- Informatika eta teknologia berrien zaleak elkartzen dituen Gipuzkoako topaketa martxan da. Datorren igandera arte, 400 ordenagailu baino gehiagok, 600 parte-hartzailek eta 2.000-3.000 bisitari inguruk hartuko dute Usabal kiroldegia, jarduera-programa zabalaz gozatzeko
- Hiru jardunaldiz prestakuntza-ekintzak, 50 lehiaketa eta ondo pasatzeko aukera ugari izango dituzte bertaratuek
- Parte-hartzaileen artean jakintza-trukea bultzatzeaz gain, partyan bildutako adituen ezagutza teknologikoak enpresekin eta gizartearekin partekatzeko konpromisoa hartu du Gipuzkoa Encounterrek
- Euskaltel Konektak antolatutako partyaren laguntzaile dira Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza SPRIren bitartez
Urtero ehunka ordenagailu zale elkartzen dituen Gipuzkoa Encounter topaketa abian da, eta ekimenaren antolatzaileek konpromisoa hartu dute, parte-hartzaileen artean jakintza-trukea bultzatzeaz gain, partyan elkartutako adituen ezagutza teknologikoak enpresekin eta gizartearekin partekatzeko. Gaur eguerdiko inaugurazio ekitaldiaren ostean, etenik gabeko jarduera-egitaraua jarri da martxan: 55 orduz prestakuntza-ekintza ugari, 50 lehiaketa eta ondo pasatzeko aukera mordoa izango dituzte partaide eta bisitariek.
Zibersegurtasuna izango da aurtengo Gipuzkoa Encounterren ardatz nagusietarikoa, eta ekimena teknologiaren arloan erreferentziazko bilgune gisa sendotzea dute xede. Usabal kiroldegira gerturatzen diren herritarrek azken berrikuntza teknologikoak ezagutu ahal izango dituzte; esate baterako, errealitate birtual mistoa, esperientzian erabat murgiltzeko aukera ematen duena. Tolosako hitzorduan, delta hegal batean ibili ahal izango dira bertaratuak, simulazio izugarri errealista sortzen duten VR betaurrekoen eta elementu osagarrien bitartez.
Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok, Tolosako alkate Olatz Peonek; Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendari Aitor Urzelaik; eta Euskalteleko Negozio zuzendari Koldo Unanuek.
Markel Olanok azpimarratu du tresna digitalek gero eta pisu gehiago dutela enpresetan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Zibersegurtasun Industrialeko Zentro Aurreratua aipatu du, proiektu estrategiko gisa.
Bestalde, Tolosako alkate Olatz Peonek ongi etorria egin die espainiar Estatu osotik etorritako parte-hartzaileei, eta eskerrak eman dizkie bilkura hau posible egin duten eragile tolosarrei, asteburu batez Tolosa "Euskadiko teknologia-hiriburu" bilkatzen lagundu baitute.
Koldo Unanuek Euskaltelen helburua teknologiaren bitartez gizartearen beharrei erantzutea dela nabarmendu du, eta euskal enpresak etxebizitzak "digitalizatzeko" tresnak merkaturatuko dituela gaineratu du: entxufe adimendunak, mugimendu-sentsore, ke-detektagailu edo HD kamerak kasu. "Lagungarriak izango zaizkigu gailu horiek, segurtasuna eta erosotasuna eskainiko baitigute", baieztatu du. Gainera, topaketara bertaratu direnak ikastera, taldean lana egitera eta ondo pasatzera animatu ditu.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Aitor Urzelaik Euskaltel eta partyaren antolatzaileak zoriondu ditu hamabigarren urtez topaketa aurrera eramateagatik. Horrez gain, parte-hartzaileei euren "talentua eta gaitasunak" gizartearen eta enpresen zerbitzura jartzeko eskatu die.
3.000 bisitari espero dira
400 ordenagailu baino gehiagok, 600 parte-hartzailek eta 2.000-3.000 bisitari inguruk hartuko dute Tolosako Usabal kiroldegia igandera arte jarduera-egitarau zabalaz gozatzeko. Besteak beste, hardware, software libre eta bideo-joko lehiaketetan parte hartu ahal izango dute partaideek, baita Opengunen egongo diren standak eta bideo-jokoen zona bisitatu nahiz entzule anitzei zuzendutako hitzaldi eta tailerretan parte hartu ere.
Gainera, Opengunera gerturatzen diren herritarrek doako egitasmo eta eremu erakargarri ugariz gozatu ahal izango dute: 3Dan inprimatzeko eta errealitate birtualaz gozatzeko gunea, robotika ikastaroak eta jokoak, edo sare sozialen kudeaketarekin zein merkataritza elektronikoarekin erlazionaturiko prestakuntza-saioak, besteak beste. Ume, gaztetxo zein pertsona helduek lekua izango dute teknologia topaketa honetan.
Argazkiak