Astelehenean zabalduko da Kultur Etxeko tailer eta gazte ikastaroetan izena emateko epea

Tolosako Udala
2023/09/08 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • 12 ikastaroko eskaintza osatu da: ikasturte osoan zehar egin ahal izango diren 9 kultur ikastaro, eta urte amaiera bitarte eskainiko diren gazteentzako beste 3.
  • Iazko ikasleek irailaren 11tik 15era eman ahal izango dute izena; berriek, aldiz, irailaren 18tik 22ra. Gazte ikastaroen kasuan, izen ematea irailaren 12tik aurrera egin ahal izango da.

 

Datorren astelehenan zabalduko da Kultur Etxeko ikastaroetan izena emateko epea. Ohiko moduan, eskaintza orokorra kultur tailerrek eta gazte ikastaroek osatuko dute. 

Urtero 200dik gora herritarrek parte hartzen dute ikastaro horietakoren batean eta, Goiuri Eceiza, Kultura zinegotziaren esanetan, “horrek argi erakusten du Tolosan badela sormen artistikoetarako jakinmina”. Era bertan, tailer hauetan parte hartzeak “onura indibidual eta komunitarioak” dituela azpimarratu du: harremanak egitea, ikastea, buru-osasuna… 

Bederatzi kultur tailer

Ohiko moduan, aurtengo ikasturtean ere kultur tailer eskaintza zabala izango da aukeran: antzerkia, argazkigintza, balleta, dantza garaikidea, pintura, zeramika… Taldeak gutxienez 8 lagunekoak izango dira eta plaza kopurua baino eskaera gehiago jasotzen dituzten kasuan matrikula eskubidea zozketa bidez erabakiko da. Hauxe da tailerren eskaintza:

  • Antzerkia (helduak)
  • Argazkigintza hastapena (helduak)
  • Balleta
  • Balleta puntak
  • Dantza garaikidea (helduak). Ohiko taldea eta hastapen taldea. 
  • Ehoziri lana eta patchwork-a (helduak)
  • Pintura marrazketa (helduak)
  • Eskulanak (6-10 urte)
  • Zeramika (helduak)

Ikastaroen inguruko informazioa: ordutegiak, egunak...

Matrikulazioa: noiz, non eta nola egin

Kultur tailerretako iazko ikasleek irailaren 11tik 15era bitarte izango dute matrikula egiteko aukera eta ikasle berriek, aldiz, hilaren 18tik 22ra bitartean. 

Kultur tailerren kasuan, izapideak Internet bitartez egin behar dira udalaren webgunean, Kultura, Gazteria eta Jaiak Sailaren atalean. Zalantzak argitzeko edota laguntza behar izanez gero, kultur bulegora bertaratu edota 943 67 03 83 telefonora deitu ahal izango da. 

Hobariak Tolosaldeko ikasleentzat

Familia ugariek edo guraso bakarrekoek hobariak izango dituzte udal ordenantzen arabera. Bestalde, hobari bereziak ere izan ditzakete, hala eskatzen dutenek, udal ordenantzetan zehazten diren baldintzak betetzen badituzte, eta bizikidetza unitatearen baldintza ekonomikoaren araberako hobariak ere badaude. 

Horrez gain, urte osorako izena emanez gero, ordainketa egiteko 2 aukera eskainiko dira: ordainketa bakarra edo bi zatitan banatuta (%50a abenduaren 11ean eta %50 urtarrilarren 15ean).

Urritik abendura izena emanez gero, aldiz, kuota osoa abenduaren 11n kobratuko da. 

Gazte ikastaroak

Kultur tailerrekin batera, gazte ikastaroetan izena emateko epea ere zabalduko da, baina kasu honetan, irailaren 12tik aurrera, plazak bete arte. Ikastaro hauek urritik abendura eskainiko dira, euskara hutsean, eta 16tik 35 urte bitarteko herritarrei zuzenduta daude. 

Aurtengoan, Dancehall, kosmetika natural eta joskintza ikastaroek osatuko dute hiruhileko honetarako eskaintza. 

  • Dancehall: ikastaro hau urriaren 16tik abenduaren 4a bitarte eskainiko da. Guztira 2 orduko 8 saio izango dira, guztiak astelehenetan, 18:30-20:30 bitartean. 20€-ko kostua du. Ikasleek arropa zein oinetako erosoak eraman beharko dituzte.  
  • Kosmetika naturala: urriaren 18an hasi eta abenduaren 20an amaituko da. Kasu honetan ere, 2 orduko 8 saio izango dira eta asteazkenetan eskainiko dira, 17:00-19:00 bitartean. Izen ematea 20€ dira eta beharrezko material gisa tanita, morteroa eta kristalezko ontzia eraman beharko dituzte ikasleek. 
  • Joskintza: Patroigintza eta moda diseinua izango ditu oinarri ikastaro honek. Urriaren 19an hasi eta abenduaren 14an amaituko da. 2 ordu eta erdiko 10 saio izango dira, ostegunetan, 18:30etik 21:00etara. Izen ematea 25€ dira eta ikasleek josteko makina eraman beharko dute. 

Matrikulazioari dagokionez, izen ematea online egin beharko da. Matrikula orria eskuragarri dago udal webgunean, Gazteria atalean. Behin hori behar bezala beteta, emailez bidali beharko da gazteria@tolosa.eus helbidera. Ordainketa kreditu txartelarekin egingo da behin plaza konfirmatutakoan. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA