Adimen artifizialean emandako aurrerapausoak, sare sozialen eragina eta bideo-jokoen erabilera segurua, Gipuzkoa Encounterren aztergai

Tolosako Udala
2021/03/22 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • SPRI taldearekin elkarlanean antolatutako 12 prestakuntza-saioak Euskal Encounterren Twitcheko eta Youtubeko kanaletatik jarraitu ahal izan dira zuzenean, eta orain, topaketa amaituta, ikusgai daude guztiak.

  • 456 lagun aritu dira hiru egunotan lanpartyak eskainitako jarduera-arlo guztietan esku hartzen. Arte digital, programazio, hardware, bideo-joko eta zibersegurtasun arloetako 22 lehiaketetan parte-hartze handia izan da.

  • COVIDaren eraginez, beharrezkoa izan da, bigarren urtez, urtero Tolosan ospatzen den hitzordua online formatura egokitzea. Parte-hartzaileek elkarrekin hartu-emanean jarduteko aukera izan dute hainbat areto birtuali esker.

  • Gipuzkoa Encounter Euskaltel Fundazioak antolatu du, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRI taldearen bidez) laguntzarekin.

 

 

Gipuzkoa Encounter topaketa teknologikoak oso nota ona lortu du 15. edizioan, pandemiak ezarritako mugak gaindituz. 456 lagun aritu dira hiru egunotan lanpartyak eskainitako jarduera-arlo guztietan esku hartzen, eta parte-hartze oso handia izan da arte digital, programazio, hardware, bideo-joko eta zibersegurtasun arloetako 22 lehiaketetan. Euskaltel Fundazioko zuzendari eta bilkuraren koordinatzaile Sabino San Vicente oso pozik agertu da partyarekin, eskainitako edukiekin eta parte-hartzaileen inplikazioarekin, baita partaideen, babesleen eta antolakuntzaren arteko lankidetza bikainarekin ere.

Adimen artifizialean emandako aurrerapausoak, sare sozialen eragina edo bideo-jokoen erabilera segurua izan dira Gipuzkoa Encounterren elkartutako adituak aztertzen aritu diren erronka teknologikoetako batzuk. Streaming bat modu egokian egiten eta musika digitala sortzen ikasteko gakoak ere ezagutarazi dituzte.

Antolatutako 12 hitzaldiak edonorentzat ikusgai izan dira, zuzenean, Euskal Encounterren Youtubeko eta Twitcheko kanalen bitartez, eta ikusgai geratu dira orain, topaketa amaitu ostean, ikusi nahi dituztenentzat.

Parte-hartzaileek elkarrekin hartu-emanean jarduteko aukera izan dute hainbat areto birtuali esker. Bestalde, Youtubeko kanalaren bitartez emandako hitzaldiek eta Twitch plataformaren bitartez igorritako Encounter TV programak jarraipen handia izan dute, eta ikasteko nahiz txat-aren bidez iritziak eta ezagutzak partekatzeko aukera izan da.

 

Horrez gain, jarduera eta lehiaketa eskaintza zabalari esker –sormen digital (diseinua, musika digitala, ikus-entzunezko ekoizpenak, argazkilaritza…), programazio, hardware, bideo-joko eta zibersegurtasun arloetan–, euren intereseko txokoa topatu ahal izan dute parte-hartzaile guztiek.

 

Topagunea

Aurten ere, isolamenduari aurre egiteko baliogarria izan da Gipuzkoa Encounter birtuala. Hain zuzen, partaideengandik jasotako lehen iritziek helburu hori beti egin dela adierazten dute; eta topaketa presentzialak egitea segurua den artean, Euskaltel Fundazioak antolatutako online bilkurak ekimen egokiak direla egiaztatu da, teknologia berrien zaleek elkartzeko, ezagutzak partekatzeko eta gozatzeko aukera izan dezaten.

 

Bilkura Euskaltel Fundazioak antolatu du, pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko loturak sortzen eta indartzen laguntzeko IKTen erabileraren inguruan. Gipuzkoa Encounterren laguntzaile dira, gainera, Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamentua eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila (SPRI-ren bitartez).