tolosako Ekinbide Etxeari zein erakunde laguntzaile eta boluntario lanetan aritzen diren herritarrei, beste urte batez, ekimen honetaz gozatzeko aukera eskaintzeagatik.

Lehiaketako saioak Leidorren izango dira, eta lehiaketaz gain, jaialdiko egitarau orokorra ere antolatu dute eta abesbatzen kontzertuak egingo dira Tolosako hainbat guneetan, hala nola, Santa Maria eta San Frantzisko elizetan.

Bueltan da haurren abesbatza lehiaketa

Aurtengoan halaber, berrikuntza gisa haurren abesbatza lehiaketa berreskuratu da. Lehiaketa hau bertan behera utzi zen 2017az geroztik eta 53. Edizio honetan, hain zuzen, y haur abesbatzek hartuko dute parte, Espainia, Txekiak Errepublika, Polonia, Suedia, Letonia eta Estoniatik eratorriak.

Honako lotura honetan kontsulta daiteke lehiaketaren egitarau osoa.