Haurren aisialdia hobetzeko sei proposamen egin ditu Tolosako Haurren Kontseiluak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/06/17 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • ‘Haurren Hiria’ proiektuaren barruan aurten egindako lanketaren berri eman diete LHko ikasleek udal ordezkariei.

 

Joan den astean burutu zen ‘Haurren Hiria’ proiektuaren ikasturte amaierako saioa. Haurrei hitza eman eta haien ikuspegia politika publikoetan txertatzea helburu duen proiektuaren 10. edizioa izan da aurtengoa.

8 eta 12 urte bitarteko 42 ikaslek osatu dute aurten Tolosako Haurren Kontseilua. LH 3, 4, 5 eta 6ko hamalauna ordezkari, ikastetxe bakoitzeko, adin, genero, bizitoki eta jatorriaren artean oreka mantenduta.

Haurren aisialdia aztertu dute aurten, eta horretarako lan-saio batzuk egin dituzte ikasturte osoan zehar. Saio horietako bakoitzean beste leku batzuetako esperientziak ezagutu dituzte adituen eskutik, eta gero ordezkari bakoitzak bere ikaskideekin elkarbanatu ditu jasotakoak. Familiekin ere egin dira lan-saioak. 

Sei proposamen

Landutako guztiarekin, Tolosan haurren aisialdia nola hobetu daitekeen pentsatu dute. Haurren Kontseiluko zenbait gaztetxok, udalbatzako zinegotzien eserlekuak hartu eta osoko bilkura baten ereduari jarraituz, aurten egindako lanaren berri eman zieten udal ordezkariei. Hain zuzen, sei proposamen helarazi zizkieten alkateari eta zinegotziei. 

Honakoak dira proposamenak:

  • Baso Eskolaren erabilera zabaltzea
  • Herriko parkeetan ekintzak antolatzea, parkeetan hezitzaileak jarrita.
  • Orientazioa lantzeko ekintzak antolatzea, mendira txangoak eginda.
  • Herriko kirol instalazioetan hobekuntzak: kirola egiteko leku guztietan takilak jartzea, txirrindulari proba herrikoia antolatzea haurrentzat (mendirako edo errepiderako)...
  • Kirol berriak ezagutu eta txapelketak antolatzea.
  • Bere agenda izango duen espazio propio bat izatea haurrentzat: antzerkia, musika emanaldiak, bideo-jokoak, liburuak, sukaldaritza tailerrak, ipuin-kontaketak, etab.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA