Datorren maiatzaren 27an ospatuko da Musikherria, Tolosako kaleko musikaren eguna. Izenak berak ondo dioen moduan, musika herriko gune askotara eraman ohi duen festa-eguna da. Hala, goizetik dultzaina, txistu edo txaranga doinuak entzun ahal izango dira Amarotz, Izaskun, San Esteban, Iurreamendi, Iurre, Berazubi edota Larramendi auzoetan.
Patxi Amantegi, udal zinegotziak prentsaurrean adierazi bezala, “kulturalki herri bizia da Tolosa, hainbat talde eta eragilek egiten duten lanari esker, herri izaerari eta kultur sormenari lotuta. Horren adibide da, esaterako, Musikherria, Tolosako plazak eta auzoak girotzen eta alaitzen dituen egitasmoa. Esker hitzak besterik ez ditugu aurtengo edizioan parte hartuko duten talde guztientzat, eta tolosarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditugu, egun polita izango da eta”.
Aurreko urteetan musika eragile desberdin askok hartu dute parte egitasmoan, eta aurtengoan ere, ez da gutxiago izango. Maiatzaren 27an berrehundik gora izango dira parte hartuko duten musikariak, hogei bat musika-taldetan banatuta.
“Musikherria hitzordu garrantzitsua bilakatu da musika talde askorentzat. Talde bakoitzaren lanari merezi duen balioa emateko egunaz gain, jai giroan gozatzeko eguna ere badelako. Baita elkar ezagutu, eta saretzeko aukera ematen duen festa bat ere”, azaldu dute antolatzaileek.
Musika protagonista Tolosako kale eta txoko guztietan
Goizeko dianak egin ostean, erdigunean zentratuko da giroa: auzoetan ibilitako taldeak Alde Zaharrera gerturatuko dira; eta hori ez ezik, beste bi gunetan geldikako kontzertuak entzuteko aukera izango da 12:00etatik aurrera: Plaza Berrian eta Lopez Mendizabal plazan.
Arratsaldea Jarauta 69 txaranga iruindar ezagunak girotuko du. Eta gauean, berriz, bi kontzertu izango dira, Plaza Berrian.
Alde batetik, Euskal Herriko musika eszenan indar handiz sartu den erritmo biziko talde bat: Goxua n’ Salsa. 60, 70 eta 80ko hamarkadako New Yorkeko, Kolonbiako eta Puerto Ricoko erritmo latino eta salsa doinuak euskarara ekarri dituen lehen orkestra da, Nafarroan sortua. Jatorriz kolonbiarrak dira taldekideetako sei, eta euskaraz ikasi dute gainerako taldekideen laguntzari esker.
Egunari amaiera, berriz, Akerbeltz erromeria taldeak emango dio. 15 urte baino gehiago daramatza oholtzaz oholtza, eta aurten ikuskizun berritzailea prestatu dute.
Bazkari herrikoia Zerkausian
Urtero moduan, parte hartzaile guztien arteko bazkaria egingo da Zerkausian, baina edonork izango du bertaratzeko aukera, ticket-a erosita. Ikatza eta Orbela tabernetan daude eskuragarri, 15 euroko salneurrian –haurren ticket-en kasuan 6 euro.
Hona hemen egitarau osoa:
10:00etan: Larramendi, Amarotz, Izaskun, San Esteban, Iurre eta Berazubi auzoetan
Tolosako Dultzaineroak, Giro Arte dultzaina taldea eta Iraunkorrak txaranga
11:00etan: Kalez kale
Musika Taldeak: Eduardo Mokoroa musika eskolako ikasleak, Udaberri fanfarrea, Konponezinak txaranga, Isidro Larrañaga musika eskolako ikasleak, Uztaritzeko Herri Soinua elkartea, Laskotxaranga.
12:00etan: Alde zaharreko kaleetan
Tolosa Kantari
12:00etan: López Mendizabal plazatxoan
Lask abesbatza
Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestra
Musika eskolako klarinete taldea
12:00etan: Plaza Berrian
Hodeiertz abesbatza
Garena Taldea
Garigabeak taldea
The Konbix taldea
14:30ean: Zerkausian
Herri Bazkaria, Laskorain ikastolak prestatua. Irabaziak Zutani elkartearentzat izango dira. Tiketak: Orbela eta Ikatza tabernetan
18:00etan: Alde zaharreko kaleetan
Jarauta 69 txaranga
22:00etan: Plaza Berrian
Goxuan Salsa taldearen emanaldia
00:00etatik aurrera
Erromeria Akerbeltz taldearekin