- Koadrila eguna ospatuko da ekainaren 17an eta 18an haurren eguna izango da.
- Ohiko moduan, San Joan jaiek eskopetarien desfilea, San Joan sua zein alardea, Udal Musika Bandaren kontzertu zein kalejirak eta dantza uztartuko dituzte, beste hainbat ekintzekin batera: txarangak, erromeria, su artifizialak, erraldoi eta buruhandiak, haurrentzako ekitaldiak eta jolas-parkea, dantzaldiak, musika kontzertuak, baita Berazubi C.F.-en 100. urteurrena ospatzeko ekintza ugari ere.
- Olatz Peon, Tolosako jarduneko alkatea: ‘San Joan jaiak gero eta parte-hartzaileagoak dira, baita gero eta berdinzaleagoak ere. Azken urteetan lan mardula egin dugu jai berdinzaleen alde eta lan hori bere fruituak ematen ari da. Gogoz eta desioz har ditzagula aurtengo San Joan jaiak, beti ere errespetua eta berdintasuna oinarri’.
Tolosako Udalak gaur goizean eginiko prentsaurrekoan aurkeztu du datozen San Joan jaietarako herriko talde eta eragileekin elkarlanean antolatutako egitarau anitz bezain oparoa.
Olatz Peon, Tolosako jarduneko alkateak adierazi duen moduan, ‘Iaz bezala, jai jendetsu eta parte-hartzaileak espero ditugu aurten, are gehiago San Joan eguna larunbata dela kontuan hartuta. Hori horrela, egitarau zabala antolatu dugu, elkarlanean, hainbat eragileren laguntzarekin, herritarrok hain kuttunak ditugun jai hauetan tolosarrei egitaraurik onena eskaintzeko. Denetik, denontzat eta denon artean egindako egitaraua, alegia”.
Ekintza ugari eta hainbat berrikuntza jasotzen dituen programa
Izarne Iglesiasek, kultura saileko jarduneko zinegotziak,aurtengo jaien egitarauaren xehetasunak eta berrikuntzak aipatu ditu. ‘Aurten, San Joan jaien bueltako egitaraua ekainaren 16tik 25era luzatuko da. Lehen asteburu horretan, esaterako, ekintza esanguratsuak jasotzen ditu jai egitarauak, hala nola, kuadrilla egunaren ospakizuna ekainaren 17an eta haurren eguna, 18an’, adierazi du.
Berrikuntzen atarian, halaber, ondorengoak aipatu ditu Iglesiasek: ‘Txupina, Gainditzen elkarteko Julian Rodriguez-ek botako su, urte luzeetan gorren komunitatearen mugak eta haien errealitatea gizarteratzeko eta ezagutzera emateko aitortza gisa. Ekainaren 18an, halaber, Arnas Berri txistularien alarde berezia egingo da Euskal Herriko txistulariekin eta Gatibuko abeslari den Alex Sarduirekin, Euskal Herria plazan’.
Era berean, ekainaren 24ra joz gero, San Joan eguneko eskopetarien konpainia kopuruak gora egin duela adierazi du Iglesiasek, ‘eta aurten dirulaguntzak eman dira eskopetak eskuratzeko’, gehitu du. Era berean, ekainaren 25ean, igandea, lehen aldiz sokamuturra egingo da eta Berazubi C.F.-en 100. Urteurrenaren harira kontzertu berezia ere egingo dela adierazi du zinegotziak.
Berrikuntza horiez haratago, San Joanetako egitarauak ohiko ekintzak jaso ditu, herritar ororen gozamenerako: eskopetarien desfilea, San Joan sua zein alardea, Udal Musika Bandaren kontzertu zein kalejirak, dantza emanaldiak, txarangak, erromeria, su artifizialak, erraldoi eta buruhandiak, haurrentzako ekitaldiak eta jolas-parkea, musika kontzertuak…
Jai berdinzaleen alde
Jaien atarian, halaber, jai berdinzaleen aldeko aldarria egin du jarduneko alkateak. ‘San Joan jaiak gero eta parte-hartzaileagoak diren bezala, berdinzaleagoak ere badira, eta hori, hein handi batean, azken urteotan egindako lan mardulari esker da. San Joanetan, esaterako, iaz lehen aldiz emakume bat izan zen Bordon Dantzarien kapitain eta emakumezko aguazilloa ere izan genuen iazko prozesioan’, azaldu du.
Bide horretan, Peonek gehitu du jaiak era baketsu, alai eta parte-hartzailean bizi nahi direla herrian, errespetuan eta berdintasunean oinarrituta. ‘Horregatik, aurten ere, indarkeria matxistaren aurkako kanpaina egingo dugu San Joanetan’, gehitu du.
Horretarako, inauterietan bezala GUNE MOREA, indarkeria matxistarik gabeko gunea kokatuko du Udalak, informazio eta arretarako, ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Gune hau ekainaren 17an eta 24an egongo da zabalik gaueko 00:00etatik goizeko 05:00etara.
Horrekin batera, Udalak gomendioen gutuna bidali die herriko tabernari guztiei, eraso matxisten aurrean erantzun dezaten eta herriari ere erasoen aurrean jarrera aktiboa izateko deia ere luzatu dio Udalak, ‘Tolosak jai berdinzaleak nahi dituelako, emakumeak aske sentitzen garen jaiak nahi ditugulako’, gehitu du Peonek.
Udaltzaingo zerbitzua ere 24 orduz zabalik egongo dela ere gogorarazi du Tolosako Udalak, eta hala behar duenak 943675 858 telefonora deitu dezake edozein unetan.
‘Har ditzagun San Joan jaiak gogoz eta desioz, festa giroan gozatuz, beti, errespetuan eta elkar zainduz’, amaitu du Peonek.
San Joan jaien egitarauko ekintza esanguratsuenetako batzuk:
Ekainak 17: Kuadrilla eguna
12:00 Txupinazoa Plaza Berrian
12:15 BatuMore batukada feministaren kalejira
14:00 Herri-bazkaria Euskal Herria plazan
16:00 Erromeria Iratzar taldearekin Euskal Herria Plazan
18:30 Kalejira Mulambo perkusio taldearekin
19:00 San Joanetako sagardo lehiaketa Berdura Plazan
23:00 Bengo eta Etxepe kontzertua Plaza Berrian
23:30 Jainekin txarangaren kalejira
Ekainak 18: Haurren Eguna Zumardiaundian
10:30 Eskulanak
11:30 Zirikazirkus haur ikuskizuna
13:00 Muare kontzertua
Ekainak 23: San Joan bezpera
17:00 San Joan zortzikoa, udal txistulari bandaren eskutik
17:00 Erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteera Gernikako Arbola Lorategitik
18:00 Txupinazoa udaletxeko balkoitik
19:00 Su txikia haurrentzat Plaza Zaharrean
19:45 Udalbatzaren desfilea udal txistulari bandak lagunduta
22:00 San Juan sua Andre Maria plazan
Ekainak 24, San Joan eguna
07:00 Udal zinegotziei deia udal txistulari bandaren eskutik
08:30-08:45-09:00 Dianak: udal musika banda, Tolosa eta Iruñeako udal txistulari banda eta Tolosako dultzainero taldea
9:30 Plaza Zaharrean eskopetariak eta Udal Musika Banda bilduko dira. Diana, desfilea eta, ondoren, San Joan Alardea, Gipuzkoako antzinako foru-milizien oroimenez, Udalbatza
buru dela.
10:00 Meza Nagusia Andre Maria parrokian eta ondoren prozesioa: udalbatza, kofradiak, Bordon dantzariak, Tolosa eta Iruñeako udal txistulari bandak, udal musika bandak, erraldoiak eta eskopetariak.
13:00 Udal musika bandaren eta Tolosa eta Iruñeako udal txistulari banden kontzertua Berdura Plazan
17:00 Udalbatza, Udal Txistulari Banda, Udal Musika Banda, txistulari, bordondantzari eta eskopetariak Plaza Zaharretik abiatuko dira, Andre Maria eliza nagusiko bezperetara joateko. Ondoren, Arrameleko San Joan kaperan izango diren arrats otoitzetan parte hartuko dute. Elizkizuna amaitzean Trianguloan bilduko dira, bertan udalbatzak esku-aldatzeko soinua eskainiko du eta azken tiroak botako dira.
23:00 Suak Vulcano pirotekniaren eskutik.
Ekainak 25
11:00 eta 16:00 Haurrentzako jolas parkea Alondegia plazan
12:00 Txan Magoa Alondegia plazan
12:00 Bertso jaialdia Berdura plazan
17:00 Sokamuturra Plaza Zaharra eta Solana kalean
18:00 Herri kirolak Trianguloan
19:00 Tio Teronen Semeak dantza ikuskizuna Euskal Herria plazan
22:30 Urdiñak 100 urtez kontzertu berezia
Egitarau osoa ikusgai hemen