- Ekimenaren 15. edizioa igandera arte gauzatuko da. Besteak beste, 22 lehiaketa eta 12 hitzaldi izango dira, eta azken horietako lau Twitch bidez eskainiko dira interesa duen edonorentzat.
- Topaketa teknologikoak 456 plaza birtual izango ditu, Tolosako Usabal kiroldegiak (ohiko topalekuak) hartuko lukeen kopuru bera.
- Gipuzkoa Encounter Euskaltel Fundazioak antolatu du, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRI taldearen bidez) laguntzarekin
Gipuzkoa Encounter teknologia-topaketaren 15. edizioa bihar hasi eta igandera arte burutuko da, eta dozenaka jarduerez gozatzeko aukera izango dute ehunka parte-hartzaileek, online formatuan. Besteak beste, 22 lehiaketa eta 12 hitzaldi izango dira, eta azken horietako lau Twitch bidez eskainiko dira interesa duen edonorentzat.
Topaketa teknologikoak 456 plaza birtual izango ditu, Tolosako Usabal kiroldegiak (ohiko topalekuak) hartuko lukeen kopuru bera. Baina COVIDak eragindako egoera dela-eta, ezinbestekoa izan da, hitzordua mantentze aldera, antolatzaile eta kolaboratzaileak topaketa egokitzeko elkarlanean aritzea.
Bilkurak izandako harrera ona dela eta, festa teknologiko arrakastatsua espero du antolakuntzak, 2020koaren antzera. Isolamenduari aurre egiteko topalekua izango da Gipuzkoa Encounter distantziamendu garaiotan.
Ekimenean izango diren prestakuntza-ekintzen artean gai anitzeko 12 hitzaldi daude, zeinetan programazioa, sare sozialen kudeaketa eta musika sortzeko aplikazioen erabilera landuko diren, besteak beste. Hitzaldi horietako lau publiko osoarentzat ikusgai egongo dira, Twitcheko kanalaren bitartez eskainiko baitira zuzenean (https://www.twitch.tv/euskalencounter).
Ostiralean, 16:30ean, Vicomtech enpresako Unai Elordik Deep Fakes gaiari buruzko hitzaldia eskainiko du. Adimen artifizialean oinarrituriko aplikazio horrek jatorrizko bideo eta irudiak manipulatzeko aukera ematen du (normalean pertsona ezagunekin egin ohi da) material horien bertsio alternatiboak sortzeko. Eta 17:30ean, Euskalhack elkarteko Roberto Casadok Linux sistemaren zibersegurtasunaz hitz egingo du. Igandean, berriz, 16:30ean, sare sozialen bitartez lortutako inpaktua neurtzeko eta handitzeko gakoak eskainiko ditu Mondragon Unibertsitateko Eli Garcíak, eta Pantallas Amigas elkarteko Jorge Flores eta Igor Garrido lagunek bideo-jokoez familiartean eta modu seguru zein osasungarrian gozatzeko jarraibideak emango dituzte.
Lehiaketak
Partyak 22 lehiaketa izango ditu, hainbat arlotan banatuta. Horrela, arte digitalean 11 kategoria egongo dira, musika digitaletik hasi eta film laburretaraino, diseinu grafikotik pasatuz. Horrela, Gipuzkoa Encounterreko pertsona sortzaileenen bilgune bihurtuko da sormen digitaleko atala. Hardware arloan, aldiz, 3D inprimaketa edo ordenagailuen aldaketa estetikoa barne hartzen dituen eremuan, sei lehiaketa egongo dira. Halaber, software librearen eremuak, programatzaileak, informatikoak eta zibersegurtasunean adituak biltzen dituen guneak, bi lehiaketa izango ditu. Ez dira faltako jolas-jarduerak; hala nola marrazki analogikoa edo zinemari buruzko ‘Trivial’ moduko jokoa. Party-etan jarduera gehien izaten duen bideo-jokoen arloari dagokienez, bederatzi lehiaketa eskainiko ditu, League of Legends txapelketa barne. Oraingoan ere, Circuito Tormentaren, Estatuko joko honetako liga amateur garrantzitsuenaren, geldialdietako bat izango da Gipukoa Encounter.
Bihar abiatuko da Gipuzkoa Encounter 15, teknologia berrien zaleen eta interesa duen edonoren gozamenerako. Abalik onena Euskaltel Fundazioak 2020an egindako Encounterrak dira, guztiak arrakastatsuak izan baitira parte-hartze aldetik
Bilkura Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailaren (SPRI-ren bitartez) laguntzarekin.