Kultur etxeko tailerretako ikasleen dantza eta antzerki ikuskizunak eta lanen erakusketa, datozen asteotan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/06/03 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • ‘MARAT-SADE’ antzezlana eta ‘Dantzaria izan nahi dut’ ikuskizuna eskainiko dute Kultur Etxeko antzerki eta ballet tailerretako ikasleek, hurrenez hurren.
  • Ekainaren 13tik uztailaren 6ra pintura, zeramika, eskulan eta ehoziri ikastaroetako ikasleek egindako lanak ikusgai izango dira Aranburu Jauregian.

 

Ekaina iristearekin batera, Kultur Etxeko kultur tailerretako ikasleen ikasturte amaierako ikuskizunak ere helduko dira. Datozen asteotan, antzerki eta dantzako ikasleek hilabete luzez prestatu dituzten emanaldiak eskainiko dituzte. Bi emanaldi hauetarako sarrerak salgai daude jada Kutxabank-eko webgunean eta Leidorreko leihatilan. Horrez gain, kultur lantegietako ikasleen lanak jasotzen dituen erakusketa izango da Aranburu Jauregian.

Dantza: 158 dantzari larunbat honetan

Dantza tailerreko ikuskizuna izango da guztietan lehena. Larunbatean, ekainak 8, Leidor ballet dantzariz beteko da ‘Dantzaria izan nahi dut’ izeneko emanaldiarekin. Koreografiaz koreografia, dantza egitea amesten duen neskato edo mutil baten istorioa kontatuko dute. 

Borja Bordonabe, Itziar Urruzola, Amaia Elizaran eta Iratze Recio De Lerak osatutako irakasle taldeak bi emanaldi prestatu ditu, biak ala biak Katixa Perearen zuzendaritzapean. Lehenengo emanaldia eguerdian izango da (12:00) eta 4 eta 8 urte bitarteko 74 dantzarik parte hartuko dute eta 12 koreografia eskainiko ditzute; arratsaldean (18:00), 8 urtetik gorako 84 ikasle arituko dira oholtzan, 20 koreografiaz osatutako emanaldia aurkezteko.

Antzerkia: Elena Aranbarri irakaslearen agurra

Ekainaren 14an, "MARAT-SADE" antzezlana eskainiko dute antzerki tailerreko ikasleek. Emanaldia 20:00etan izango da, Leidorren. Jean Paul Maraten jazarpena eta hilketa kontatzen duen obra honetan, bizioa edo bertutea, kolektiboa edo indibiduala, eta aberatsen eta pobreen arteko borroka bezalako dilemak jorratuko dira.  

Adin guztietako 28 ikaslek parte hartuko dute, 5 musikariren laguntzarekin. Gainera, Elena Aranbarri, antzerki taldea zuzendu duen irakaslearen agurreko emanaldia izango da, hiru hamarkadatik gorako ibilbidea egin eta gero.

200 lan, Aranburu Jauregiko erakusketa artistikoan

Azkenik, ekainaren 13tik uztailaren 6ra, Aranburu Jauregiak Kultur Etxeko tailerretan egindako lanen erakusketa hartuko du. Pintura, zeramika, ehoziri, argazki eta eskulanen tailerretan egindako 200 lan inguru bilduko ditu erakusketak, eta asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era, bisitatu ahal izango da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA