- Inauteri lasaiak izan dira, aparteko gertakaririk gabekoak, jendetsuak, parte hartzaileak, alaiak eta umoretsuak.
- Aurtengo aldaketek oso harrera ona izan dute: Euskal Herria plazaren erabilerak, sokamuturraren lekualdaketak eta karroza eta konpartsen ibilbide eta antolaketak.
- Datorren urtera begirako erronka nagusien artean: hondakin gutxiago sortzea, musika bolumena zaintzea elkarbizitza bermatzeko, alkohol kontsumo arduratsua sustatzea, karroza eta konpartsek bete beharreko baldintzak zehazteko ordenantza garatzea eta euskal musikaren sustapena.
2023ko inauteriak igarota, eragileekin bildu ondoren eta datuak esku artean, balorazioa egin du udal gobernuak.
Eguraldi onak lagunduta, jendetsuak eta bereziki parte hartzaileak izan direla nabarmendu dute udal gobernu zein eragileek eta atzoko bilera baliatu zuten datorren urtera begirako erronkak zehazteko. Oro har, inauteri lasaiak izan dira, betiko legez, alaiak eta umoretsuak, irudimenez beteak, aparteko asistentzia eta inzidentziarik gabekoak.
Festa eredua aldatuta
Iaz gertatu modura, Zaldunita izan zen egunik jendetsuena. Garraio publikoa erabiliz Tolosara gerturatu ziren pertsonen datuei erreparatuz, 20.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren Zaldunita egunean Tolosara.Datorren urtera begira garraio publikoa gehiago indartzeko eskaera egingo da Udaletik, Zaldunita egunari begira.
Astelenitako Gaztea gunea, Alondegian kokatu zena, erabat arrakastatsua izan zen. Giro ona sortu zen gaztetxoenen artean eta Udala, gune hori Zaldunita egunera zabaltzeko aukera aztertzen ari da, festa ereduaren aldaketa dela eta.
Aldaketek harrera oso ona
Harrera oso ona izan dute, Euskal Herria plazaren erabilerak, sokamuturraren lekualdaketak eta eta karroza eta konpartsen ibilbide eta antolaketak.
Olatz Peon Ormazabal alkateak aditzera eman zuenez atzoko bileran: “karroza eta konpartsen kokapena eta antolakuntza modu egokian gauzatu da, errespetatu dira kokapenak; lehen adliz zaintza lanetarako taldea aritu da lanean, funtzioa oso ondo bete dute, eta oro har, errespetatu dira ezarritako baldintza eta neurriak. San Frantziskon ezarritako sistema elektrikoa ere aurrera pauso garrantzitsua izan da, eta datorren urtean urratsak egiten jarraituko dugu. Bereziki azpimarratu nahiko nuke karrozen elkartearekin egindako lana, elkarlana erabatekoa izan delako. Gaztetxoen karroza txikiek ere, oro har, errespetatu dituzte ordutegiak eta kokapenak, beraz, iaz eraikitako elkarlanerako bideek eman dute beren fruitua aurten” azaldu du alkateak.
Pertzepzioetatik datu objetiboetara pasatzeko helburuarekin, azken urteotan zarataren neurketa zehatzak egin dira. San Frantziskon ondo errepestatu dira mugak, salbuespenak izan diren arren. Rondilla kalean berriz 90db muga gainditu zen igandean eta Nafarroa etorbidean kokatutako konpartsa txiki batzuek ere asteartitan ez zituzten ezarritako mugak errespetatu.
Ondorioz, Zaldunitan, musika mugak eta ordutegiak errespetatu ez zituztenek, ez zuten asteartitan ateratzeko aukerarik izan eta dirulaguntzarik ez dute jasoko. Arrazoi horregatik, asteartitan, Rondilla kalean ez zen karroza eta konpartsarik kokatu.
Garbiketari aipamen berezia
Garbiketa zerbitzu eta taldeko langileek egindako lana goraipatu eta azpimarratu nahi izan du alkateak. “Uste dut aipagarria dela egiten duten lana, eskertza mezu ugari jaso ditugu eta egiten duten lana balioan jarri eta eskertu nahi genituzke” berretsi du alkateak.
43 langile aritu dira aurtengo inauterietan lanean, 6:00etatik 12:00etara eta asteartitan, 5:00etatik 12:00etara. Kale garbiketa zerbitzuak 34,7 tona hondakin bildu ditu, iaz baino tona bat gehiago. Mankomunitateko hondakin bilketa zerbitzuak, aldiz, 14.879kg jaso ditu aurten, iaz baino 1.697 gehiago. Erabilitako ur litro kopuruari dagokionez, aurten 513.000 litro ur erabili dira garbiketarako, iaz baino 255.400 litro gutxiago, Euskal Herria plazaren erabilerari lotuta, errazagoa eta arinagoa delako Plaza Berriaren garbiketa, Euskal herria plazak duen zorua garbiketarao konplexuagoa delako.
Zezen plazako segurtasuna eta sarreren salmenta
Segurtasun eta ebakuazio plana dela eta, edukiera zehatza du zezen plazak, gainditu ezin dena, legez. 2.973 pertsona sar litezke guztira plazara (harmaila eta tendidora) eta zezentokiko eremura, hau da, korosora, gehienez ere 500. Horregatik ezinbestekoa da edukierak zaintzea eta neurriak hartzea.
Zaldunitan arazoak izan ziren zezen plazarako sarreran, Astelenita eta Asteartitarako neurriak hartu ziren eta sarrera-irteerak arazorik gabe gauzatu ziren. Datorren urtera begira, aurten ezarritako babes-gunea mantentzeko aukera aztertuko da, sarbideak behar bezala egin, kontrolatu eta arintzeko.
Animaliak babesteko lege berriaren ondorioz, Ostegun Gizen bezperan jakin zuen Udalak ez zuela zezentxoak eskaintzeko aukerarik izango; zezentxoen ordez bigantxak jartzeko erabakia hartu zen. Ostiral Meheko eta Piñata Eguneko zezen plazarako sarrera librea izan ohi da, baina bigantxen kasuan udala behartuta dago edukierak neurtzea eta zezentokira sartuko diren gaztetxoenen adina zaintzea, 16 urte azpikoak izan ez daitezen. Hori dela eta, jarri ziren herritarren eskura gonbidapenak.
Aurten gertatutakoak errepika ez daitezen edukierak neurtzeko beste formula batzuk aztertuko ditu udalak.
Datorren urterako erronkak
Eragile zein herritarrekin atzo egindako bilerak balio izan zuen datorren urterako erronkak eta bideorria zehazteko.
Musika bolumenari muga jartzea eta alkohol kontsumo arduratsua sustatzen jarraitzea izango dira lehentasun nagusiak. Horien lanketa, udalak, eragileekin elkarlanean egingo du, orani arte bezala.
Musika mugatzaileak jartzeko aukera aztertuko da, ordutegia ere bai eta aurten ezarritako sistema elektrikoa zabaltzeko aukera baita ere.
Kalera ateratzen diren karroza eta konpartsek bete beharreko baldintzak eta musika ekipoen ezaugarriak zehaztuko dira; horretarako ordenantza berria garatuko da, segurtasuna eta elkarbizitza bermatzea helburu, arriskuak ekidite aldera.
Alkohol kontsumoari dagokionez, azken urteetan egindako lanketa eta prebentzio eskuhartzeei esker nabarmen murriztu da alhokol kontsumo neurrigabeagatik artatu beharreko pertsona kopurua. Halere, alkohol kontsumo arduratsua sustatzeko lanean jarraitu du Udalak.
Datorren urtera begira aztertu eta landuko diren beste gaietako batzuk dira:
- Hondakin gutxiago sortzea.
- Txosna gunearen txandakatzea herriko plaza ezberdinetan.
- Rondilla kalea oinezkoentzat uzteko aukera.
- Kale salmenta postuen oinarri eta kokapena eta legez kanpoko salmentaren kontrola.
- Kale salmenta postuen sorgailuen intsonorizazioa.
- Euskal musikaren sustapena, karroza eta konpartsetan.
- Txarangen alardea, Zaldunitan ere egiteko aukera.
Amaitzeko alkateak adierazi du “aurten inoiz baino bilera gehiago egin dira inauterietako eragile guztiekin eta lanketa horren emaitza begi bistakoa da, aurrerapauso garrantzitsuak egin ditugu azken urteetan, bidea egiteko badago ere oraindik. Txarangak, mozorroak, karrozak eta konpartsak eta bereziki alaitasuna eta umorea izan dira nagusi aurtengo inauterietan; gure inauterien esentziaz gozatzeko aukera izan dugu beste behin, beraz, balorazio baikorra egiten dugu. Modu berezian eskertu nahi dut inauterien aurretik eta inauteri egunetan lanean aritu diren udal langileen ahalegin eta inplikazioa: udaltzaingoa, brigada, kultura saila, berdintasuna, obra eta zerbitzuen saila... karrozen elkarteari ere eskertu nahi diot elkarlana eta aipatu nahi nituzke ere txarangak, Udal Musika Banda, txistulariak eta herriko eragileak, guztiei esker izaten baitugu inauteriez gozatzeko aukera”.