-
Aurten ere Kabi Alai Kuttunak botako du ostegun gizeneko suziria, urteurrena ospatzen dute Berazubiko danborradak eta Pintxana txarangak, 80 karroza eta konpartsek parte hartuko dute eta astelenitan 1400 haur inguru ariko dira dantzan kalean.
-
Beste behin, prebentzioan arreta jarri da eta baita sentsibilizazioan ere berdintasunari, alkohol kontsumo arduratsuari, garbitasunari eta zaratari dagokionean.
-
Olatz Peon Ormazabal, alkateak azpimarratu du: “umorea, alaitasuna, kolorea... dira gure inauterien adierazlerik nagusienak, aurten izan daitezela baita ere elkar-errespetua eta elkarbizitza, guztionak diren inauteriak guztiok goza ditzagun; bizi, gozatu eta errespetatu aurtengo inauterietan”.
-
Inauteriak 24 orduz www.tolosa.eus webgunean eta kaleko pantailetan jarraitu ahal izango dira. Zezenak egunero emango dira zuzenean, baita ostegun gizeneko txupina, larunbateko danborradak, diana edo asteartitako txarangen bilkura.
Gaur goizean, pleno aretoan aurkeztu ditu Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek aurtengo inauteriak eragile ezberdinen laguntzarekin. Bertan izan dira, gonbidatu berezi modura, Udaberri Dantza Taldeko, Berazubiko danborradako eta Pintxana txarangako ordezkariak; Pintxana txarangak 80 urte beteko baititu aurten eta Berazubiko danborradak aldiz 25.
Pintxana txaranga ezaguna da tolosarren artean Ostegun Gizenean egiten duen lanagatik. Baina ez da hain ezaguna txarangaren jatorria. 1940. urtean lagun talde batek sortu zuen eguneko festa bat bultzatzeko gogoz; eta udalari arratsaldean zezenak askatzeko eskatu zioten. Ezetzaren aurrean, helburua lortu arte Ostegun Gizenero kalera ateratzea erabaki zuten. Zezenak jartzea lortu bazuten ere, gaur arte jarraitu dute Ostegun Gizenean kalean girotzen.
Berazubiko danborradaren kasuan, auzoko gazteen taldeak, auzoko festez gain beste hainbat ekimen antolatzen zituen,horien artean inauterietako karroza. Garai haietan danborradan elkarte modura parte hartu behar zen eta gazte talde honek Berazubiko elkartearen laguntzarekin aurten 25 urte beteko dituen danborrada sortu eta osatu zuen, egun Tolosako danborradan ateratzen den jendetsuenetarikoa dena.
Egitaraua, herriko eragile eta taldeen parte hartzearekin osatua:
Eskerrak emanez hasi du aurkezpen ekitaldia alkateak, “Tolosako inauteriak jai herrikoiak dira, herritik eta herriarentzat antolatuak, eta hortaz eragile eta talde guztien parte hartze eta laguntza ezinbestekoa da inauteriak antolatu eta ospatzeko; guztiok egiten ditugu inauteriak eta horregatik, dira hain bereziak eta hain gureak”.
Asteburu honetan jada, ostiralean, otsailak 14 Udaberri dantza taldeak, “Gaur txantxo naiz”emanaldi berezi eta berria eskainiko du 20:30ean Zerkausian; Euskal Herriko inauteriei buruzko emanaldi berezia izango dena. Larunbatean, otsailaren 15ean, inauterien iragarle diren kaldereroen zartagi hotsek hartuko dituzte Tolosako kaleak. Eta igandean, Tolosako Udal Musika Bandak eta Udal Txistulari Bandak inauterietako kontzertua eskainiko dute Berdura Plazan.
Festari, baina, Ostegun Gizeneko, txupinarekin emango zaio hasiera 12:00etan eta ohiko moduan, ohiko moduan, 2020ko Kabi Alai Kuttunak botako du suziria.
Egitarauari erreferentzia egitean, alkateak, Ostiral Meheko Arpegi taldearen jaialdia edota larunbateko danborradak aipatu ditu, eta noski, egunero kalera ateratzen dira txarangak ere.
Igandetik asteartera, 80 karroza eta konpartsa aterako dira kalera eta astelenitan 1400 haur inguruk arituko dira dantzan.
Prebentzioa eta sentsibilizazioa:
Azken urteotan lan mardula egin da prebentzioari dagokionean, bereziki, alkohol kontsumoari eta indarkeria sexistari dagokionean. Inauterien aurretik eta baita inauteri egunetan ere prebentzio eta esku-hartze kanpainak egingo dira. Halaber, sentsibilizazio kanpainak egingo dira berdintasunaren, zarataren, garbitasunaren eta alkohol kontsumoaren inguruan.
Berdintasunaren aldeko urratsak egiteko, 11. urtez kanpaina berezia jarri du udalak martxan, aurten, #LIBRENonahi lelopean. Leloarekin kalkomaniak sortu dira emakumeentzat eta Joka Sano pegatinak banatuko dira gizonezkoentzat. Horiek orain artean gazteekin egindako esku hartze kanpainaren baitan banatuak izan dira.
Kalkomaniak eta pegatinak, liburuxkarekin batera eraikin publikoetan eskuragarri egongo dira inauteriak bitartean eta inauteri egunetan baita komertzio eta tabernetan ere. Kaleko paneletan ere kartelak kokatuko dira udaltzaingoaren telefonoarekin.
Eraso sexisten aurrean herritarrei jarrera aktiboa izateko eskatu die alkateak.
Ez dago ezer puntutik komara lelopean, Gipuzkoa mailan DBH eta Batxilergoko ikasleen guraso guztiei ere eskutitza helarazi zaie; gazteekin heziketa saio ezberdinak egin dira eta kaldereroetan hainbat gazte lokal bisitatuko dira informazioa eskura emateko. Inauteri egunetan ere trenean datozen gazteei informazioa banatuko zaie eta Ai-Laket elkarteko kideek zein Inmakulada Gizarte Integrazioko ikasleek kale esku-hartzea egingo dute. Halaber, igandean, Testing-eko karpa jarriko da 24:00etatik 03:00etara Euskal Herria plazan. Taberna, txosna batzorde eta dendei ere 18 urte azpiko gazteei alkohola ez saltzeko deia egin zaie.
Hondakinen inguruko prebentzioari dagokionean, alkateak gogorarazi du herria garbi mantentzea guztion lana dela, norberaren ardura baita inauterietan ere birziklatu, berrerabili eta zabor gutxiago sortzea. Garbiketa zerbitzuko langileek egiten duten lana goraipatu eta errespetatzea eskatu du.
Halaber, elkarbizitzaren eta segurtasunaren alde urratsak egiten jarraitzeko udalak hainbat neurri hartu ditu, helburu hartuta, elkar-errespetua sustatu eta pertsona guztiei inauteriez gozatzeko aukera eskaintzea. “Parte hartzen dutenen, kalera ateratzen diren tolosarren, bisitatzen gaituztenen, zein etxean dauden bizilagunen; haur, gazte, heldu zein adineko pertsonen arteko elkarbizitza bermatzea da gure helburua guztiek izan dezaten lekua festan” adierazi du Olatz Peon Ormazabalek.
Inauteriak 24 orduz webgunean eta kaleko pantailetan:
Inauteriak 24 orduz jarraitu ahal izango dira www.tolosa.eus webgunean zein kaleko pantailetan. Zezenak egunero zuzenean emango dira, baita txupina, larunbateko danborrada, diana eta asteartitako txarangen bilkura. Tolosako Iñauteriak sare sozialetan ere unean uneko edukia zabalduko da.
Berdintasunak saria du:
Aurten ere, karroza berdinzaleenak saria jasoko du. Guztira, 5 sari banatuko ditu udalak, otsailaren 28an Topic-en egingo den ekitaldian. Lehen saria, kategoria bakoitzeko sari bana eta Berdintasun Saria. Aurten ere, banderola morea jasoko du karroza edo konpartsa irabazleak.
Iazko irabazleek aurten banderola jarrita eramango dute beren karrozan eta aurtengo irabazleei eskura emango diete banderola sari emate ekitaldian. Sari honen helburua da, berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea, emakumezkoen parte hartzea eta protagonismoa nabarmentzea eta berdintasunaren eta sexu-genero aniztasunaren aldeko mezu sinboliko eta kulturalaren sorrera sustatzea.
Amaitzeko alkateak nabarmendu du: “umorea, alaitasuna, kolorea... dira gure inauterien adierazlerik nagusienak, aurten izan daitezela baita ere elkar-errespetua eta elkarbizitza, guztionak diren inauteriak guztiok goza ditzagun; bizi, gozatu eta errespetatu aurtengo inauterietan”.