Ia 3.000 musikari batuko dituzte, Musikaldi eta Musikherria jaiek, maiatzaren 25ean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/05/16 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak bi urtero egiten duen Musikaldi topaketaren barruan, emanaldiak izango dira, goiz osoan zehar, Tolosako eta Ibarrako zortzi gunetan.
  • Musikherriak 10. urteurrena ospatuko du aurten, eta 18 taldek parte hartuko dute; bazkarirako txartelak bihartik aurrera izango dira salgai.

 

Urtero bezala, maiatzeko azken asteburuan ospatuko da Tolosan Musikherria, kaleko musikaren eta musikarien festa. Aurten Musikaldi ere batuko da, bi urtez behin Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak egiten duen topaketa. Izan ere, aurten Tolosako Eduardo Mocoroa eta Ibarrako Loatzo Musika Eskolek antolatu dute jaia, elkarlanean, bi herrietako udalen babes eta laguntzarekin.

Musikaldi eta Musikherria jaien ospakizunarekin, beraz, Tolosa eta Ibarra musikaren agertoki bilakatuko dira maiatzaren 25ean. Ia 3.000 musikarik hartuko dituzte bi herrietako kaleak, adin guztietako publikoari zuzendutako musika emanaldien egitarau anitz eta zabala eskainiz.

Bi hitzorduak gaur aurkeztu dituzte Zumandiandian, Musikaldiko agertoki nagusian, Tolosako eta Ibarrako alkateek, Eduardo Mocoroa eta Loatzo Musika Eskoletako ordezkariek eta Musikherriko antolatzaileek.

Musikaldi: 2.700 ikasle baino gehiagoren topaleku

Bi urtez behin, Musikaldik, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen topaketak, herritik herrira egiten du salto eta aurten Tolosak eta Ibarrak hartuko dute. 

Hain zuzen, jaialdiaren helburu nagusia da elkartea osatzen duten ikasle eta irakaslegoa elkartzea, ezagutzea eta modu bateratuan kontzertuak lantzea. Helburu horretatik abiatuta, antolaketa bera ere modu horretara egin dute, elkarlanean. Horregatik, ‘Musikonexioa’ izango da jaiaren leloa, bi eskolak, bi herriak eta Euskal Herriko gainerako eskolak elkar konektatuko direlako.

Aurtengo jaiak Euskal Herri osoko 53 musika eskola batuko ditu. Partehartzaile gehienak Loatzo Musika Eskolako eta Tolosako Eduardo Mocoroa Musika Eskolakok izango dira, biak ala biak, 2024ko Musikaldiko antolatzaileak.

Egun osoan zehar, 15 musika genero eta estilo ezberdinetako 200dik gora taldez gozatu ahal izango da. Horien artean daude, besteak beste, musika bandak, ganbera taldeak, dultzaina, akordeoi, txistulari edota harizko taldeak, konboak, abesbatzak eta dantza taldeak (balleta, euskal dantza, garaikidea...). Behar bereziak dituzten ikasleen 100 kidetik gorako bandak ere parte hartuko du.

Guztira 2.700 pertsona inguru elkartuko dira; 500 bat lagun abesbatzetan, 450 inguru trikititxa taldeetan eta ia 400 pertsona musika bandetan. Guztiak arituko dira Tolosa eta Ibarrako kaleak musikaz girotzen.

Hain zuzen ere, zortzi gunetan izango dira kontzertuak, goiz osoan zehar. Gune nagusia Zumandiaundia izango da, bi herrien lotura puntua, alegia. 10:00etan emango zaio hasiera jaialdiari bertan, behar bereziak dituzten ikasleez osatutako bandaren kontzertuarekin. Ondoren Alurr eta Udaberri dantza taldeen emanaldia izango da. Ekitaldi berean, pertsona edo talde batek Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen ohorezko izendapena jasoko du, euskal kulturari egindako ekarpenagatik; eta bi urte barru Musikaldi antolatuko duen herriak ere lekukoa hartuko du.

Tolosan, beste lau gunetan izango dira emanaldiak: Topicen ganbera-musika kontzertuak eskainiko dira, Alondegiaren eta Frontoiaren artean, banda eta konboak arituko dira, Herrikide ikastetxean abesbatzak eta akordeoi taldeak elkartuko dira eta Leidorrek ballet eta dantza garaikideko emanaldiak jasoko ditu. 

Ibarran, Azkue plazan, euskal dantzak eta txistuak izango dira; Udaletxeko plazan, bandak eta soka orkestrak eta Emeterio Arresen, abesbatzak eta trikitixak. Horrez gain, kaleetan zehar hainbat kalejira egingo dira musika banda eta akordeoi, dultzaina eta trikitixa taldeekin. Arratsaldean jaiak jarraipena izango du, Ibarrako kaleetan, Distopia elektrotxarangaren erritmoan.

Musikherriak 10 urte

Aurten, Musikherriak 10 urte betetzen ditu, eta, urtero legez, musika Tolosako auzo askotara zabalduko du. Aurten 18 taldek parte hartuko dute.

Goizeko 10:00etatik aurrera, kalejirak izango dira San Blas, Amarotz, Berazubi, Iurre, Izaskun, Arramele eta San Esteban auzoetan, eta ondoren, Tolosako erdigunera pasako da jai-giroa. Eguerdi partean, bi lekutan kontzertuak egingo dira: Lopez Mendizabalen konboak entzuteko aukera izango da; eta Plaza Berrian, aldiz, abesbatzak eta akordeoiak izango dira protagonista.

Bazkaria Zerkausian egingo da urtero moduan, Laskorain Ikastolako ikasle eta gurasoek prestatuta. Irabaziak Zutani elkartera bideratuko dira. Bazkarirako txartelak bihartik aurrrera izango dira salgai Orbela eta Xirimiri tabernetan, helduentzat 15 euroko salneurrian, eta 14 urtetik azpiko haurrentzat 10 eurotan.

Arratsaldean, 18:30etik aurrera, Euskorleans taldeak, New Orleanseko soinuak ekarriko ditu Tolosara, eta egunari amaiera jartzeko, gauean Komando Funk eta Tapia eta Leturiaren kontzertuak izango dira. Abesti ezagunen bertsio dantzagarriak gerturatuko ditu Komando Funk taldeak, groove, swing, jazz eta funk erritmoetara egokituta. Tapia eta Leturia, berriz, banda osoarekin batera arituko dira.

Musikaldi 2024 - Egitaraua

9:30-10:00. Parte hartzaileen iritsiera 

10:00. Zumardiaundia. Aurkezpen ekitaldia.

11:00. 

  • Leidor Antzokia: Baleta, dantza modernoa

  • Kalejirak Tolosako eta Ibarrako kaleetan zehar: Musika bandak

11:15.

  • Herrikide: Eskusoinuak

  • Alondegia/Frontoia: Konboak

  • Zumardiaundia: Konboak

  • Ibarrako Plaza: Orkestra

  • Emeterio Arrese: Trikitixak

  • Azkue: Txistuak

12:00.

  • Topic: Ganbera taldeak

  • Kalejirak Tolosako eta Ibarrako kaleetan zehar: Txistuak, dultzainak, trikitixak eta eskusoinuak.

12:45.

  • Emeterio Arrese: Abesbatzak

  • Herrikide: Abesbatzak

  • Alondegia: Banda

  • Ibarrako Plaza: Banda

  • Azkue: Euskal dantza

13:00.

  • Leidor: Gitarrak

13:30. Tolosako Kasinoa. Amaiera ekitaldi modura, zuzendari eta irakasleen topaketa eta oroigarrien banaketa.

17:00. Ibarrako kaleetan zehar, Distopia elektrotxaranga.

 

Musikherria 2024

10:00. Amarotz, Berazubi, Iurre, Izaskun, Arramele eta San Esteban: Tolosako Dultzaineroak, Giro Arte Dultzainero Taldea eta Jainekin Txaranga.

11:00. Erdiguneko kaleetan: Udaberri Fanfarrea, Konponezinak txaranga, Isidro Larrañaga Musika Eskolako ikasleak eta Uztaritzeko Herri Soinua elkartea.

12:00. 

  • Alde Zaharreko kaleetan: Tolosa Kantari

  • Lopez Mendizabal. Diversity, Garigabeak, The Konbix eta Garena taldeak

  • Plaza Berrian: Hodeiertz abesbatza, Lask abesbatza eta Isidro Larrañaga akordeoi orkestra

14:30. Zerkausian: Herri bazkaria

18:30. Alde Zaharreko kaleetan: Euskorleans

22:00. Komando Funk

00:00. Tapia eta Leturia

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA