-
Alarma egoera amaitu bada ere, ez da aldaketarik egongo Tolosako Udalak antolatutako kultur jardueren ordutegian.
-
Erakusketa berri baten inagurazioa eta Postal Kolekzionistak talde tolosarraren kontzertua egongo dira aste honetan Tolosan.
-
Museoen Nazioarteko Egunaren harira, Topic-ek egitarau berezia antolatu du.
Alarma egoera amaituta, hainbat neurri arindu egin dira. Etxeratze agindurik ez dagoen arren, norbanakoen erantzukizun pertsonalerako deia egin dute erakundeek, baita Udalak ere. Zentzu horretan, Tolosako Udalak antolatutako kultur jardueren ordutegia bere horretan mantenduko da, eta 21:00etarako amaituko dira ekimen guztiak.
Aste honetako kultur jarduerak
Tolosako Udaberriko programazioaren baitan, herriko artistak izango dira aste honetan protagonistak. Maiatzaren 14an, Postal Kolekzionistak taldeak “Bagoi Hutsak” diskoa aurkeztuko du 19:00etan Leidorren. 2020an publikatu zuten Lekuak Leku singlea, orain aurkeztuko duten Bagoi Hutsak diskoaren tematika eta soinua dagoeneko aurrikustea ahalbidetzen duen kantua. Euren soinu propioaren bila egindako bidearen emaitza da Bagoi Hutsak. Bidaiak betiere presente izanik, trenek tematu dute Iñigo Asensio bigarren disko honen sorkuntza fasean.
Bestalde, erakusketa berri bat inaguratuko da maiatzaren 13an Aranburu Jauregian. Lierni Mendia tolosarrak osatu du erakusketa, boligrafoz egindako marrazkiekin. Egunerokotasuneko gauza txikien edertasuna erakutsi eta azpimarratzea du helburu. Boligrafoa da horretarako darabilen tresna. Artelanak sortzeko balio badu ere, guztiok erabiltzen dugu egunerokotasunean. Erakusketa ekainaren 12ra bitarte egongo da ikusgai.
Aste honetako zine saioei dagokienez, maiatzaren 13ko zine forumean “Ez, eskerrik asko! Gladys-en leihoa” pelikula emango da 19:00etan Leidorren. Asteburura begira, helduentzat “Ilargi guztiak” filma emango da larunbatean, igandean eta astelehenean 19:00etan, eta, haurrentzat, “Earwig y la bruja” ikusi ahal izango da larunbatean 16:00etan Leidorren.
Sarrera guztiak Leidorreko leihatilan edo kutxako webgunean daude eskuragarri.
Museoen Nazioarteko Egunaren harira, ekintzak Topic-en
Museoen Nazioarteko Egunaren harira, egitarau berezia antolatu du Topic-ek maiatzaren 15ean. “Museoak berdintasunaren alde: aniztasuna eta inklusioa” lelopean, hainbat ekintza egingo dira Tolosan.
Goizean zehar, Musika Eskolako ikasleek kontzertuak eskainiko dituzte Topic sarreran eta Ambigú-n. Bestalde, museoa bisitatzeko ateak zabalik egongo dira edonorentzat 10:00etatik 21:00etara. Sei pertsonako taldetan egingo dira bisitak eta beharrezkoa da aurrez hitzordua hartzea 943 650 414 telefonora deituta edo cit@cittolosa.com helbidera mezu bat bidaliz.
Larunbatean, 18:00etan, Fotopic egitasmoaren sari banaketa egingo da Ambigú-n. Eta, azkenik, 19:00etan, Aniztasunaren Gala egongo da, non parte hartuko duten Iñaki Salvador eta Jakes Txapartegi pianistek, Simón Ezquiaga abeslariak, Verdini dantza taldeak eta Telmo Irureta aktoreak. Sarrerak bost euroko balioa izango du.
Ezohiko Tolosa Zuria Loretan
Aurreko urteetan Tolosa Zuria Loretan ospatu izan da garai hauetan: Tolosako asteburu politenetako bat, Museoaren Nazioarteko Egunak, Gau Zuriak eta Lore eta Landare Azoka Bereziak bat egiten dutenekoa. Bizi dugun egoeraren ondorioz, iaz ezin izan zen ospatu eta aurten ere ez da posible izango. Hala ere, lehen adierazi bezala, Topic-ek bere egitarauari eutsi dio, egoerara egokituta, eta larunbatean Trianguloko Gaztelako Arkua ere loreztatuko da, urtero legez. Zehazki San Isidro egunean apainduko da, azokagileen egunean.
Ezohiko garaiak izan arren, Udalak azokagileenganako eta lehen sektorearekiko duen konpromisoari eusten dio eta euren lanagatik zoriondu nahi ditu asteburu berezi honetan. Bide batez, herritarrei dei egiten die bertako baserritarrak babes ditzaten, bertako produktuak erosiz. Udalak gogorarazten du edozein unetan bihur daitekela norbera Azoka Lagun, Azoka Lagunak proiektura atxikituz. Egitasmoak helburu du “Azokan erosten badut, herriaren alde egingo dut” sinesmena gizarteratzea, tokiko kontsumoa indartzeko.