Etorkizuneko gazte politikak diseinatu eta zehazteko, diagnosia eta plana egingo ditu Udalak herriko eragile eta gazteekin elkarlanean

Tolosako Udala
2021/10/06 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Herriko eragile eta talde ezberdinen eta bereziki gazteen parte hartzearekin egingo da diagnosia eta osatuko da plana, metodologia eta teknika ezberdinak erabilita eta hainbat gai barnebilduta: aisialdia, kultur aniztasuna, etxebizitza edota lana, besteak beste.

  • Joseba Ormazabal, Gazteriako zinegotzia: “azken urteotan eta bereziki azkenaldian gertatutako aldaketa sozial sakonek agerian jarri dute gazte politikak eguneratzeko beharra, horregatik, haur, nerabe eta gazteen egoeraren diagnosia egingo dugu, gazteen ikuspegitik, beren beharrak eta iritziak kontuan hartuta zehazteko etorkizunera begirako lan ildoak”.

 

Tolosako Udalak dagoeneko abiatu du Haur, Gazte eta Nerabeen diagnostiko eta plana garatzeko prozesua. Atzo bertan egin zen lehen bilera herriko hainbat eragileren parte hartzearekin. Diagnostikoa garatuko da lehendabizi, datozen 5 hilabeteetan, eta ondoren plana garatuko da.

2021eko aurrekontuetan jasotako egitasmoa da eta prozesua aurrera eramateko Siadeco enpresaren laguntza eta aholkularitza izango ditu Udalak.

Joseba Ormazabal, Gazteriako zinegotziak diagnostiko eta planaren beharra azpimarratu ditu “azken urteotan eta bereziki azkenaldian gertatutako aldaketa sozial sakonek agerian jarri dute orain arteko gazte politiken diseinua eguneratzeko beharra”. Gauzak horrela, Tolosako Udalak herriko haur 0-12, nerabe 12-17 eta gazteen 18-30 egoera zein den ezagutu nahi du, aurera begira lanean jarraitzeko lan ildoak zehazteko. “Tolosan 0-30 urte bitartean dauden herritarren egoerari buruzko diagnostiko zehatza egingo dugu ondoren beren beharrei egokitutako Gazteriako Udal Plana diseinatzeko” adierazi du Ormazabalek.

“2017-2027 Tolosatzen Plan Estrategikoan jasotako lan ildoetako bati erantzuten dion egitasmoa da hau; haur, gazte eta nerabeen ikusgarritasuna, parte hartzea, ahalduntzea eta inplikazioa eta neska eta mutilen arteko berdintasuna eta elkar ezagutza sustatzeko helburuarekin” azaldu du Ormazabalek.

Gazteen parte hartzearekin, metodologia eta teknika ezberdinak erabilita

Diagnosiaren prozesuan hainbat eragilek parte hartuko dute, besteak beste, kirol elkarteek, aisialdi taldeek, ikastetxeek, gizarte alorreko elkarteek, kale hezitzaileek, guraso taldeek, eta baita ere, noski, gazteek. Azken finean, proiektua haiekin batera lantzea da helburua beren benetako beharrei, kezkei eta nahiei erantzuteko.

Haur, nerabe eta gazteak izango dira, beraz, prozesu honen erdigune eta protagonista eta gai ezberdinak jorratu eta landuko dira: partaidetza, hezkuntza, denboraren erabilera-osasunsa, aisialdia...-, helduekiko, familiarekiko eta herriarekiko harremana, genero berdintasuna eta kultur aniztasuna, etxebizitza, lana... herriko zerbitzu eta ekipamendu ezberdinen inguruan duten iritzia ere ezagutu nahi da zerbitzu horiek hobetzeko eta eraldatzeko proposamen eta bideak lantzeko eta lanketa hori guztia metodologia eta teknika ezberdinak erabilita egingo da: elkarrizketa sakonak, galdesorta elektronikoak, gazteekin osatutako talde dinamikak edota foro telematikoak, besteak beste.

Diagnostikoaren garapen faseak 5 hilabete iraungo ditu. Egindako diagnositik ateratako ondorio eta emaitzekin planaren zirriborroa osatuko da eta inplikaturiko eragileekin partekatuko da beren ekarpenak jasotzeko. Jasotako ekarpenak aztertu ostean osatuko da behin betiko plana 2022 urtean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA