Abesbatza jaialdia, Euskararen Egunean hitzaldia, Gure Zirkua, ikastaroak, erakusketak eta zinea aste honetan Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/12/01 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Hainbat kultur ekimen eskainiko dira aste honetan Tolosan: Abesbatza jaialdia, Euskararen Eguna ospatzeko hitzaldia Maialen Lujanbioren eskutik, Gure Zirkua, erakusketak, ikastaroak eta zinea, besteak beste.

  • Sarrerak eskuragarri Kutxako webgunean edo Leidorreko lehiatilan.

 

 

Kultur eskaintza zabalarekin hasiko da abendua Tolosan. Honakoak dira aste honetako kultur jarduerak:

Gaur, abenduak 1, “Indarkeria matxistari aurre egiteko esperientzia kolektiboak” mahai ingurua egongo da, 18:00etatik 20:00etara zoom bidez. Hizlariak izango dira Pepa Bojo Ballester (Jabetze Eskoletako hezitzailea eta emakumeen aurkako indarkeriaren terapeuta), Aitziber Borgas Unanue (Basauriko Zure Ondoan Taldea), Nerea del Campo (Eibarko Mujeres al Cuadrado Elkartea), Ana Lopez (Donostiako Emakumeen Etxeko Las Antiagresiones Batzordea), Yolanda Torres (Guerreras, Deba Garaiko Emakumeen Elkartea) eta Beatriz Zalakain (Sorburu Kooperatiba Feminista).

Abenduaren 3an, Euskararen Eguna ospatzeko, “Hemendik joaten da mundura? Hizkuntzaz eta sorkuntzaz kontu batzuk” hitzaldia eskainiko du Maialen Lujanbiok 18:30etan Tolosako Kultur Etxean. Euskaraldiaren baitan antolatu du Udalak ekimena, eta sarrera doakoa da: Tolosako Kultur Etxean eskuratu daiteke 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta baita Galtzaundiren egoitzan aurrez aurre edo 943 655 004 telefonora deituta.

Egun berean, abenduaren 3an, hasiko da 12 eta 16 urte bitartekoei bideratutako argazki lehiaketa, Tolosako Topaguneak antolatuta. “Zer egiten dute gazteek denbora librean?” da gaia eta abenduaren 13ra bitarte bidali daitezke argazkiak topatolosa@gmail.com helbidera. Izen abizenak eta teléfono zenbakia adierazi behar dira mezuan. Sari banaketa abenduaren 20an izango da.

Krepe tailerra ere egongo da abenduaren 3 eta 4an Tolosako Kultur Etxean, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat. Ezinbestekoa da izen ematea @topaguneatolosa Instagram kontuan.

Bestalde, aste honetan hasiera emango zaie Kzguneak Tolosan antolatutako ikastaro batzuei, hala nola, “Gmail posta-elektronikoa baino gehiago” tailerra abenduaren 1ean hasiko da eta “Informatika hodeian” ikastaroa abenduaren 3an.

Abenduaren 4tik 30era Gure Zirkua Tolosan izango da. 22 saio eskainiko dira guztira eta sarrerak salgai daude egunero 15:00etatik Aurrera www.gurezirkua.eus webgunean eta Zirkuko takillan.

Astero lez, ostegunean, azaroak 26, zine foruma egongo da eta aste honetan Zumiriki filma eskainiko da jatorrizko bertsioan, gaztelerazko azpitituluekin. Nafarroako Pirinioetako basoetan isolatutako naufrago baten istorioa kontatzen du. Naturarekin eta haren haurtzaroarekin adiskidetzea du helburu, eta haren ardatz nagusia zain egotea da. Sarrerak online eta Leidorreko lehiatilan eskuratu daitezke.

Urtarrilaren 9ra arte Aranburu Jauregian dauden bi erakusketa ere bisitatu daitezke aste honetan, 17:30etatik 20:30etara bisitatu ahalko dira astearte, asteazken, ostegun, ostiral eta larunbatean. Alde batetik, Karelia, Tytti Thusberg-en moda jasangarriaren inguruko erakusketa dago, hondakinak prebenitzeko astearen baitan antolatutakoa, eta, bestetik, Berdintasun sailak azaroaren 25aren harira antolatutako “Sorginak – Brujas” erakusketa, XV. eta XVIII. mendeen artean “sorgin ehiza” deiturikoan izandako sarraskien inguruan hausnartzen duena.

Aste honetako zine saioei dagokienez, helduentzat Akelarre pelikula eskainiko da larunbatean, igandean eta astelehenean, 19:00etan. Haurren zinemari dagokionez, “Stardog & Turbocat” filma egongo da ikusgai igandean 16:00etan. Sarrerak online ta Leidorreko lehiatilan erosi daitezke.

Abesbatza jaialdia

Abenduaren 8tik 19ra bitarte, Abesbatza Jaialdia egingo da Tolosan. Urtero azaroan izan ohi da, baina egoeragatik atzeratu da aurten. San Frantzisko Elizan eskainiko dituzte kontzertuak abesbatzek, 19:00etan. Abenduaren 8an Euskal Herriko Gazte Abesbatzak eskainiko du emanaldia, abenduaren 11n, berriz, Conductus Ensemble abesbatzak eta 12an Suhar Koruak. Abenduaren 13an Kea Ahots Taldearen txanda izango da eta 19an, amaitzeko, Kup Taldeak emango du jaialdiko azken kontzertua.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA