Haurren Hiria egitasmoan landutako ideiak aurkeztu dituzte Tolosako ikasleek udalbatzan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/05/26 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Herrikide, Laskorain eta Felix Samaniego ikastetxeetako haurrek gaur aurkeztu dituzte ikasturte honetan landutako ideiak udal ordezkarien eta gurasoen aurrean.
  • Ikasturte honetan landu dituzten gaiak izan dira emozioak, heriotza eta dolua, jazarpena eta bakardadea, osasun mentalaren eta emozionalaren baitan.

 

Tolosako Haurren Hiria proiektuaren bidez, haurren ikuspegitik herria nola bizi duten ezagutu nahi da, baita haurrak herritar sentiaraztea, komunitate baten parte direla ikusaraztea eta beren hitzak garrantzia duela erakustea. Ikasturte bakoitzean gai jakin bat jorratzen dute eta aurten osasun mentalaren eta emozionalaren baitan, emozioak, heriotza eta dolua, jazarpena eta bakardadea izan dituzte hizpide Herrikide, Laskorain eta Felix Samaniegoko 8-12 urte bitarteko haurrek.

Ikasturtean zehar bost bider elkartu dira gaiaren inguruan hausnartzeko, eta saio bakoitzean aditu baten laguntzaz jorratu dituzte gaiak. Helburu nagusia izan da arlo horietan haurren ikuspegitik Tolosan zein hobekuntza egin daitezkeen identifikatzea.

Adostu dituzten proposamenak gaur aurkeztu dituzte udal ordezkarien eta parte hartu duten haurren senideen aurrean, udaletxeko udalbatza aretoan.

Haurren proposamenak Tolosarentzat

Besteak beste, ongizate emozionaren inguruan hauek dira egin dituzten proposamenetako batzuk: arreta psikologikoa doan eskaintzea eta eskola publikoa bermatzea haur guztientzat, doluaren inguruan hitz egiteko tertuliak antolatzea, eskoletan bulling-ari buruz laguntzeko irakasle bat ahalbidetzea, eskoletan jazarpenaren inguruko saioak antolatzea, bakardadea pairatzen duten pertsonentzat topagune bat jartzea…

Horrez gain, Tolosako haurrek aterpe gehiago ahalbidetzea eskatu dute, euria egiten duenean jolasteko leku bat izateko, eta baita asteburuetan zezen plaza eta eskolak irekita egotea ere. Herriko toki ilunak argiztatzea da beste proposamenetako bat, seguruago sentitu daitezen.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA