Eguberri hauetan, oparitu kultura

Tolosako Udala
2022/12/22 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Tolosako Udalak eta beste hainbat sustatzailek 18 ekitaldiz osaturiko arte eszenikoen kultur programa antolatu du urtarriletik ekaina bitartean adin tarte eta gustu guztietarako:  tributo al Rey León, Munduari itzulia 80 egunetan Los días ajenos de Bop Pop,  Iker Galartza, Zuhaitz Gurrutxaga, Itziar Ituño edota Aitziber Garmendiaren antzerkiak, Café Quijanoren edo Musikene Big Band-en kontzertuak…
  • Ekitaldiez gozatu ahal izateko, ohiko moduan, herritarrek kultur bonuak izango dituzte eskuragarri, bihartik aurrera, Leidorreko leihatilan edo https://tickets.kutxabank.es  webgunean. Bonuak urtarriletik ekainera bitartean erabili ahal izango dira eta 45€ ordainduta 10 emanaldietarako balioko dute.

 

Tolosa kulturalki bizi handia duen herria da eta hori horrela izanik, Tolosako Udalak, kalitatezko kultur eskaintza baten aldeko apustuan, arte eszenikoen kultur programa anitz eta oparoa aurkeztu du datozen sei hilabetetarako.

 

Eguberrien garaia aprobetxatuz, kultura oparitzeko ideia zein proposamena zabaldu du Udalak herritarren artean, neguko egun hotzak kultur ekitaldiekin gozatzeko eta, aldi berean, herritarren artean kultur kontsumoa sustatu eta bertako kultura indartzeko.

Neguko arte eszenikoen kultur programak guztira 18 ekitaldi jasotzen ditu, urtarrilaren 13tik hasita ekainaren 17a arte: kontzertuak, antzerkia, haurrentzako emanaldiak, dantza ikuskizunak… Programaren baitan daude, besteak beste: tributo al Rey León musikala, Café Quijano taldearen edota Musikene Big Band-en kontzertuak, Munduari itzulia 80 egunetan haur ikuskizuna, Los días ajenos de Bop Pop antzerkia, El Candidato antzerkia, Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxagarekin, Ez naiz Dublinen inoiz egon komedia antzerkia, Aitziber Garmendiarekin, Hobe ixilik antzerkia ere, Itziar Ituñorekin…  

Kultur bonuak bihartik aurrera eskuragarri

Kultur kontsumoa sustatzeko eta indartzeko ohiko moduan jarriko dira salgai oraingoan ere kultur bonuak. Bono hauek 45 euro balioko dute eta urtarrila eta ekaina bitartean 10 ikuskizun edo emanaldiz gozatzeko aukera eskainiko dute. Bonuak bihartik aurrera (abenduak 23) egongo dira eskuragarri Leidorreko leihatilan edo https://tickets.kutxabank.es/#/es webgunean.

Arte eszenikoen kultur programa osoa ikusgai hemen.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA