Kultur ekitaldiak nagusi udaberrian Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/04/27 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Haur, gazte zein helduentzako ekitaldi aukera zabala izango da datozen aste eta hilabeteetan: Jon Plazaolaren bakarrizketa, Los Días Ajenos de Bob Pop antzerkia, Kultur Etxeko dantza zein antzerki tailerreko emanaldiak, Gipuzkoan Gazte Tourreko emanaldia, haurrentzako tailer zein txotxongilo emanaldia Topic-en…
  • Leidorren eskainiko diren ekitaldi guztietarako sarrerak salgai daude udal webgunean edota www.tickets.kutxabank.es webgunean edota leihatilan bertan.

 

Kulturak ez du etenik Tolosan eta udaberrian ere, herritar ororen, haur, gazte zein helduen, gozamenerako ekintza eta ekitaldi ugari daude antolatuta: antzerkia, musika, bakarrizketak, tailerrak eta txotxongilo emanaldiak…

Maiatzetik ekainera, beraz, ekitaldi aukera zabala izango dute tolosarrek kultur arloan. Baina aurretik, apirila agurtzeko, bihar, ekainak 28, genEROrantz dantza emanaldia eskainiko da Leidorren, Kimua Dantza Kolektiboaren eskutik. Ikuskizun honek identitatea, generoa, amatasuna, botere harremanak, emakumeen aurkako erasoak eta bestelako gaiak aztertuko ditu, dantza eta argi joko ikusgarriak nahastuz.

Era berean, larunbatean, apirilak 29, familiei eta bereziki haurrei zuzenduriko ekitaldi eta tailerra egingo da Topicen, Titereszenaren programaren baitan. Ekitaldi mota honek arrakasta handia izan zuen iaz, horregatik, urritik maiatzera bitartean, formula berdina errepikatzen du Topicen hilean behin. Horri jarraiki, larunbat honetan. ‘La mona Simona` deituriko txotxongilo ekitaldia eskainiko da 18:30ean eta aurrez, 17:00etan, familientzako tailerra egingo da. Kasu honetan, sarrerak eskuragarri daude www.topictolosa.eus webgunean edo Topiceko leihatilan bertan.

Maiatzera salto eginez gero, Jon Plazaolaren bakarrizketak irekiko du hilabete horretarako prestatutako kultur programa. ‘Tutum platz’ izeneko bakarrizketa eskainiko du Plazaolak Leidor aretoan, maiatzaren 5ean, arratsaldeko 20:00etan. Aste bat beranduago, musika izango da protagonista Leidorren, Musikene Big Band-en kontzertuarekin, hau ere, arratsaldeko 20:00etan.

Hilaren 13an, berriro, Topiceko hileroko ekitaldi eta tailerra egingo da, familiei zuzenduta. Oraingoan, ‘La fabula de la ardilla’ deituriko emanaldia eskainiko da, 18:30ean eta tailerra aurrez egingo da, 17:00etatik aurrera.

Maiatzaren 19an, halaber, antzerkiaren txanda izango da. ‘Los dias ajenos de Bob Pop’ emanaldia jasoko du Leidorrek. Bob Pop aski ezaguna da, bereziki, telebista munduan izan duen ibilbideagatik. Andreu Buenafuenteren kolaboratzaile gisa egin du lan eta, idazle gisa ere hainbat argitalpen egin ditu bere izenean. Antzezlan hau, esaterako, Bob Pop berak idatzia da eta berak idatzitako ‘Dias Ajenos’ liburuan oinarritzen da. Umorea oinarri, hausnarketa desberdinak egingo ditu Bob Popek bakarrizketa honetan, bere pertsonaia karakterizatzen duen ikuspegi berezi horretatik.  Emanaldi hau, aurrekoak bezala, arratsaldeko 20:00etan izango da.

Maiatzaren 20an, halaber, Gipuzkoan Gazte Touren baitan jasotako ekitaldia izango da Tolosan. Gipuzkoan Gazte Tour musika eta arte eszenikoak batzen dituen programa da, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste hainbat eragile eta udalekin elkarlanean garatzen duena, Tolosako Udala barne. Hori horrela, hilaren 20an, Merina Gris eta DJ Alai eta DJ Aitana Grandes izango dira Tolosan, programa honen baitan, kontzertua eskaintzen. Ekitaldia Plaza Berrian eskainiko da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera eta doakoa izango da.

Eta antzerkiarekin jarraituz, maiatzaren 26an ‘Post datarik gabeko gutunak’ antzezlana helduko da Leidorrera. Xake produkzioak-en eskutik, obrak honek Mikelen historia kontatzen du. Mikelek 5 urte daramatza preso eta ordubete geratzen zaio bizitza berri bat hasteko. Antzezlanak, hain zuzen, azken ordu hori izango du oinarri. Mikelek igorlerik gabeko gutun misteriotsu batzuk jaso ditu azken hilabeteetan eta antzezlan honetan, piano jotzaile baten laguntzarekin, bere bizitzaren errepasoa egingo du, jasotako gutunak gogoratuz, igorle misteriotsua nor den jakin arte.

Ekainera helduta, hilaren 2an, Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxagaren ‘Lehendakari gaia’ antzerki emanaldia eskainiko da Leidorren, 20:00etan. Lehendakari hautatu berria inbestidura-ekitaldirako hitzaldia prestatzen ari da; azken orduan, ordea, arazo larri bat sortuko zaio: urduritasunak aurpegian gestu (tik) arraro, barregarri eta aguanta ezina eragin diote hautetsiari. Kendu ezina. Arazoa bideratzeko psikiatra bat ageriko da eta ondorioz, bien artean berriketaldi dibertigarri eta nahasgarri bat sortuko da.

Bestalde, ekainaren 10ean dantza tailerreko emanaldiak eskainiko dira bi txandatan, 12:00etan lehena eta arratsaldeko 18:00etan bigarrena. 16an, halaber, Kultur Etxeko antzerki tailerreko emanaldia izango da 20:00etan, guztiak, Leidorren.

Erakusketak Aranburu Jauregian

Aipatu ekitaldiez haratago, Aranburu Jauregian ere erakusketa desberdinak bisitatu eta ezagutzeko aukera izango dute tolosarrek datozen asteotan.

Une honetan, bi dira Jauregian dauden erakusketak: Mendian Gora eta Aniztasunak.

‘Mendian Gora’ deituriko erakusketa EMMOA Fundazioak, hau da, Euskal Mendizaletasunaren Museoak-  prestatutakoa da eta euskal mendizaletasunaren historiako mugarri garrantzitsuenak jasotzen ditu, 22 paneletan banatuta. Horien bitartez, erakusketak mendizaletasunaren historia jasotzen du, XX. mende hasierako sorreratik gaur egunera arte, guztia kronologikoki antolatuta, euskarazko zein gaztelaniazko azalpenekin eta argazkiz lagunduta. Erakusketa hau ikusgai egongo da maiatzaren 20a arte.

‘Aniztasunak’ erakusketa halaber, Ereite elkarte multi-kulturalak, Eskuahaldunak eskultoreen elkarteak eta Billabonarte artista elkarteak elkarlanean landutakoa da eta helburu du, hain zuzen, aniztasunaren errealitatea artearen bidez erakustea. Hori horrela, elkarte horien guztien esperientziak batuta, gure gizartean bizi diren askoren bizipenak jarri dira mahai gainean. Ereite elkarteak duela urte batzuk bi katalogo argitaratu zituen kultura desberdinetako artisten lanak eta euren jaioterriko ipuinak elkartuz, eta, honekin batera Eskuahaldunak eta Billabonartek azken urtean egindako erakusketa ugariren esperientzia gehitu die erakusketari. Erakusketa hau ikusgai egongo da apirilaren 28tik ekainaren 3ra arte.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA