2023 urteko Tolosako Inauterien jai egitaraua aurkeztu du Udalak eragileekin batera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/02/02 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Karroza eta konpartsen ibilbide eta antolaketan berrikuntzak txertatu dira, eta zarataren gaiari heltze asmoz, zaintza lanak egingo dira eta karrozen ibilbidean sistema elektrikoa jarriko da musika mugak zaintzeko eta zarataren neurketak ere egingo dira Inauteri egunetan.
  • Beste behin, prebentzioan arreta berezia jarri da, baita sentsibilizazioan ere berdintasunari, adin txikiko alkohol kontsumoari, garbitasunari eta zaratari lotuta. Lehen aldiz GUNE MOREA espazioa antolatuko da inauteri egunetan.
  • Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “Herritik eta herriarentzat antolatutako jaiak dira, guztionak eta guztiontzat: haur, gazte, heldu zein adineko pertsona, guztiek dugu gure tokia festan, guztiek dugu festaz gozatzeko eskubidea eta aukera, elkar errespetutik, elkarbizitza bermatuz, berdintasunean; erasorik gabeko jaiak nahi ditugulako, emakumeak libre eta seguru nahi ditugulako kalean, festan, espazio publikoaren gozamenean”.

 

Aurten bai erabateko normaltasunean ospatu ahal izango ditu Tolosak bere Inauteriak. Inauteri gogoz dago herria, prestaketa lanetan erabat murgilduta daude tolosarrak eta eragileekin batera antolatutako Tolosako Inauterien 2023 urteko egitaraua aurkeztu du gaur Tolosako Udalak.

Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkateak, eskerrak emanez hasi du agerraldia. “Hamaika bilera egin ditugu inauterien parte diren eragile guztiekin, udal sail desberdinak ere buru belarri aritu dira eta dabiltza lanean, herriari jai egitaraurik onena eskaintzeko, guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, aldez aurretik, beren lan eta ahaleginatik”.

Zarataren inguruko lanketak jarraipena izango du aurten

2020ko inauterietan abiatutako lanketari jarraipena emanez, karroza eta konpartsetako kideekin lanketa berezia egin da aurten, berrikuntzak txertatu dira kutsadura akustikoa murrizteko helburuarekin.

San Frantzisko kalean kokatuko dira 12 karroza, 2 Triangulo plaza parean eta gainerakoak Rondilla kalean. San Frantzisko kalean sistema elektrikoa jarriko da, eta Karroza eta Konpartsek argindarra bertatik hartuko dute, beraz, ez dute sorgailurik izango. Eremu horretatik kanpo daudenek, aldiz, sorgailuak erabiliko dituzte.

Ordutegia eta arautegia landu eta adostu da baita ere, soinu mugak errespetatzeko konpromiso osoarekin. Musika beranduenez 1:30ean itzali beharko da. Karroza txikin kasuan, horiek Foru kalean eta Nafarroa etorbidean kokatuko dira. Ordutegi eta arautegi zehatz batekin, aurrez partaideekin adostuta. Karroza txikiek musika 23:00etarako itzali beharko dute.

Era berean, zarataren neurketak egingo dira inauteri egunetan eta zaintza lanetarako talde bat osatuko da, une oro, karroza eta konpartsa guztiekin harremanetan egongo dena, neurriak eta musika mugak errespetatzen direla ziurtatzeko.

“Iaz eraikitako elkarlanerako zubiei esker, gazteekin, zein karroza eta konpartsetako kideekin lanketa berezia egin da aurten, orekak bilatu eta elkarbizitza bermatzeko, eta elkarrekin adostu ditugu neurriak, antolaketa eta arauak; baita ere parte hartzeko baldintzak, guztiek, baita karroza txikienek ere ekarpena egin beharko diotelako jaiari ikuskizun edota dantza bidez” azaldu du alkateak.

Zezen plazako sarrera-irteerak musikarik gabe egingo dira, iaz bezala eta Txarangak eta herritarrak zalditegitik sartuko dira. Zezen plazarako sarrera salmentaren eta edukieren inguruko argibideak datozen egunetan emango dira.

Prebentzioan arreta berezia eta GUNE MOREA, babes gunea, lehen aldiz Inauterietan

Beste urteetan bezala, prebentzioan arreta berezia jarri da, baita sentsibilizazioan ere berdintasunari, adin txikiko alkohol kontsumoari, garbitasunari eta zaratari lotuta. Datozen egunetan prebentzio bideoak zabalduko ditu Udalak gai horiei guztiei lotuta. Alkoholaren kontsumo arduratsua sustatzeko eskuhartze saioak ere egingo dira Inauteri egunetan.

Tolosako ikastxeekin “mimo alkohol” egitasmoa eraman da aurrera, antzerkiaren bidez, drogen eragina eta alkoholarena lantzeko. Emanaldiak ikastetxeetan egin dira eta horiei lotuta material didaktikoa banatu zaie ikasleei. Eskuhartze saio eta kale heziketa programei lotuta, Topaguneko hezitzaileak eta kale hezitzaileak inauteriei begira, kontsumo arduratsuari eta sexualitateari buruzko dinamikak gauzatzen ari dira. Eskuhartze saioak egingo dira, baita ere, gazte lokaletan eta kalean kalderero eta inauteri egunetan, alkoholaren eta sustantzieen kontsumoaren prebentzioa lantzeaz gain, indarkeria matxistaren kontrako aholkuak ere emango dira.

Garbiketari dagokionean, udalak urtero bezala, kaleak garbi mantentzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriko ditu, baina herritarren laguntza eta elkarlana ezinbestekoak dira Tolosa txukun mantentzeko. “2020ko inauterietan baino 3 tona zabor gehiago bildu ziren iaz, eta 768.400 litro ur erabili ziren kaleak garbitzeko; herria garbi mantentzea guztion lana eta ardura da, zabor gutxiago sortzea ere bai” gaineratu du alkateak.

Jai berdinzaleen alde, urrats garrantzitsuak egin dira azken urteotan. Iaz Jai Berdinzaleen alde 2021-2024 Ekintza Plana onartu zuen Udalak, berdintasunaren alde eta indarkeria matxista aurre egiteko orain arteko lanketari jarraipena eman asmoz.

Zentzu horretan, jarraipena izango du JOKA SANO! #LIBRENonahi kanpainak, eta lehen aldiz SEXU-BIZI GUNE MOREA espazioa antolatuko da inauteri egunetan. Gune hau, eraso matxisten aurkako babeserako, informaziorako eta aholularitzarako gunea izango da. Eskuhartzeak, harreman eta sexualitate osasuntsuak bultzea du helburu, prebentzioa osotasunean landuz eta jai inguruetara hurbilduz. Zabalik egongo da otsailak 19an eta 20an, Zaldunitan eta Astelenitan gaueko 24:00etatik 03:00etara, San Frantzisko eliza alboan.

JOKA SANO! #LIBRENonahi kanpainaren baitan, gazteekin egingo diren eskuhartzeetan banatuko dira kalkomaniak eta pegatinak ERASO MATXISTARIK GABEKO JAIEN ALDE eta horiek eskuragarri egongo dira baita ere eraikin publikoetan. Saltokietan, tabernetan eta kaleko panelen bidez ere zabalduko da kanpaina, informazioa eta udaltzaingoaren telefono zenbakia, erasoen aurrean herritarrek modu aktiboan erantzuteko. Tabernariei Alkateak sinatutako gutun bat bidaliko zaie, eraso matxista bat gertatzen denean jarraitu beharreko gomendioekin.

Herritarren segurtasuna bermatzeko, zaintza lanetarako errefortzua jarriko da eta Ertzaintza eta Udaltzaingoaren artean modu koordinatuan jarduteko protokoloa zehaztu da.

Parte hartze handia aurtengo Inauterietan

Izarne Iglesias, Kultur zinegotziak, azaldu ditu egitarauaren nondik norakoak. Beste urte batez, kaldereroek iragarriko dituzte Inauteriak otsailaren 11n; Kabi Alai kuttunak botako duen txupinarekin, baina, emango zaie hasiera festei Ostegun Gizenean.

Ostiral Meheko danborradan 60 eta Zaldunita bezperako danborradan 100 pertsonek parte hartuko dute. Haurrek ere izango dute bere tartea; haur danborradan 400 haur daude-eta izen emanda eta ohikoa den egitarauz gain, Txutxu trena ere izango da larunbat goizean.

19 karroza eta konpartsek izena eman dute aurtengo Inauterietarako eta 15 karroza txiki ere aterako dira kalera; astelenitan, haur eta gazteen egun berezi eta handian, 5 asiaildi talde eta ia 1400 haur arituko dira dantzan kalean.

Astelenitako programazioari dagokionez, bereziki gazteei zuzendua egongo da aurten ere, 14:30ean Pottotte elektrotxaranga Oria kaletik abiatuko da Alhondegi plazaraino. Plazan bertan, Gazteako gunea antolatuta da eta 16:00etatik hasita 19:00ak arte Ayvee + DJ Oihan Vega izango dira plazan.

Aurtengo beste berrikuntza batzuen artean daude: Sokamuturraren lekualdaketa, Plaza Zaharrean egingo baita aurten.

Karrozen lehiaketan ere aldaketak egin dira, Karroza eta Konpartsetako kideekin adostuta, eta sarien arabera datorren urtean lekua aukeratzeko aukera izango dute.

Eta aipamen berezia, Sukalde txarangari, 50. urteurrena dela eta. Urteurrena ospatzeko, inauterietan Habanera berria estreinatuko du txarangak ‘Habanera Sukalde’ izenekoa eta elkarteko kide batek sortutakoa izan dena.

Berdintasunaren eta elkarbizitzaren aldeko aldarria

Agerraldiari amaiera emateko, tolosar guztiei zuzendutako mezua zabaldu du alkateak: “topaketarako, elkarrekin eta alaitasunez bizitzeko eta gozatzeko jaiak dira inauteriak, eguneroko kezkak atzean utziz, lagun artean eta familian ondo pasatzeko. Herritik eta herriarentzat antolatutako jaiak dira, guztionak eta guztiontzat: haur, gazte, heldu zein adineko pertsona, guztiek dugu gure tokia festan, guztiek dugu festaz gozatzeko eskubidea eta aukera, elkar errespetutik, elkarbizitza bermatuz, berdintasunean. Erasorik gabeko jaiak nahi ditugulako, emakumeak libre eta seguru nahi ditugulako kalean, festan, espazio publikoaren gozamenean. Inauterietan. Beraz, gozatu aurtengo inauteriez elkar errespetatuz, guztionak eta guztiontzako jaiak izan daitezen” amaitu du alkateak.

EGITARAUA

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA