Izaro, Idoia Asurmendi, Korrontzi, EGO, Kukai, Umama edo Doctor Deseo, besteak beste, udazkeneko kultur eskaintzan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/07/30 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Programa urriaren 4an hasiko da Izaroren ‘Cerodeenero’ kontzertuarekin, eta urtarrilaren 3ra bitarte, beste 14 ikuskizun biltzen ditu.

  • Abuztuaren 1ean jarriko dira salgai ekitaldi bakoitzerako sarrerak; zortzi ikuskizun biltzen dituen kultur bonua ere erosi ahal izango da, 45 eurotan. Abuztuaren 5ean, astelehena, Leidorreko leihatila ere zabalik izango da 17:00etatik 20:00etara.

Tolosako Udalak prest du udazkeneko kultur eskaintza. Ohiko moduan, musikaz, antzerkiaz dantzaz eta umoreaz gozatzeko aukera izango da Leidor eta Topic aretoetan. Orotara 15 ikuskizun izango dira, urriaren 4tik hasita, urtarrilaren 3ra arte. Hala ere, proposamen berriak egon daitezke, eta hala baleude, aurrerago jakinaraziko dira.

Izaro abeslari ezagunak emango dio hasiera programari, ‘Cerodeenero’ lana aurkeztuko du Leidor Antzokian, urriaren 4an, 20:00etan. Beste euskal bakarlari batek emango dio amaiera denboraldiari: urtarrilaren 3an Idoia Asurmendik ‘De amar y desandar’ kontzertua eskainiko du, ordu eta agertoki berean.

Sarrerak eta kultur bonua

Emanaldi bakoitzerako sarrerak abuztuaren 1etik aurrera egongo dira salgai Kutxabank Sarrerak webgunean. Horrez gain, kultur bonua erosteko aukera ere izango da, 45 euroko prezio berezian. Zortzi ikuskizunetarako sarrera biltzen du bonuak: Izaro, Node, Vaivén, El Lagarto Baila, Kukai, Korrontzi, Euskadiko Gazte Orkestra (EGO) eta Idoia Asurmendi. 

Egitaraua

  • Urriak 4, 20:00 - Leidor Aretoa. Musika.
    Izaro: Cerodenero.

Aspaldiko partez Tolosara itzuliko da Izaro, abenduan argitaratu zuen bere seigarren lana aurkezteko: Cerodenero. Pop, folk eta elektronika ukituak ditu.

  • Urriak 11, 20:00 - Leidor Aretoa. Umorea.
    Oscar Terol: ¡Ay Dios!

Abuztuan estreinatuko duen emanaldi berria da ¡Ay Dios! Umoregileak bere gogoetarik sakonak jorratuko ditu komediaren bitartez, hala nola, fedea, egungo munduaren arazoak eta izaki goren baten existentzia.

  • Urriak 18, 20:00 - Leidor Aretoa. Dantza.
    Node: Dantza eta Ondarea

Dantza, performance eta ikus-entzunezko konpainia da Node; besteak beste, Borja Bordonabe tolosarrak parte hartzen du. Konpainiaren hiru piezaz osatuta dago ikuskizuna. Hiru ahotsen eszenaratzea da, ahots bakar batean elkartuta. Gure historiaz, gure herriaz eta askatasunaz hitz egiten duten hiru istorio bat eginda.

  • Urriak 25, 20:00 - Leidor Aretoa. Antzerkia.
    Vaiven: Masustondoen Patioa

Sandra Ferrusek idatzi eta zuzendutako lana da. Sara Cozar, Martxelo Rubio, Aizpea Goenaga, Dorleta Urretabizkaia eta Olatz Beobide dira interpreteak. Urte asko etxetik kanpo pasa ondoren, gaixorik dagoen ama zaintzeko etxera itzuli den emakume baten istorioa kontatzen du. Txikitako bere oroitzapenak eta egungo egoera uztartzen ditu antzezlanak.

  • Azaroak 8, 21:00 - Leidor Aretoa. Musika
    Revólver: Playlist

Carlos Goñi eta bere banda ekoizpen berri batekin etorriko dira Tolosara. Playlist izeneko lana argitaratu dute, Goñiren inspirazio iturri diren eta bere bizitzako soinu-bandaren parte diren beste artista batzuen abestien bertsioekin osatua.

  • Azaroak 9, 17:00 - Leidor Aretoa. Haurrentzako dantza ikuskizuna.
    El Lagarto Baila: Hizkidantza

Dantza bidezko hezkuntza jorratzen duen diziplina anitzeko proiektua da, Leire Amonarriz dantzari, pedagogo eta ikertzaile tolosarrak sortua. Hizkidantza ikuskizuna hitzen, soinuen eta totelken arteko dantza bat da, haurren iruditeriaren unibertsora eta haurtzaroan hizkuntza eskuratzeko prozesuetara eramaten gaituena.

  • Azaroak 22, 20:00 - Leidor Aretoa. Dantza.
    Kukai: Txalaparta

Jon Mayak zuzendutako ikuskizuna da, eta Alain Maya, Arantza Iglesias, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Nerea Vesga, Izaro Urrestarazu eta Urko Mitxelena aritzen dira interpretazioan. Txalapartaren doinuetan du oinarria ikuskizun berriak.

  • Abenduak 5, 20:00 - Topic. Bakarrizketa.
    ‘Txiki’ Martinez: Euskaldunen jatorria, historia eta irria

Euskaldunen benetako jatorria, kultura eta historia umorezko bakarrizketa antzeztu honen bidez kontatua. Umorea, kantuak, musika, 3D efektuak, karaokea eta hainbat euskal pertsonaiaren imitazioak uztartzen ditu. Umoregilearen azken ikuskizuna izango da Tolosakoa.

  • Abenduak 13, 20:00 - Leidor Aretoa. Musika.
    Korrontzi: 20 urt
    e

Agus Barandiaran buru duen taldeak aurten 20 urte betetzen dituen arren, Tolosan izango den lehen aldia izango da. Ez da bakarrik arituko, gainera. Folk musika jorratzen du Korrontzik, eta bi hamarkadatako ibilbidea laburbiltzen duen bere 12. lana eskainiko du.

  • Abenduak 14 - Ordutegia zehazteke. Leidor Aretoa. Haur musikala.
    Ene Kantak: Bisonte Mastondontearen bila

Musika eta dantza uztartu ohi dituen haurrentzako euskarazko antzerkia da. Nerea Urbizuk idatzi eta izen berbera duen liburuan oinarrituta dago. Aralar mendilerroa Historiaurrean islatzen duen eszenografia ikusgarri bat eta ikus-entzunezko euskarriak nahastuko ditu.

  • Abenduak 20, 20:00 - Leidor Aretoa. Musika.
    Eguberri Umama. 

Eguberrietako kantuekin osatutako kontzertua eskainiko du Juantxo Zeberio tolosarrak zuzendutako Umama proiektuak. Hain zuzen, udazkenean aurkeztuko da disko berria. Oñatiko Ganbera Abesbatza eta Lask Abesbatza izango dira oholtzan.

  • Abenduak 27, 20:00 - Topic. Antzerkia.
    Kalte Kolektiboa: Fikziohesioa

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Katapulta Tour Gipuzkoa 2024 programarako hautatutako arte-eszenikoen taldearen ekitaldia da. Sei gaztek osatzen duten antzerki konpainia da: Omar Somai Lasa, Gaizka Sarasua Sorondo, Iholdi Beristain Martínez, Ander Lacalle Pérez, Eider Villalba Arrieta eta Oihan Carramiñana Zaldua. Taldearen garrantzia eta horizontaltasuna erdigunera ekartzen ditu antzezlanak.

  • Abenduak 27, 20:00 - Leidor Aretoa. Musika.
    Doctor Deseo: Suavemente me mata con su canción

Talde bizkaitarraren kanturik mantso, kabaretero, goxo, maitagarri eta onirikoenak jasotzen dituen hemezortzibarren disko berria aurkeztuko dute kontzertu honetan. Aiora Renteria eta Itziar Sanchez trapezistaren laguntza izango dute. Bira amaiera Bilbon egingo dute urtarrilaren hasieran, eta amaiera horren aurreko azken kontzertua izango da Tolosakoa.

  • Abenduak 30, 19:00 - Leidor Aretoa. Musika.
    Euskadiko Gazte Orkestra.

Gabonetan egin ohi duen topaketaren testuinguruan, hirugarren urtez geldialdia egingo du EGOk Tolosan. Euskal hiriburuez aparte eskainiko duen ikuskizun bakarra da. Udako egonaldian bi tolosar izan dira taldean (Aitor Zabala Urrestarazu perkusioan eta Markel Zeberio Artola biolontxeloan, eta beste bat ordezko gisa (Maitane Bengoa Iguaran).

  • Urtarrilak 3, 20:00 - Leidor Aretoa. Musika.
    Idoia Asurmendi: De amar y desanda
    r

Musikari eta konpositore arabarrak 2024. urtean argitaratu duen bere bigarren diskoan oinarrituko du kontzertua. Pop intimoa jorratzen du zortzi kantuko lan berrian.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA