- Herritarren Batzordearekin egin bezala, prozesua haurrentzat egokitu du Udalak eta haien bizipenak azaleratzeko elkartasunezko testuinguru bat eskainita, emozioak, dolua, bullying-a eta bakardadea izango dituzte hizpide, lau saiotan banatuta. Lehen saioa abenduaren 16an izango da.
- Haur partaideak ausaz aukeratuko dira eta saio bakoitzean, aditu baten hitzaldia jasoko dute eta, ondoren, Gazteria zerbitzuaren gidaritzapean, entzundakoaren inguruko lanketa egingo dute, jolas eta ekintza desberdinen bitartez ondorioak atera ahal izateko.
Tolosako Haurren Hiriak helburu du Tolosan bizi diren 8-12 urteko neska-mutilei hitz egiteko eta udalgintzan parte hartzeko aukera ematea, modu horretara herria nola bizi duten ezagutzeko eta, bereziki, haurrak erdigunean jarrita, haien hitz eta iritziei dagokien balioa emateko.
Ildo horretan, Haurren Hiria egitasmoak haurrekin elkarlanean, gai desberdinak lantzen ditu urtero eta, oraingoan, egitasmo horretatik abiatuta, ongizatea eta osasun emozionala lantzeko deliberazio prozesua antolatu du Tolosako Udalak, hain zuzen 8-12 urte bitarteko haurrekin garatzeko.
Kasu honetan, urrian martxan jarri zen lehen Herritarren Batzordea garatzen ari den prozesu berdina jarraituko da, noski, haurrei egokituta. Hori horrela, lehenik eta behin, haur partaideak zozketaz eta adierazle ezberdinen arabera (adina, sexua, jatorria, ikasketa maila…) aukeratuko dira eta horretarako herriko hiru ikastetxeetako ikasleak (Laskorain Ikastola, Herrikide eta Orixe) izango dira kontutan. Haurrei zein gurasoei prozesuaren berri emateko bideo bat zabaldu die Udalak, ikastetxeen bitartez, aldi berean, prozesuan parte-hartzeko gonbidapena luzatuz.
4 gai, 4 saio eta 4 aditu
Lanketa Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailako haurrekin garatuko da, maila hauetako ikasgela
bakoitzeko ordezkari bat izendatuz. Guztira 40 ordezkari izango dira eta lau saiotan banatuta lau gai desberdin landuko dituzte: emozioak, dolua, bullying-a eta bakardadea.
Saio bakoitzean aditu baten hitzaldia jasoko dute eta, ondoren, Gazteria sailaren gidaritzapean, gai horren inguruko hausnarketa eta lanketa egingo dute jolas eta ekintza desberdinen bitartez. Lehen saioa abenduaren 16an izango da eta behin guztiak amaituta, egindakoaren berri emango diete haurrek parte-hartzeko aukera izan ez duten gainerako gelakideei, haiei ere prozesua gerturatze aldera.
Ondorengo da haurren deliberazio prozesuaren egutegia:
- Abenduak 16: lehen saioa, Kultur Etxean.
Saio honetan emozioak landuko dituzte: antsietatea, beldurra. Aditua Ane Ablanedo izango da, haziera, heziketa eta pedagogian aditua.
- Urtarrilak 20: bigarren saioa, Kultur Etxean
Bigarren saio honetan dolua landuko dute Txaro Etxeberria eta Pello Agirrezabal adituekin. Hauek Herrikide Ikastetxeko bizikidetza arduradunak dira.
- Martxoak 3: hirugarren saioa, Kultur Etxean
Saio honetan bullying-a izango dute hizpide Baketik Fundazioaren gidaritzapean. Fundazio honek, etika ardatz hartuta, eraldaketa pertsonala eta soziala sustatzen duen fundazioa da eta egiten duen dinamiketako bat da eskola-jazarpena eta indarkeria prebenitzea.
- Martxoak 31: laugarren saioa, Kultur Etxean
Laugarren eta azken saio honetan bakardadea landuko dute EMOKI taldearen bitartez. Hauek, bizitza afektibo-sexual osasuntsua eta kontzientea, kudeaketa emozionala edo teknologia berrien erabilera egokia sustatzen dute formakuntza, aholkularitza, sentsibilizazio kanpaina eta baliabide didaktikoen bidez,