-
Ia ekintza guztiak mantentzea lortu da, horiek modu seguruan aurrera eramateko neurriak hartuta.
-
Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “batzen eta berdintzen gaituzten jaiak dira inauteriak, izan daitezela ilusioa berreskuratzeko eta elkarrekin gozatzeko jaiak, errespetuan, elkarbizitzan eta berdintasunean oinarritutakoak, guztionak eta guztiontzako, jaiez modu seguruan gozatu dezagun”.
Denbora errekorrean antolatu dira aurtengo inauteriak. Udalak jaiak ospatuko zirela iragarri zuenetik prestaketa lanetan murgildu da Tolosa eta gaur burubelarri sail ezberdinen artean eta eragileekin elkarlan estuan antolatutako egitaraua aurkeztu da.
Alkateak, lehenik eta behin, eskertu egin nahi izan du udaleko sail eta teknikari ezberdinek, herritarrek eta eragileek egindako lan eta ahalegina.
Protokolo eta neurriak, herritarren segurtasuna bermatzeko
Alkateak esan du, “desberdinak eta bereziak” izango direla aurtengo inauteriak. Larrialdi egoera indargabetu da, baina oraindik orain, birusak gure artean jarraitzen du; horregatik, egitarauari bere osotasunean eutsi bazaio ere, egungo egoerara eta neurrietara egokitu behar izan da.
Jende pilaketak ekiditeko neurriak hartu dira: karrozen artean distantzia handitu egin da, Rondilla kalea hutsik utziko da (kultur etxetik aurrera) herritarrek oinez ibiltzeko tarte gehiago izan dezaten eta zezen plazarako sarrera-irteerak musikarik gabe egingo dira.
Beste urteetan bezala, alkoholaren kontsumo arduratsua sustatzeko eskuhartze saioak egingo dira eta herritarren segurtasuna bermatzeko, zaintza lanetarako errefortzua jarriko da eta Ertzaintza eta Udaltzaingoaren artean modu koordinatuan jarduteko protokoloak zehaztu dira.
Egunez eguneko egitaraua
Izarne Iglesias, kultur zinegotziak, azaldu du egunez eguneko egitaraua. “Egitaraua ia osotasunean mantentzea lortu da: txupina izango da Kabi Alai elkartearen eskutik, Ostiral Mehean danborrada eta Arpegiren emanaldia, danborrada Zaldunita bezperan, Diana Zaldunitan, txarangak, Alborada, soka muturra eta karrozak ere izango ditugu lehiaketarik egingo ez bada ere” adierazi du zinegotziak.
Guztira, 12 karrozak hartuko dute parte igandean, 2 astelehenean eta 11 asteartean, eta San Frantzisko pasealekuan kokatuko dira, eta beste urtetan baino distantzia handiagoa izango dute beren artean. 11:00etatik 23:00etara egongo dira kalean eta bitarte horretan jarri ahal izango dute musika. Era berean, urtero legez, astelehenean aisialdi taldeen konpartsak arituko dira San Frantsizko barrena.
Zezenak egiteko prestaketa lanekin jarraitzen du Udalak. Sarrerak asteartean, otsailak 22, jarriko dira salgai, online, 16:00etatik aurrera, bibe.me plataformaren bidez. Palkoetako, tendiko eta harmailetako sarrerak jarriko dira salgai agortu arte (palkoak zatiezinak dira, eta osorik erosi beharko dira). Gainontzean, pertsonako gehienez ere 5 sarrera eskuratu ahal izango dira.
Sarreren %5a zezen plazako leihatilan salduko da, 15:30etatik aurera ikuskizun egun bakoitzean. Publiko egingo da leihatilan bertan, egun bakoitzean salgai jarriko den sarrera kopurua.
Azkenik, zezenik egongo ez balitz, online eskuratutako sarreren dirua modu automatikoan itzuliko litzateke.
Zezen plazarako sarrera-irteeretan gertatzen diren jende pilaketak ekiditeko, txarangak ez dira zezen plazaraino gerturatuko musikarekin. Jotzeari utziko diote Herrikide ikastetxe parean eta oinez sartuko dira zezen plazara eta gauza bera egingo dute irteeran ere. Herritarrei eskatu zaie, halaber, txarangen atzetik joateko eta ez aurretik, fluxuak arintze aldera.
Jaiak modu seguruan, errespetuan, elkarbizitzan eta berdintasunean oinarrituta
Amaiatzeko alkateak mezu bat helarazi nahi izan die tolosar guztiei: “batzen eta berdintzen gaituzten jaiak dira inauteriak, izan daitezela ilusioa berreskuratzeko eta elkarrekin gozatzeko jaiak, errespetuan, elkarbizitzan eta berdintasunean oinarritutakoak, guztionak eta guztiontzako”.
“Berdintasun saririk aurten izango ez badugu ere, ez dezagula ahaztu aurtengoan, Jai Berdinzaleen alde, berdintasunaren alde eta indarkeria sexistari aurre egiteko orain arte egindako lan guztia” esan du alkateak.
Aurten ere udalak #LIBRENonahi kanpaina sustatuko du eta gazteekin egingo diren eskuhartzeetan banatuko dira kalkomaniak, pegatinak, liburuxkak.... eta horiek eskuragarri egongo dira baita ere eraikin publikoetan, saltokietan eta tabernetan. Kaleko panelen bidez ere zabalduko da kanpaina, informazioa eta udaltzaingoaren telefono zenbakia.
Amaitzeko, guztion osasun, ongizate eta segurtasuna bermatzeko, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantendu ezin den kasu guztietan musukoa jartzea gogorarazi eta gomendatu du alkateak, “guztiok modu seguruan jaiez gozatu dezagun” esan du.