Abian da Bizilabe Tolosaldea, eskualdeko gazteen artean zientzia eta teknologia bultzatzeko aisialdiko egitasmo berria

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/06/12 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • 2020ko urritik 2021eko ekainera bitartean, 10-14 urte bitarteko gazteek zientzia eta teknologia proiektuak egiteko aukera izango dute ikertzaile profesionalen eta hezitzaileen laguntzarekin.

  • Eskualdeko industria sektorea sustatzea, eta bestetik, teknologiaren eta teknikaren alorrean kualifikazio handiko profesionalak sortzeko apustua egiten du proiektuak.


 

2020-2021 ikasturtean, Bizilabe Tolosaldea aisialdi-eskaintza jarriko da martxan Tolosaldeko udalen eta Tolosaldea Garatzenen zein Elhuyarren eskutik. Eskualdeko gazteek (2007 eta 2010 urteen artean jaiotakoek) zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa, ekintzailetasuna eta sormena landuko dute bertan. Horretarako, tailerretan parte hartu eta proiektuak egingo dituzte, STEAM (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) arloetan profesionalak diren hezitzaileen laguntzarekin, haien gaitasunak garatu eta jabekuntzan aurrera egiteko.

 

Bestalde, eskualdeko industria sektorea sustatzeko eta teknologiaren eta teknikaren alorrean kualifikazio handiko profesionalak sortzeko apustua egiten du proiektuak.

 

Elhuyarrek 2011tik martxan duen gazteentzako ikerketa zentroen sarea da Bizilabe. Bilbon, Nerbioi-Ibaizabaleko herrietan eta Debabarrenako herrietan du eskaintza, eta, esan bezala, 2020-2021 ikasturtean, Tolosaldera iritsiko da. Proiektua abiatzeko, eskualdeko bi hirigune nagusietan irekiko dira Bizilabe zentroak, Tolosan eta Villabonan. Tolosako kasuan, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak berritu berri duen instalazioetan gauzatuko dira ekintzak.

 

Eskolak ostegunetan izango dira. 17:15etik 18:45era bitartean 2009 eta 2010 urteen artean jaiotakoek hartuko dituzte eskolak, eta 18:45etik 20:15era 2007 eta 2008 urteen artean jaiotakoek. Hilean 10 euro ordaindu beharko du ikasle bakoitzak.

 

Izen-ematea zabalik dago

 

Zabalik da jada Bizilabe Tolosaldea 2020-2021 eskaintzan izena emateko epea, Bizilabe Tolosaldearen webgunean: https://bizilabe.elhuyar.eus/eu/tolosaldea.

Guztira, 30 plaza eskainiko dira Tolosan. Izen-emateek eskainitako plaza kopurua gaindituz gero, itxaron-zerrenda osatuko da. Bestalde, izena ematerako orduan, honako lehentasunezko irizpideak kontuan hartuko dira: izen-emateen hurrenkera, genero aniztasuna (40/60 ordezkaritza) eta eskualdeko herrien arteko aniztasuna, biztanle kopurua kontuan izanik (plazen herena Tolosarentzat izango da).

 

Bizilabe Tolosaldearen inguruko informazio gehiago Bizilabe proiektuaren webgunean, bizilabe.tolosaldea@gmail.com helbidera idatzita edo 688 632 691 telefonora deituta eskura daiteke.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA