Kultura sustatzen jarraitzeko 11 ekitaldi antolatu dira udazkeneko kultur programazioaren barruan

Tolosako Udala
2020/09/16 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Musika, dantza eta antzerkia uztartzen dira egitarauan, tartean tokiko taldeen parte hartzearekin.

  • Emanaldi guztiak Leidor aretoan izango dira, edukiera kontrolatu batekin eta egoerak eskatzen dituen babes neurri guztiekin, ikusleen zein artisten osasuna babesteko.

  • Izarne Iglesias, Kultura zinegotzia: “Udako ekintzetan tolosarrek kulturarekiko zaletasuna azaldu dute, eta kultura babesteko eta sustatzeko borondatea. Tolosarrek kultura kontsumitzen jarraitu dezaten antolatu dugu udazkeneko egitaraua ere, sortzaile, artista, tekniko, zuzendari zein ikusleok garelako kulturaren parte”.

 

Tolosan kultura sustatzen jarraitzen du udalak, eta horren erakusgarri da gaur aurkeztu den udazkeneko kultur programazioa. Udako egitarauak izan duen harrera ona kontuan hartuta, udazkenera begira ere herriko artisten zein artista gonbidatuen lana balioan jarri nahi izan du udalak. Hala, 11 ekitaldiz osatutako programazioa osatu da.

Izarne Iglesias Kultura zinegotziak gogoratu du udako programazioa tokiko artista eta taldeen parte hartzearekin osatu zela, “itxialdiak eta egungo egoerak kultur sektorearengan izan duen eragina dela-eta, kultura sustatu eta Tolosako taldeen lana babesteko helburuarekin”. Horretarako, “udalak ahalegin berezia egin du, beste urteetan baino egitarau zabalagoa antolatu baita aurtengo udarako”.

 

Harrera bikaina

Hala, tolosarrek kulturaz gozatzeko aukera izan dute uda guztian zehar, segurtasun berme guztiekin. Iglesiasen esanetan, “antolatutako ekitaldi guztiek oso harrera ona izan dute, neurriak zorrotz errespetatu dira eta herritarrek jarrera eredugarria izan dute. Hala, beste behin, Tolosak eta tolosarrek kulturarekiko zaletasuna azaldu dute, eta kultura babesteko eta sustatzeko borondatea ere bai”.

Guztira, 1.200 pertsona inguru gerturatu dira udako kultur programazioaren barruan antolatu diren ekintzetara. Aurreikusitako ia ekitaldi guztiak gauzatu ahal izan dira, momentuko egoerak hala baldintzatutako bi izan ezik: Dantzpoint eta Jai el Marinero txotxongilo ikuskizuna.

“Bi ekintza horiek aurrerago egitea da gure asmoa”, zehaztu du Iglesiasek: “Martxorako aurreikusita genituen hainbat ekitaldi atzeratu egin behar izan genituen larrialdi egoeragatik, eta horiek orain, udazkenean, eskainiko dira”.

Zaldi Urdina antzezlanerako eta Euskadivarius kontzerturako sarrerak zituztenei sarrera berriak emango zaizkie edo dirua itzuliko zaie. Sarrerak Internet bidez erosi zituztenei dagoeneko itzuli zaie dirua, eta gainerakoek leihatilatik pasa beharko dute sarrerak aldatzeko edo dirua jasotzeko.

 

Tolosa, herri bizia

Udako balorazio positiboaren ondoren, udazkenean ere Tolosa herri bizia izan dadin eta herritarrei kultur eskaintza anitza eskaintzen jarraitzeko asmoz, 11 ekitaldi antolatu dira irailaren amaieratik abendura bitartean.

Iglesiasek zehaztu duenez, “tokiko taldeak izango ditugu ikusgai, Tenpora taldearen kontzertua, adibidez”. Xake edo Txalo Produkzioak etxeen “Fadoak entzuten zituen gizona” edo “Losers” antzerki obrez ere gozatu ahal izango dugu, baita Kukai dantza taldearen emanaldiaz ere”.

Izan ere, musika, dantza eta antzerkia uztartzen dituen egitaraua osatu da, haur, gazte zein helduentzat. Emanaldi guztiak Leidor aretoan izango dira, edukiera kontrolatu eta egoerak eskatzen dituen babes neurriak bermatu ahal izateko, artista zein ikusleen segurtasunerako.

Oraingoan ez da Kulturzale txartelik eskuratzeko aukerarik egongo, baina epe laburrean, zinearekin egin den moduan, eskaintza berri bat jarriko da martxan, epe jakin baterako kultur ikuskizun kopuru mugatu bat ikusteko deskontu handiekin. Bitartean, ekitaldietarako sarrerak Internetez eskuratu ahalko dira, Kutxa Sarrerak atarian.

Iglesiasen hitzetan, “tolosarrek kultura kontsumitzen jarraitu dezaten antolatu dugu udazkeneko egitaraua ere, sortzaile, artista, tekniko, zuzendari zein ikusleok garelako kulturaren parte”.

 

Udazkeneko kultur egitaraua:

 

Eguna

Ikuskizuna

Ordua

Lekua

Irailak 18

Fadoak entzuten zituen gizona

20:30

Leidor

Irailak 25

Losers

20:30

Leidor

Urriak 9

Tenpora

20:30

Leidor

Urriak 16

Viaje al fin de la noche

20:30

Leidor

Urriak 23

Kukai: Gauekoak

20:30

Leidor

Urriak 24

Pirritx eta Porrotx: Bizi Poza

Zehazteko

Leidor

Azaroak 6

Euskadivarius: Beethovenen lehenengo sinfonia

20:30

Leidor

Azaroak 13

Adriana Bilbao: Eclat

20:30

Leidor

Azaroak 20

Utzi zure mezua seinalea entzun ondoren

20:30

Leidor

Azaroak 27

Tortell Poltrona

Zehazteko

Leidor

Abenduak 11

Zaldi Urdina

20:30

Leidor