Abian da San Joan jaiak iragartzeko kartel lehiaketa

Tolosako Udala
2023/04/17 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Lanak maiatzaren 5a arte aurkeztu ahal izango dira fitxategi digital batean, udal webgunearen bitartez.
  • Kartel irabazlea epaimahai bidez erabakiko da eta lan aukeratua maiatzaren 11tik aurrera iragarriko da.

              

Aste Santuak amaituta, Tolosako Udalak 2023ko San Joan jaien antolaketari heldu die jada eta horretarako lehen urrats gisa, festak iragartzeko kartel lehiaketa abiarazi du.

Udaleko Kultura, Festak eta Gazteria Sailak prestatutako oinarriei jarraiki, lehiaketa irekia da parte hartu nahi duten guztientzat. Gaia, koloreak eta lana egiteko teknika libreak diren arren, aurkeztutako proposamen guztiak originalak izan behar dute eta ondorengo esaldia jaso beharko dute: ‘Sanjoanak 2023, ekainak 23-25 / Tolosa’. Horrekin batera, Tolosako ikur komunikatiboa ere integratu beharko dute.

Kartel proposamenen neurri bertikalak 50x70 zentimetroko proportzioa izango dute eta formatu digitalean aurkeztu behako dira, irudi bektoriala duen artxibo batean. Artxiboaren gutxieneko erresoluzioa 300ppp-koa izango da eta gehienez 5 MB izango ditu. Irabazle aukeratzen den lanaren egileak bereizmen altueneko formatuan aurkeztu beharko du bere proposamena.

Partaide bakoitzak gehienez 3 proposamen desberdin aurkeztu ahal izango ditu, guztiak fitxategi digital moduan, Tolosako Udalak bere webgunean (http://www.tolosa.eus) horretarako prestatutako aplikazioaren bitartez. Aplikazio horretan kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio eta zenbaki hori izango da epaimahaiarentzat kartelaren identifikatzailea. Fitxategiaren izenean lema baino ez da azaldu behar eta lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 5a izango da (eguerdiko 14:00ak arte).

Behin proposamen guztiak jasota, Kultura, Festak eta Gazteria Departamentuak izendatutako epaimahaiak aukeratuko du kartel sariduna, zeina, maiatzaren 11tik aurrera jakinaraziko den.

Irabazleak 500 euroko saria jasoko du eta honi dagokion atxikipena edo erretentzioa egingo zaio. Era berean, saritutako kartela eta beronen era guztietako erreprodukzio eskubideak Tolosako Udalaren jabetzapean geratuko dira.

Lehiaketari buruzko informazio gehiagorako kultura@tolosa.eus helbidera idatzi daiteke, edo 943670388 telefono zenbakira deitu.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA