- Unitate didaktiko bat landu da Euskal erakundeak gazteen artean ezagutzera emateko eta instituzioak gazteengana gerturatzeko. Herriko 3 ikastetxeetako batxilergoko ikasleak taldetan banatuta proiektu bat landuko dute eta Batzar Aretoan aurkeztuko dute martxoaren 30ean.
- Lehen saioa gaur egin da, otsailak 23, Herrikide ikastetxean; bigarrena, martxoaren 2an, Laskorain Ikastolan izango da eta azkena eta hirugarrena, Orixen, martxoaren 6an. Proiektuen aurkezpen ekitaldia baliatuko da udalean bisita gidatua egiteko, gazteek udala bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten.
Duela hilabete batzuk abiatu zen ekimena gazteen artean nabari den euskal erakundeekiko ezagutza eta lotura ezari aurre egiteko helburuarekin. Proiektua Tolosatzen Eskola Irekiaren elkar ezagutzaren eta “instituzioak ezagutzen” lan lerroen baitan kokatzen da eta lotura zuzena du Tolosako Udaleko Gazteria saileko ildo estrategikoekin, garatu berri den Haur, Nerabe eta Gazteen Planean jasotako helburu eta lan ildo nagusietako bat baita herritartasun aktiboa eta gazteen parte hartzea sustatzea.
Zentzu horretan, Tolosako Udalak eta Foru Aldundiak elkarlanean sustatutako proiektua da, herriko ikastetxeekin batera. Tolosako ikastetxeetako bi ikasle ohiek landu dute proiektua aurrera eramateko unitate didaktikoa.
Gaur proiektua abiatu da, Herrikide ikastetxean egindako lehen saioan. Datozen egunetan, lanketa bera egingo dute Laskorain Ikastolan eta Orixen, martxoaren 2an eta martxoaren 6an. Lehen saioan parte hartu dute Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek eta Eider Mendozak, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile eta Gobernantza Diputatuak.
Alkateak, ikasle zein irakasleen ahalegin eta inplikazioa eskertu ditu aurrez eta elkarlanean garatuta proiektu honen garrantzia azpimarratu du: “pozgarria da erakundeak eta gazteak elkarlanean jartzen dituen proiektu honetan parte hartzeko aukera izatea, gazteekin aurrez aurre lanean; herritarrengandik gertu egotea ezinbestekoa delako udal politikak garatzeko. Erakundeen egunerokotasuna ezagutzea eta ulertzea du helburu proiektu honek, elkar ezagutza sustatzea, gazteak instituzioetara gerturatzeko, gazteak udal erabakietan eta etorkizuneko erronka eta proiektuetan inplikatzeko, zeresan handia duzuelako gainera; guk hartzen ditugun erabakiek eragin zuzena baitute zuen egunerokoan, horregatik dauka izugarrizko garrantzia proiektu honek, herrigintzaren giltzarriak barnebiltzen dituelako: elkarlana, partaidetza, gertutasuna eta entzuketa”.
Eider Mendoza, Foru Aldundiko bozeramaile eta gobernantza diputatuak mota honetako ekimenen garrantzian jarri du azpimarra: “Ezin da maitatu ezagutzen ez dena, eta maitatzen ez dena ez da defendatzen. Beraz, gure autogobernua eta gure erakundeen etorkizuna bermatu nahi baditugu, belaunaldi berriek jakitun izan behar dute esku artean dugunaz”, adierazi du. Aldi berean, gazteei erakunde publikoetarako bidea ireki eta parte hartzeko kanal berriak ezartzearen alde egin du, eta ‘Non bizi naiz’ proiektua norabide horretan doala iritzi dio. “Gure lurraldean kultura demokratikoa hedatu eta errotu nahi badugu, behar-beharrezkoa da gazteen inplikazioa eta parte hartzea. Gehiago eta hobeto entzun behar ditugu, beraiei zuzendutako parte hartzeko bide berriak ireki eta egun daudenak erabiltzeko animatzen jarraitu”, adierazi du.
Batxilergoko lehen mailako ikasleak, instituzioekin elkarlanean
Horixe du helburu egitasmoak: erakundeak eta gazteak elkarlanean jartzea eta instituzioak gazteengana gerturatzea, instituzioak zer diren, zer nola eragiten dieten ezagutarazteko. Horretarako, 7 ataletan banatuta dagoen Unitate Didaktikoa landu da, lan dinamika eta ariketa ezberdinekin. Halaber, ikasle zein irakasleentzako gidak ere sortu dira.
Atal bakoitzak, bere helburu espezifikoa du:
1. atala: saioen nondik norakoen inguruko azalpenak jasotzea, lehen atalaren lanketa egitea eta euskarri ezberdinen erabilera martxan jartzea.
2. atala: Eusko Jaurlaritzaren sorrera, jatorria eta alderdi nagusienak ezagutzea eta aztertzea.
3. atala: Gipuzkoako Foru Aldundiaren inguruko alderdiak aztertzea.
4. atala: Tolosaldeako eskualdean murgiltzea.
5. atala: Tolosa herrian murgiltzea, ingurko herriei erreferentzia eginda, betiere.
6. atala: saio hauen azken erronka azaltzea, eta hura martxan jartzea: taldetan banatuta, proiektu bat egingo dute, eta ondoren, ikastetxe bakoitzetik 3 aukeratuko dira Udaletxeko Pleno Aretoan aurkezteko.
7. atala: proiektua ebaluatzea. Egindako guztiaren hausnarketa, aldaketak, hobekuntzak eta proposamenak egitea.
Ikasleek beraz, proiektu-proposamen bat garatuko dute taldeka eta Batzar Aretoan aurkeztuko dute martxoaren 30ean. Talde batzuk, Gipuzkoako Foru Aldundiari begirako proiektu-proposamenak landuko dituzte, besteek aldiz,Tolosako Udalari zuzendutakoak. Talde bakoitzak, ideia edo proposamen bat landu beharko du eta laburpen fitxa bat osatu. Fitxa horretan, proiektuaren ideia nagusiak eta garrantzitsuenak adieraziko dituzte. Aldi berean, erakusketa-poster bat sortuko dute informazioarekin, modu bisualagoan, martxoaren 30ean egingo den aurkezpen saiorako.
Aurkezpen saio hori baliatuko da udaletxetik bisita gidatua egiteko, gazteek udal antolamendua, udal sailak eta udala bera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten.