Eguberrietako magia Tolosako kaleetara bueltatuko da

Tolosako Udala
2022/12/15 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Osasun egoera aldetik normaltasuna berreskuratuta, Gabonetako ekintza egitarau anitz bezain oparoa antolatu du Tolosako Udalak herritar ororen eta, bereziki, etxeko txikienen gozamenerako: kabalgatak, haur parkea, gazte astea, 17 kultur ekitaldi, zine eskaintza berezia, kirol ekimenak…

 

Gabonak magiaz beteriko egunak dira, are gehiago etxeko txikienentzat. Oporraldia ere izaten da askorentzat. Hori guztia aintzat hartuta eta aurten, osasun egoera aldetik normaltasuna berreskuratuta, plan eta ekintza mordoa izango dituzte tolosarrek aukeran Udalak antolatutako ekintza egitarauan jasota. Gabonetan, beraz, egongo da zer egin Tolosan!

Larunbat honetan, esaterako, Gabonetako azoka berezia ospatuko da Triangulo plazan, Alondegian, Plaza Zaharrean eta San Frantzisko pasealekuan. Azoka berezi honetan, larunbateroko azokako ekoizleez gain, beste 70 postu izango dira. Trianguloan eta Alondegian, esaterako, elikagaiak izango dira nagusi: gozoak, ahatekiak, kontserbak…Animaliak Plaza Zaharrean egongo dira eta San Frantzisko pasealekuan, aldiz, artisauen postuak izango dira: egur tailak, bitxiak, pilotak, egurrezko etxetresnak…

Haurrak protagonista

Etxeko txikienek modu berezian bizi ohi dituzte Gabonak. Horregatik, Tolosako Udalak ere ekintza egitarau berezia antolatu nahi izan du herriko haurren gozamenerako.

Horrela, Gabonetako egitarauaren baitan, aurten, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera eta Errege Magoen kabalgata berreskuratu dira eta guztiak Gure Zirkuan ikusteko aukera ere izango dute, inolako gonbidapenen beharrik gabe. Hilaren 24an, Olentzero eta Mari Domingi izango dira bertan eta urtarrilaren 5ean Errege Magoak. Bi kasuetan bisitaldiak goizez egingo dira, 11:00etatik 14:00etara eta sarrera librea izango da.

Horrez gain, Olentzaroren basoa ekimena ere aurrera eramango da, haurrak Olentzeroren etxea ezagutu eta honek islatzen duen magia inoiz baina gertuago senti dezaten. Era berean, jai egunak modu dibertigarrian pasa ditzaten Gure Zirkuko hainbat emanaldi antolatu dira eta hilaren 26tik 30era bitartean haur parkea ere egongo da Zerkausian, goiz zein arratsaldez, doan. Tutik Clown pailazoak eta Go!azen emanaldia ere eskainiko da.

Horrekin batera jaiotza lehiaketa edota gazte astea ere ospatuko dira. Azken honetan, futbolin txapelketa, Txuri-Urdin izotz jauregira edo laser parkera irteera edo urte amaierako festa egingo dituzte. Izena emateko azken eguna abenduaren 18a izango da.

17 ekitaldi Gabonetako kultur eskaintzan

Kulturak ere leku berezia hartu du Gabonetako egitarauaren baitan eta guztira 17 kultur ekitaldi desberdin antolatu ditu Udalak, haur, gazte zein helduei zuzenduta. Kutsidazu bidea, Ixabel musikala, Alazne Etxeberriaren bakarrizketa, Verde Prato edo Alos Quartet taldeen kontzertuak, Euskaldiko Gazte Orkestraren eta Euskal Herriko Gazte Abesbatzaren kontzertua edota Elvis Gospel emanaldia dira, besteak beste, antolatutako ekitaldietako batzuk.

Horiez gain, noski, Musika Eskolako ikasleen kalejira izango da abenduaren 17an eta Udal Musika Bandaren kontzertua eta kalejira hilaren 24an eta 31n (kalejira), baita Hodeiertz abesbatzaren Gabonetako kontzertu berezia ere.

Era berean, Topicen ere beste hainbat kultur ekitaldi eskainiko dira: Musika Eskolako ikasleen kontzertu solidarioa, txotxongiloen ikuskizuna…

Zine eskaintza berezia

Guztiok dakigu Gabonak hotz handiko egunak direla eta zer hobe hotzari zine emanaldi batekin aurre egitea baino? Gabonetako egitarauak eskaintza berezia jasotzen du: La vida padre, Joaquin Sabinaren dokumentala, Vasil, Reyes contra Santa, Tori y Lokita…

Sarrerak Leidorreko leihatilan edota www.tickets.kutxabank.es webgunean eskuratu daitezke. Prezioa 4.20€ eta 5.30€koa da.

Gabonak ere, kirolean

Egitarauak, halaber, hainbat kirol ekintza ere jasotzen ditu: Gabonetako Shanti areto futbol txapelketa abenduaren 26tik urtarrilaren 8ra, Elkartasun Krosa abenduaren 31n edota Euskadiko Ziklokros txapelketa hilaren 31n.

Merkatu Txikia aurten bueltan

Aipatutako guzti horrez gain, aurten Laskorain Ikastolak antolaturiko Merkatu Txikia berreskuratu da eta ohikoa den bezala, Kultur Etxeko beheko solairuan egingo da, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era.

Hilaren 20tik 23ra Kultur Etxean bertan jasoko dira salmentan jarriko diren produktuak17;30etik 18:30era eta lortutako dirua Zutani, Ibarrako Misio Taldea eta Tolosaldea Sahara elkartearen artean banatuko da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA