Kaleko musika suspertzeko eta Tolosako taldeak balioan jartzeko helburuarekin bueltatuko da Musikherria urriaren 16an

Tolosako Udala
2021/10/08 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Tolosako musika taldeak eta artistak balioan jartzea eta herriko musika suspertzea du helburu egitasmoak.

  • Tolosako hainbat guneetan egingo dira musika emanaldiak, eta egun osoko egitaraua antolatu da.

  • Izarne Iglesias, Udaleko kultur zinegotzia: “urte berezi bezain konplexua izan da aurtengoa, baina kulturalki bizia ere bai, ahalegin berezia egin dugulako Tolosan kultur jarduera berreskuratu eta herritarrei, modu seguruan, kulturaz gozatzeko aukera eskaintzeko, herriko eta bertako kultur taldeen eta artisten lana babesten jarraitzeko helburuarekin. Eta horretan jarraituko dugu. Bueltan da Musikherria egitasmoa.”

 

Bi urteren ondoren, bueltan da Musikherria egitasmoa, Tolosako musika eta artistak balioan jarri eta haien lana erakusteko. Urriaren 16an ospatuko da Tolosako leku desberdinetan, eta egun osoko egitaraua antolatu dute.

Izarne Iglesiasek, Tolosako Udaleko kultur zinegotziak, adierazi duenez, “urte berezi bezain konplexua izan da aurtengoa, baina kulturalki bizia ere bai, ahalegin berezia egin dugulako Tolosan kultur jarduera berreskuratu eta herritarrei, modu seguruan, kulturaz gozatzeko aukera eskaintzeko, herriko eta bertako kultur taldeen eta artisten lana babesten jarraitzeko helburuarekin. ToloFolk jaialdia izan genuen Pazko astean, eta udan TolosandBlues eta Kultura Plazara Jaialdia. Orain, Musikherriaren txanda da. Iruditeri berria du egitasmoak eta egun osoko egitarau indartsua, kaleko musika suspertzea helburu izanik.”

Honakoa da urriaren 16rako antolatu den egitaraua:

Emanaldia

Lekua

Ordua

Tolosako Dultzaineroak, Giro Arte dultzainero taldea eta Jainekin txaranga

Larramendi, Amarotz, Berazubi eta San Esteban auzoetan

10:00

Eduardo Mokoroa musika eskolako ikasleak, Hauspotuz elkarteko trikitilariak, Udaberri fanfarrea, Konponezinak txaranga, Isidro Larrañaga musika eskolako ikasleak

Kalez kale

11:00

Tolosa Kantari

Alde zaharreko kaleetan

12:00

Hodeiertz abesbatza, Isidro Larrañaga akordeoi orkestra, Musika taldeak

Lopez Mendizabal plazan

12:30

Musika taldeak

Euskal Herria plazan

18:00

Bonberenea txaranga

Alde zaharreko kaleetan

19:00

Bisuteria orkestra

Plaza Berrian

22:30