-
Tolosako Udalak lankidetzan eta koordinazioan jarraituko du Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta gaian eskumena duten gainerako erakundeekin, bai eta haurren aurkako sexu abusua eta tratu txarrak prebenitzen diharduten elkarteekin ere, ekimenak garatzeko eta beharrezko baliabideak bermatzeko, horien bitartez abusuak prebenitu eta detektatzeko eta haurrek eta nerabeek beren eskubideak baliatu ahal izatea bermatuko duen arreta egokia eta kalitatezkoa eskaini ahal izateko, arretarako eta babeserako protokolo eta neurri eraginkor guztiak abian jarriz.
Berriki ospatutako Haurren aurkako sexu abusua prebenitzeko mundu egunaren harira, adierazpen instituzioanala adostu dute Tolosako Udaleko talde politiko guztiek.
Adierazpenak honela dio:
Kontuan hartuta gobernuek eta gizarte zibileko erakundeek zeregin garrantzitsua izan behar dutela haurren eta gazteen eskubideak sustatzeko eta errespetatzeko, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan berariaz adierazten den bezala (19. eta 34. artikuluak), eta haurrak abusuen aurka babesten laguntzeko, WWSFk, 2000. urtean, Haurren aurkako Abusua Prebenitzeko Mundu Eguna abiarazi zuen, urtero azaroaren 19an ospatzeko Haurren Eskubideen Egunarekin (azaroaren 20a) sinergian. Mundu egun horren helburua da agerian jartzea abusuen arazoa, baita sexu indarkeria prebenitzeko programen zabalkundean premiaz esku hartzeko beharra ere.
Fenomeno konplexua da, bereziki ezezaguna bere dimentsio errealean, eskuragarri dagoen informazioa oso urria baita, baina aztertu izan diren gizarte guztietan antzeman da indarkeria horren eragina. Gainera, haren prebalentzia gertaera ezagunetatik abiatuta egindako estatistiketan agertzen dena baino askoz ere handiagoa izan daitekeela uste da. Haurren Eskubideen Batzordearen arabera, haurren aurkako sexu abusua haur eta nerabeei tratu txar larriak emateko modu bat da, eta muga intimoak eta pertsonalak urratzea dakar. Ondorio sakonak eta iraunkorrak ditu pairatzen duen pertsonaren garapenean, eta haren duintasunari eragiten dio, biktimak pertsona ahulagoak bihurtuz desoreka mentalen eta biktimizazio berrien aurrean, besteak beste. Sexu abusuaren biktima izan diren haurrek gurasoekiko arbuioa adierazi ohi dute, enuresi arazoak izan ohi dituzte eta, adinean aurrera egin ahala, beren adinerako desegokia den sexu portaera izaten dute eta jokabide antisozialak izaten dituzte eskolan eta gizartean oro har. Sarritan, denboran irauten duen eta mailaz mailakoa den indarkeria izaten da (ez da noizbehinkako ekintza batera mugatzen, eta pixkanaka areagotzen doa). Indarkeria horren foku nagusia familia bera edo hurbileko harremaneko jendea izaten da (lagunak, familia zabala …), eta biktimarioak erreferentziazko pertsonak izaten dira adingabearentzat. Indarkeria ekintzen jarraitutasunak eta gertutasunak erraztu egiten dute, indarkeria hori noiz hasten den kontuan hartuta, biktimak egoera normalizatu ahal izatea, ohiko harreman modu batekin nahasteraino.
Maiz kontrakoa pentsa badaiteke ere, askotan ez dago agresibitaterik, ezta indarkeria fisiko espliziturik ere; aitzitik, abusatzen duen pertsona helduak adingabeari eragiten dion sedukzioaren bidez gertatzen da, haurraren edo nerabearen onarpena eta konplizitatea bilatuz. Pubertaro aurreko etapan, biktima ez da abusua jasaten ari denik ere ohartzen; nerabezaroan, berriz, erresistentzien aurrean, sedukzio mekanismoak beste agresibitate maila bateko estrategia batzuekin konbina daitezke, hala nola erruduntasunaren, mehatxuaren edo eraso fisikoaren ondoriozko menderatzearekin Hori dela eta, indarkeria mota hori oharkabean pasatzen da, eta, agerian geratzen denean, ikusarazteak eta salatzeak mesfidantza asko sortzen ditu, bai ingurukoen aldetik, bai biktimaren aldetik. Haurren aurkako sexu abusuko kasuak gero eta gehiago azaleratzen badira ere, indarkeria mota horrek tabu izaten jarraitzen du, eta pairatzen dutenek estigmatizatuta sentitzen jarraitzen dute.
Haurtzaroan abusu egoera bizitzearen ondorioei eta eraginari dagokienez, Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak gai horri buruzko berariazko txosten batean ohartarazten du haur eta nerabeei egindako sexu abusua gertakari traumatiko bat dela, eta haren bizipena haurraren indibidualtasunetik egiten dela. Horren ondorioz, egoera hori salatzen duten sintomak eta epe labur eta luzeko ondorioak asko alda daitezke biktima batetik bestera.
Maila judizialean, kasu gehienetan biktima urte asko igaro ondoren bakarrik ausartzen da salaketa jartzera, delitua preskribatuta dagoenean. Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren bidez, jarduteko irizpidea aldatuko da, delitu horien preskripzio denbora luzatzeko. Baina, zalantzarik gabe, haurren aurkako sexu abusuen inguruko arazo nagusia da (gainerakoen oinarri dena) oraindik ere oso errealitate isila dela. Abusu gehienak familia barrukoak edo gertuko jendeak eragindakoak dira (%88,5, ANAR Fundazioak Espainian, 2008-2019 aldian, haurtzaroan izandako sexu abusuen bilakaerari buruz egindako azterlanaren arabera), eta ezkutatu egiten dira urte askoan, isiltasun eta ezkutatze tradizio luzean, eta gero eta beharrezkoagoa da abusu horiek gure gizartearen agertoki politikoan eta publikoan lekua izatea.
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, bost adingabetik batek sexu abusua jasaten du 17 urte bete baino lehen. Europan, AEBn eta Kanadan, haurren % 20k sexu abusuak jasan ditu.
Euskadin, hainbat dokumentu egin dira arazoa dimentsionatzeko (zenbat pertsonari eragiten dion edo zer ondorio dituen), erantzuna ebaluatzeko (dauden baliabideak) eta erantzun hori hobetzeko orientabideak identifikatzeko. Hala, Eusko Jaurlaritzako Haurren Behatokiak 2019an egindako txostena, “Haur eta nerabeenganako indarkeria EAEn. Diagnostikoa, erronkak eta orientabideak”, dimentsio anitzeko ikuspegi parte-hartzailetik egina (34 erakunde publiko eta pribatu). Une honetan, Haur eta nerabeekiko indarkeriaren aurkako Euskal Estrategia prestatzen ari dira. Horretarako, prozesu parte-hartzaile eta kontrastatu bat egin da 25 erakunde publikorekin eta hirugarren sektoreko 9 erakunderekin, bai eta hiru euskal hiriburuetako haurren eta nerabeen partaidetza-kontseiluen eta Arartekoaren haurren partaidetza-kontseiluaren parte hartzearekin ere.
Eta Eusko Legebiltzarrean, Giza Eskubideen Batzordearen barruan, martxan dago Euskadin haurren aurkako sexu abusuei aurre egiteko ponentzia, zeinaren helburua baita prebentziorako, detekzio goiztiarrerako eta biktimen babeserako elementuak identifikatzea eta, gainera, ez errepikatzeko eta ordaina emateko bermeak eskaintzea ahalbidetuko duen azterlan bat egitea.
Kasu bakar bat bada ere, edo kasu bakar baten susmoa badago ere, funtsezkoa da gai hori agenda publikoan aztertzea, egiten ari den bezala.
Badakigu haurtzaroko sexu abusuen kasuen kopuruak askoz handiagoak direla, funtsezkoa da azterketak ikuspegi integral batetik egitea, giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia duten haur eta nerabeen eskubideen ikuspegitik, horrela arazoaren garrantzia neurtu ahal izateko eta behar den presarekin jardun ahal izateko.
Haurren eta nerabeen aurkako sexu abusuak hainbat dimentsio ditu, eta administrazioetako eragile eta organo ezberdinen esku-hartzea eta koordinazioa eskatzen du. Horrez gain, haurrak eta nerabeak dauden eta era horretako portaerak detektatu eta konpondu daitezkeen erakunde publiko edo zerbitzu guztien inplikazioa eskatzen du.
Horregatik,
-
Tolosako Udalak, arlo bakoitzean eskumena duten erakundeekin batera, ezinbestekotzat jotzen du detekzioa eta jakinarazpena sustatzea sexu abusuaren biktima diren haur eta nerabeei ematen zaien arreta hobetzeko. Horretarako, detekzio eta jakinarazpen goiztiarrerako protokoloak prestatu eta ezarriko ditu, adingabeekin eta familiekin harremanetan egon ohi diren zerbitzu eta profesionalentzat.
-
Tolosako Udalak, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak bezala, adingabeak eskubideen subjektu titular gisa aitortzen ditu, baita babes handiena merezi duten subjektu gisa ere. Hau da, haurrak eta nerabeak beren eskubideetan oinarrituta zaintzeko eta babesteko planteamenduak eskatzen du biktimatzat hartzeari uztea, eta eskubideen titular diren aldetik haien giza duintasunaren eta osotasun fisiko eta psikologikoaren errespetuan eta sustapenean oinarritutako paradigma bat hartzea, NBEren HAURREN ESKUBIDEEN BATZORDEAK jasotakoaren arabera. 13. ohar orokorra. Haurrak inolako indarkeria motarik ez jasateko duen eskubidea (CRC/C/GC/13, 2011ko apirilaren 18koa). Esku-hartzearen erdigunean jartzea haurraren eta nerabearen interes gorena.
-
Tolosako Udalak, erakunde eskudunekin batera, gizarte-sentsibilizazioko kanpaina egonkorrak diseinatu eta gauzatuko ditu, informazioa emateko, gizartea kontzientziatzeko, eta sexu indarkeriako egoera horietan goiz esku hartzeko detekzio eta jakinarazpen goiztiarra sustatzeko. Adingabeen hurbileko pertsonei (familiei) bereziki zuzendutako kanpainak, sexu indarkeriaren zantzuak identifikatzeko tresnak eskainiz. Horrela, pertsona horiek guztiek gizartearen arazo larri hori identifikatu eta alerta jo ahal izango dute.
-
Tolosako Udalak, prebentzioko eta hezkuntza afektibo-sexualeko programen esparruan, indarkeria horren detekzioa eta jakinarazpena sustatzeko jarduerak garatuko ditu, haurrei eta nerabeei zuzendutakoak, eta gaia guraso eskoletan sartuko du.
-
Tolosako Udalak sustatuko du familiek kontzientzia hartzea komunikabideetan, bideojokoetan, Interneten eta abarretan indarkeriazko edukien eraginpean luzaro egoteak haur eta nerabeengan izan ditzakeen ondorioez.
-
Tolosako Udalak azpimarratu du oso garrantzitsua dela gaur egun dauden baliabideak ezagutaraztea, egoera horiek identifikatzen dituztenek eta abusuak eta tratu txarrak jasaten ari diren biktimek eskura izan ditzaten dauden baliabideak, eta babestuta eta lagunduta senti daitezen. Horretarako, haur eta nerabeekiko indarkeriaren aurkako euskal estrategia hartuko da oinarritzat. Estrategia hori 25 erakunde publikorekin, hirugarren sektoreko 9 erakunderekin eta EAEko hiru hiriburuetako haurren eta nerabeen partaidetza-kontseiluekin eta Arartekoaren haurren partaidetza-kontseiluarekin batera egin eta kontrastatu da.
-
Tolosako Udalak erakunde guztiei eskatu die haurren eta gazteen aurkako sexu indarkeria prebenitzeko eta haren zantzuak identifikatzeko dituzten eskumenen arabera inplikatzeko, helduen eta haurren arteko elkarreragina dagoen ingurune guztietan, indarkeria hori ahalik eta lasterren identifikatzeko neurriak hartu eta ondorengo kalteak mugatu ahal izateko. Horretarako, sistema bat hedatuko du, prestakuntza eta aholkularitza eskainiko dituena, eta haur eta nerabeen bizitza garatzen den esparruetan aritzen diren profesionalek indarkeria kasuak identifikatzeko gaitasun egokiak eta adingabeek dituzten zalantzak argitzeko behar besteko laguntza izatea bermatuko duena.
-
Tolosako Udala erakunde eskudunekin koordinatuko da, gai hori hezkuntza sistemaren barruko ikasketa programetan txertatzeko, haur eta gazteen aurkako abusua detektatzeko tresnak izan ditzaten. Halaber, osasun arloko langileekin koordinatuko da, arreta berezia jarriz biktima diren haur eta nerabeei eta haien familiei laguntza eta arreta psikologikoa ematen dieten profesionalengan, protokoloetan eta esku hartzeko estrategietan gaitzeko.
-
Tolosako Udalak arreta handiz jarraituko du "Barnahus" izeneko proiektu pilotua, sexu abusuen biktima diren adingabeei arreta integrala ematekoa. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean iritsiko da Euskadira, Save The Childrenen lankidetzarekin, euskal errealitatera egokitzeko lehen urrats gisa, eta gune berean bilduko ditu kasu horietan esku hartzen duten departamentu guztiak, judizialak zein soziosanitarioak.
-
Tolosako Udalak lankidetzan eta koordinazioan jarraituko du Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta gaian eskumena duten gainerako erakundeekin, bai eta haurren aurkako sexu abusua eta tratu txarrak prebenitzen diharduten elkarteekin ere, ekimenak garatzeko eta beharrezko baliabideak bermatzeko, horien bitartez abusuak prebenitu eta detektatzeko eta haurrek eta nerabeek beren eskubideak baliatu ahal izatea bermatuko duen arreta egokia eta kalitatezkoa eskaini ahal izateko, arretarako eta babeserako protokolo eta neurri eraginkor guztiak abian jarriz.