Haurren Hiria egitasmoan landutako ideiak aurkeztu dituzte Tolosako ikasleek udalbatzan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/06/06 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • “Herriko zerbitzuak haurrentzat” izan da aurten landu duten gaia, haurren ikuspegitik Tolosa hobetzeko helburuarekin.
  • Tolosako Udala garatzen ari den Haur, Gazte eta Nerabeen diagnostiko eta planarekin bat egin du aurtengo lanketak.
  • Gurasoekin egindako saioaren ondotik, ikasturtean zehar landutako ideiak eta proposamenak udal ordezkariei aurkeztu dizkiete Tolosako haurrek maiatzaren 26an.

                     

“Herriko zerbitzuak haurrentzat” izan da 2021-2022 ikasturtean Tolosako Haurren Hiria egitasmoaren 8. edizioan landu den gaia, haurren ikuspuntutik Tolosa hobetzeko helburuarekin.

Beste urte batez, Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetako haurrek parte hartu dute, 9-12 urte bitarteko ordezkarien bitartez. Guztira hiru lan saio egin dira egitasmoaren baitan, guztiak burbuila taldeak errespetatuz, aurrez aurreko saioak egin ahal izateko lan-metodologia uneko osasun egoerara egokitu baita.

Lehen saioan, egun Tolosan dauden azpi-egiturak aztertu dituzte, beti ere, haurrei zuzendutako baliabideak kontuan izanik, haurren beharrak identifikatzeko. Bigarren saioan, behar horiei aurre egingo dien espazio baten diseinua garatzeko lehen urratsak eman dituzte, eta, hirugarren saio batean, haurren ordezkariekin elkartu eta behar guztiak asetzen dituen "haurren espazioa" definitu dute.

Haurren ikuspegitik Tolosa hobetzeko proposamenak

Haurrek Tolosan dauden kultura, kirola eta aisialdiko instalazioak aztertu dituzte eta haien beharrei erantzuteko irtenbideak proposatu dituzte. Hala nola, haurrentzako espazio bat garatzea Tolosan, eta dagoeneko dauden espazioetarako hainbat hobekuntza.

Horien artean, Poeta Lizardi plazan dagoen jolas eremuaren inguruan sare bat jartzea proposatu dute, erabiltzen dituzten baloiak ibaira erori ez daitezen, eta Tolosako Udalak dagoeneko jarri du sarea. Haurren beste eskaera bat izan zen liburutegi handiago bat izatea, eta Udala dagoeneko ari da lantzen Kultur Etxean liburutegi berria eraikitzeko proiektua.

Tolosako haurrek, ikasturtean zehar egindako lanketa eta ondorioztatutako proposamenak gurasoei aurkeztu dizkiete lehenik, eta ondoren, udal ordezkariei, Maiatzaren 26an, Udal Pleno aretoan.

Haur, Nerabe eta Gazteen diagnostiko planarekin bat

Aurten, Haurren Hiria egitasmoaren baitan egin den lanketa estuki lotuta egon da Tolosako Udalak abian jarri duen Haur, Gazte eta Nerabeen diagnostiko eta planarekin. Izan ere, planak helburu du gazteen ikuspegitik, beren beharrak eta iritziak kontuan hartuta, etorkizunera begirako lan ildoak zehaztea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA