2018ko Tolosako iñauteriak, ate joka

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/02/01 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Aurtengoak otsailak 3an kaldereroekin hasi, 4, 8tik 13ra, eta Piñata igandearekin amaituko dira otsailaren 18an.
  • Olatz Peon Ormazabal alkateak aurkeztu du eragile ugarirekin bat “herritarren sormena protagonista” den 9 eguneko egitaraua: “herriko talde, banako zein elkarte orok jartzen du bere alea iñauterietan. Ezinbesteko alea”.

  • Sentsibilizazioa izango du ardatz Udalak, berdintasuna, botiltzarra, zarata, hondakinen prebentzioa eta errespetua hizpide duten kanpaina ezberdinekin.

 

 

Ostegun gizenerako astebete. Gaur zortzi festak eztanda egingo du. Asteburu honetan iragarriko dizkigute kaldereroek iñauteriak, musika banda eta txistulariekin batera. Ondoren etorriko dira txaranga doinuak, aisialdi taldeen desfileak, karrozak, mozorro koloretsuak... Aurtengoak otsailak 3an kaldereroekin hasi, 4, 8tik 13ra, eta Piñata igandearekin amaituko dira otsailaren 18an.

Olatz Peon Ormazabal alkateak aurkeztu du eragile ugarirekin bat “herritarren sormena protagonista” den 9 eguneko egitaraua. Bertan izan dira karroza eta konpartsen ordezkariak, txarangak, urteurren urtea duten Urdiña Txiki, Kabila eta Veletako kideak eta danborradako partaideak. Hain zuzen, alkateak, hilabeteak atzera hasitako prestaketa lanetan herriko eragile zein banakoen parte hartzea eskertu du: “herriko talde, banako zein elkarte orok jartzen du bere alea iñauterietan. Ezinbesteko alea”.

Egitarauari arretaz begiratuta, nabarmena da protagonista ugarik urteurren urtea dutela 2018. Hori ikusiko duten lehenengoak etxeko txikienak dira, Kalderero egunean egiten den Haur Jaialdiak mende erdia bete baitu. Hainbat txarangek ere urteurrena ospatzen dute; zaharrena Polvo y Paja txaranga da 90 urterekin, eta hurrengoak, Kabila eta Aiz Orratz, 75-ekin. Urte berberak ditu Urdiña txiki elkarteak, baina txaranga duela 50 urte atera zen kalera lehen aldiz. Bestalde, Alcoyano txarangak 60, Poca Tripak, 55 eta Sukaldek, 45 urte. Horiez gain, Tomas Hernandezek ere badu zer ospatu: aurtengoarekin 50 kartel egin ditu jada festarako. Omenaldia egin zitzaion pasaden urtarrilaren 25ean eta zabalik da 50 kartelekin osatutako erakusketa Aranburu Jauregian.

 

77 karroza eta konpartsak eta 1.400 haur inguruk koloreztatuko dituzte kaleak

Azken entseguetan murgilduta daude aisialdi taldeak eta azken ukituak ematen ari dira karrozak. Karrozak eta konpartsak osatzeko aurtengoan pabilioi berria eskuratu du Udalak. Bertan sartu dira karroza guztiak, 5 metrotik gorakoak. Gutxi gorabehera, 30. Gainontzeko konpartsak Ferialean daude. Iñauteriei begira udaltzainen laguntza izango dute estrukturak ekarri eta eramateko, ordu jakin batzuetan.

Badira bi urte karroza eta konpartsak geldirik egotea erabaki zela eragileekin elkarlanean, eta aurten ere, hala izango da. Hala ere, Olatz Peon Ormazabal alkateak aurreratu du ibilbidea zabaldu dutela: “Rondilla kalea eta San Francisco pasealekutik haratago, Oria kalean, Nafarroa etorbidean eta Foruen etorbidean kokatuko dira karrozak”. Azaldu duenez, kokapen zehatza dutenak 30 handiak eta hala eskatu duten beste hainbat txiki izango dira. Gainerakoak mugi daitezke. Horrela, bataz beste, 30 metroko tartea izango da karrozatik karrozara. Karroza eta konpartsa taldeekin adostua izan da neurri hau eta alkatearen hitzetan, helburu da “iñauteria herriko beste hainbat gunetara zabaldu eta aldi berean, Triangulo ingurua arintzea”.

Danborrada da ibilbide berri bati ekin diona. Danborrada suspertu eta eraberritzeko lanean dabil talde bat. Aldaketa nabarmenena izango da hasi eta amaitu Plaza Zaharrean egingo dutela, Trianguloan izan ordez. Horretaz gain, danborra jotzeaz gain, abestu ere egingo dute, eta Zerkausian afalduz amaitu.

 

Sentsibilizazioa, ardatz

Udalak hainbat sentsibilizazio kanpaina jarriko ditu martxan iñauteriei begira. Kanpaina guztiek beren ikus-entzunezko spota izango dute, pixkanaka Udalaren kanal ezberdinen bitartez zabaltzen joango direnak.

Berdintasunaren alorrean, Tolosak, EZETZ! kanpaina abiatuko da, hainbat esparrutan eraginez: herritarrei, Tolosak Ezetz! dioten txapak banatuko zaizkie. Eskuragarri egongo dira udal eraikinetan eta beste hainbat gunetan. Herriko merkatari eta ostalariei puntu morea eta Tolosak Ezetz! Kartelak helaraziko zaizkie. Gainera, ohiko eran, karroza berdinzaleena ere sarituko da.

Nerabeen Prebentzio Mahaia urte osoan ari da gazteek erabaki arduratsuak har ditzaten lanean. Alor honetan, Ondo pasa, pasa gabe! kanpaina jarri da abian. Gipuzkoa mailan, DBHko ikasleen guraso guztiei eskutitza helarazi zaie Udalak gaiarekiko duen ardura azalduz eta aholku ezberdinak emanaz. Heziketa saio ugari egin dira gainera gazteekin, zinema saioak edo antzerkiak esaterako. Bestalde, esku-hartzea egingo da kaldereroetan eta Astelenitan: asteburu honetan gazte-lokaletan informazioa banatuko dute Ai-Laket elkarteko kideek; eta astelehenean, berriz, Ai-Laket eta Inmakulada Gizarte Integrazioko ikasleek kale eskuhartzea. Taberna eta dendei 18 urtez berako gazteei alkohola ez saltzeko deia egin zaie, euskarri ezberdinak banatuz ere.

Zarata urtero urtero errepikatzen den gaia da iñauterietan. Karroza eta konpartsek iñauterietako ohiko doinuei, txarangak esaterako, eta ordu zehatz batzuetatik aurrera bizilagunen lo orduak ere errespetatzea dugu helburu. Oreka bilatu behar dugu. Megafonien inguruko arauak daude, muga zehatz batzuk, eta errespetatu egin behar dira.

Aipatu ere, Tolosako Udalak urte osoan garatzen duen hondakinen prebentzioarekin jarraituko duela. Iñauterietan ere birziklatu, berrerabili eta zaborra gutxitu behar dugu. Aldi berean, herria garbi mantentzea guztion lana da. Alkateak eskatu du garbiketa zerbitzuko langileek egiten duten lana “errespetatzea”.

Garraio publikoaren erabilera sustatuko du Tolosako Udalak, tren eta autobus zerbitzuak areagotuz eta orduak egokituz. Gainera aparkatzeko gune ezberdinak ditugu eta iñauterietarako egokituko dira. www.tolosa.eus -eko iñauterien atalean dago informazio guztia.

 

Zezen ikuskizunetarako internet bidezko sarrerak berehala agortu dira, baina izango da aukera gehiago

13 minututan agortu ziren astelehenean internetez salmentan jarritako sarrerak. Kopuru osoaren %70a. Izango dira sarrerak eskuratzeko aukera berriak:

  • Datorren astelehen eta asteartean, otsailak 5 eta 6, hurrenez hurren, Leidorreko lehiatilan.

  • Eta ikuskizun-egunean bertan agortu bitartean Zezen Plazako takilan.

Guztira egun bakoitzeko 4000 pertsonentzako aforoa du eraberritzearen bigarren fasea amaitu berri duen zezen plazak.


Udal web orriak, www.tolosa.eus -ek, iñauterietako ekitaldiak eskainiko ditu

Programan barneratuta dauden ekimen gehientsuenen jarraipena egingo da eta igande honetako Udal Musika Bandaren kontzertua, txupinazoa eta diana zuzenean emitituko dira tolosa.eus -en eta Udalaren komunikazio kanal orotan. Horrez gain, Tolosako iñauteriak youtubeko kanala eta sare sozialak (twitter, facebook eta instagram) abian dira, eta bertan ere zabalduko da. Seinale instituzional gisa zabalduko da eduki oro eta nahi duen ororen esku egongo da.

Tolosako udalaren eta Tolosako Iñauteriak sare sozialek unean uneko edukia zabalduko dute, eta herritar nahiz bisitariak #TolosakoIñauteriak traola erabiliz edukia elkarbanatzera gonbidatzen ditugu.

 

Egitaraua

 

 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA