Egoerara egokitutako Gabonetako egitaraua antolatu du Udalak

Tolosako Udala
2021/12/15 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Kutsatze tasaren goranzko joera dela-eta, neurriak hartu ditu Udalak Gabonetako programazioari dagokionean; azoka berezia egingo da, postu gutxiagorekin eta bi espaziotan banatuta; Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak Gure Zirkuan izango dira haurrak agurtzen, eta Olentzaroren Basoa bisitatu ahal izango dute Elosegi parkean haurrek zein helduek.

Kutsatze tasak gora egiten jarraitzen du Tolosan (azken datuen arabera, intzidentzia 1824 kasukoa da). Lehen olatuaz geroztik, intzidentzia tasa daturik txarrenaren aurrean dago Tolosa, Gipuzkoa eta baita EAE. Egoera, beraz, kezkagarria da.

Positiboak areagotu ahala, ospitaletako egoera ere okerrera egiten ari da, eta ZIUn ere goranzko joera nabari da. Birusa, gainera, umeengan izaten ari da eragina eta herriko ikastetxeetan 24 ikasgela daude itxita gaurko egunez (600 ikasko baino gehiago bakartuta).

Egoera hori guztia kontuan izanik, eta lehentasuna birusaren hedapena mugatzea eta, bereziki, tolosarren osasuna zaintzea izanda, egoerara egokitutako gabonetako egitaraua antolatu dute Udalak eta herriko eragileek eta taldeek, egunotako magiari, ilusioari eta berezitasunari ahal den neurrian eusteko, baina modu seguruan.

Azoka berezia, postu gutxiagorekin eta bi espaziotan banatuta

Gabonetako azoka berezia Plaza Zaharrean eta Alondegia plazan egingo da aurten. Beste urteetan baino postu gutxiago egongo dira, distantziak mantentzeko lekua egon dadin eta jende pilaketak ekiditeko. Modu honetara, larunbatetako azokari ere leku berezia emango zaio.

Azoka bereziari lotuta, Plaza Zaharrean 8 postu egongo dira eta Alondegian 24 postu. Postu denak elikagaien inguruko postuak izango dira.

Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak Gure Zirkuan eta Olentzaroren Basoan

Aurten ere Tolosako gaztetxoenak ez dira Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak ikusi gabe geratuko.

Egoeraren bilakaera ikusita, eta garrantzitsuena osasuna zaintzea izanik, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen etorrera antolatzen duten eragileekin batera, ohiko ekitaldiak modu berezian egitea erabaki du Udalak.

Hala, Olentzero, Mari Domingi zein Errege Magoak Gure Zirkuan elkartuko dira haurrekin. Arriskuak gutxitzea eta haurrei zein familiei eremu seguru bat eskaintzea izan da erabaki honen helburua, beti ere haurrei gabonekin lotutako pertsonaia berezi hauekin egoteko aukera eskainiz. Izan ere, etxeko txikienentzat garrantzitsuena pertsonaia horiek agurtu, ikusi eta haiengana hurbiltzeko aukera izatea baita.

Dagoeneko, Olentzero eta Mari Domingi zein Errege Magoak ikusteko gonbidapenak jarri dira herritarren eskura, hala, jende pilaketak ekidin ahal izateko.

Abenduaren 24an 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da Olentzero eta Mari Domingi Gure Zirkuan bisitatzeko aukera, eta, urtarrilaren 5ean ordutegi berean agurtu ahal izango dira Errege Magoak Gure Zirkuan. Gonbidapenak Bibe plataforman eskura daitezke.

Olentzaroren Basoak ere ateak zabalduko ditu berriz aurten Elosegi parkean. Kriseilu bat eskuan hartuta, ordubete inguruko ibilaldi antzeztua egingo da arratsaldero, abenduaren 17tik 23ra. Zumardia elkarteko kideek gidatuko dituzte haurrak Olentzaroren basoan zehar, usadio zaharrak kontatuz, Eguberrien zentzua berreskuratzeko. Gehienez 20 pertsonako taldetan egingo dute ibilaldi bakoitza, 17:30etan hasita hogei minutuero, eta azken hitzordua 20:10ean izango da. Azken hitzordu hau helduei soilik zuzenduta egongo da. Sarreren truke borondatea eskatu dute Zumardia Elkartekoek, eta jasotako dirua Aita Mari GKE-ra bideratuko dutela adierazi dute.

Haur parkea  bueltan, Topaguneko programazio berezia eta haur zinea

Abenduaren 27an, 28an eta 29an haur parkea jarriko da, berriz ere, Zerkausian. 11:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da erabilgarri. Ordu erdiro 80 haur sartu ahal izango dira parkera: 0-7 urte bitarteko 40 haur eta 8-12 urte bitarteko beste 40.

Haur eta gazteentzako zine programazio berezia antolatu da Gabonetarako, eta Gazte Topaguneak ere ekintza bereziak antolatu ditu nerabeentzat.

Haur zineari dagokionez, pelikula guztiak 17:00etan izango dira Leidorren. Abenduaren 19an “Trash” pelikula emango da eta abenduaren 26an eta urtarrilaren 1ean eta 2an “Spider Man: Sin camino a casa” filma. Abenduaren 30ean, aldiz, “Encanto” pelikula proiektatuko da Leidorren.

Topaguneak gazteentzako eskaintza berezia antolatu du beste urte batez, Gazte Astea, alegia. Abenduaren 16an futbolin txapelketa egingo da 17:30etan Topagunean. Abenduaren 27an Donostiara irteera egingo da, laser tokira zehazki, arratsaldez. Abenduaren 28an telazko poltsak atontzeko tailerra egingo da 16:00etan Topagunean bertan, eta abenduaren 29an Txuri Urdin izotz jauregira irteera antolatu dute goizez. Abenduaren 30ean, miniatura tailerra egingo da 16:00etan Topagunean. Donostiako irteeretan parte hartzeko 10 euro ordaindu beharko dira.

Hainbat kultur eta kirol jarduera tolosar guztien gozamenerako

Aipatutako ekintza bereziez gain, tolosar guztiei zuzendutako beste hainbat jarduera antolatu dira aurten ere, eta ekimen guztietan prebentzio eta segurtasun neurriak zorrotz jarraituko dira.

Abenduaren 19an Eguberritako kontzertu berezia eskainiko dute Hodeiertz, Hodei eta Arimaz taldeek 19:00etan San Frantzisko elizan.

Abenduaren 21ean, Isidro Larrañagaren Eguberritako kontzertua egongo da 19:00etan Leidorren. Egun eta ordu berean Topic-en Tranpola teatroaren eta Nerea Garmendiaren mikroantzerkiak egongo dira: “Txilin Hotsak” eta “Con taras y a lo loco”.

Abenduaren 24an Tolosako Musika Bandak Eguberritako kontzertua eskainiko du 12:00etan Alondegian eta Gabon Gaueko kontzertua kalejiran egingo da geldiunerik gabe 19:30etan.

Abenduaren 28an, aldiz, Sun Magoak Houdini ikuskizuna eskainiko du 18:00etan Leidorren. Sarrerak tickets.kutxabank.eus-en daude eskuragarri. Abenduaren 28an, baita ere, Amaterraren Eter kontzertua egongo da 20:00etan Topic-en. Sarrerak topictolosa.com-en eskuratu daitezke.

Eñaut Elorrietak kontzertua emango du Leidorren abenduaren 29an, 20:30etan. Eta, horren aurretik, 18:30etan, Txotxongilo taldearen “Itsasminez” ikuskizun solidarioa egongo da Topic-en. Eta, urtea amaitzeko, abenduaren 31n Euskal Herriko Gazte Orkestrak Gabonetako kontzertu berezia emango du Leidorren 12:00etan. Leidorreko ekitaldietarako sarrerak tickets.kutxabank.eus webgunean eskuratu daitezke, eta Topic-eko ikusikizunerako sarrerak, berriz, topictolosa.com-en. Abenduaren 31n baita ere, 19:00etan Tolosako Musika Bandak urte zaharreko kalejira egingo du geldiunerik gabe.

Urtarrilaren 4an Kiliklon taldeak Gabonak Gabon emanaldia eskainiko du 18:00etan Leidorren, eta urtarrilaren 7an Go!azen-en ikuskizunaren pase bikoitza egongo da Irurako Ikastolan, 12:30etan eta 16:00etan. Sarrerak tickets.kutxabank.eus-en daude eskuragarri.

Bestalde, Topic-en eskutik, Musika Eskolako ikasleen online kontzertu solidarioa ere izango da aurten. Egoeragatik aurrez aurre egitea ezinezkoa denez, topictolosa.com-en sarrera erosten duenak kontzertuaren bideoa jasoko du, eta lortzen den diru guztia Caritasentzat izango da.

Kirol esparruan, Tolosako Kirol Gala egingo da abenduaren 22an Leidorren, herriko kirolariei aitortza egiteko. Bestalde, Elkartasun Kroseko antolatzaileek abenduaren 31ko kirol frogarekin aurrera egitea erabaki dute, neurri gehigarriak hartuta jende pilaketak ekiditeko eta parte hartzaileen eta antolatzaileen segurtasuna bermatzeko. Horrez gain, abenduaren 18an Paco Sanchez XXI Memoriala egongo da 16:30etan Usabal Kiroldegian. Abenduaren 20an eta 30ean eta urtarrilaren 3an binakako pilota txapelketa egingo da Beotibar frontoian, 16:00etan. Sarrerak frontoian bertan eskuratu ahal izango dira partida baino ordubete lehenago edo aspepelota.com webgunean.

Horrez gain, Gabonetako Shanti areto futbol txapelketa egongo da abenduaren 27tik urtarrilaren 5a bitarte Usabal kiroldegian. Eta, gimnasia erritmikoaren taldeak Eguberrietako emanaldia antolatu du urtarrilaren 9an 12:00etan Leidorren.

Programazioa osatzen duten bederatzi kultur jarduera Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babesten ditu.
 

Fitxategiak: 
PDF icon PROGRAMA_GABONAK_21-22

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA